Joxi eta Xuban Lopetegi aita-seme irurarrek bizi osoan gordeko duten unea bizi izan zuten herenegun, Argentinan, XX. Munduko Euskal Pilota Txapelketan. Joxi aita Espainiarekin ari da parte hartzen; Xuban semea, berriz, euskal selekzioarekin. Igandean, elkarren aurka jokatu zuten bi selekzioek multzoen faseko hirugarren jardunaldian. Xubanek Markel Mujika irurarrarekin osatu zuen bikotea; Espainian, berriz, Hualde-Moncada bikoteak jokatu zuen ia partida osoan; azken zatian Joxi sartu zen kantxan, Hualderen ordez, semearen aurka jokatzeko.
Lehen seta oso borrokatua izan zen. 1-3 aurreratu zen Espainia, baina irurarrek markagailua irauli zuten, eta 10-4 jarri ziren aurretik. Hualdek eta Moncadak, ordea, ez zuten amore eman, eta hamaikana berdintzea lortu zuten. 12na eta 13na ere joan ziren, baina azkenean 13-15 irabazi zuen Espainiak.
Bigarren setaren lehen zatia ere oso parekatua izan zen. 3-0 aurreratu ziren irurarrak, baina launa eta bosna berdindu eta gero, zortzi tantoz aurretik jarri zen Espainia: 5-13. Orduan gertatu zen historiara pasatuko den momentua. Hualdek kantxa utzi zuen, eta Joxi Lopetegi sartu zen haren lekuan, ikusleen txalo artean. Aurkariak agurtu –tartean, semea– ondoren, hark egin zuen sakea. Tanto hori berak galdu zuen, baina hurrengoan abilezia handiarekin lortu zuen Espainiaren 14.a. Azkenean, aitak lortu zuen garaipena, bigarren seta 6-15 irabazita. Partida amaitu ondoren, betirako gordeko duten argazkia egin zuten pilotariek.
Oraingoz, xareko euskal selekzioak ez du garaipenik lortu. Lehen jardunaldian, Lopetegik eta Oier Iturbek jokatu zuten, eta 2-0 galdu zuten Argentinaren aurka. Espainiak, berriz, hirutik hiru irabazi ditu, eta Argentinaren aurka jokatzea falta zaio. Frantzia eta Uruguai dira beste bi selekzioak.
Eskualdeko pilotariak, bikain
Eskualdeko beste hiru pilotari ari dira euskal selekzioarekin parte hartzen, horietako bi frontball-ean. Gizonezkoetan, Julen Alberdi zizurkildarrak garaipena lortu zuen lehen jardunaldian Frantziaren aurka, erakustaldia emanda: 2-0 (10-0 eta 10-1). Bigarren partidan ez zuen jokatu, eta euskal selekzioak 0-2 (6-10 eta 5-10) galdu zuen Mexikoren aurka. Emakumezkoetan, Miren Larrarte bidaniarrak 2-0 irabazi zuen lehen jardunaldian Kubaren aurka. Bigarrenean Larrartek ez zuen jokatu, eta euskal selekzioak 2-0 (10-0 eta 10-1) irabazi zion Txileri.
Edorta de Anta tolosarra pilota egokituan ari da parte hartzen, 36 metroko frontoian eta trinketan. Lehen bi partidatan Argentina izan zuen aurkari euskal selekzioak, eta 2-0 irabazi zuen bietan. Trinketan, 15-8 eta 15-3 nagusitu ziren De Anta eta Elkoro; frontoian, berriz, 15-2 eta 15-1 nagusitu ziren Rodriguez eta De Anta. Hirugarren partidan, 0-2 galdu zuen euskal selekzioak Frantziaren aurka trinketan. De Antak ez zuen jokatu.
Iraitz Olaetxea da euskal selekzioarekin munduko txapelketan parte hartzen ari den eskualdeko azken ordezkaria; esku pilotako jokalarien hautatzailea da. Bada, modalitate horretan, orain arte jokatutako partida guztiak irabazi ditu euskal selekzioak. Banaka 2-0 irabazi dio Frantziari (10-3 eta 10-1) eta Mexikori (10-4 eta 10-3), eta binaka, markagailu berarekin irabazi dio Mexikori (10-3 eta 10-4) eta Frantziari (10-0 eta 10-2). Bi modalitateetan finalera sailkatu da euskal selekzioa.
Gaurtik etzira bitarte jokatuko dituzte eskualdeko pilotariek lehen faseko partidak:
- Urriak 19, astelehena.
- 20:00*. Frontball-a, gizonezkoak: euskal selekzioa vs. Bolivia. Julen Alberdi.
- 23:00*. Xarez trinketan, gizonezkoak: Frantzia vs. euskal selekzioa. Oier Iturbe, Markel Mujika, Xuban Lopetegi eta Mikel Uzkudun.
- 00:00*. Pilota egokitua frontoian, gizonezkoak: euskal selekzioa vs. Portugal. Edorta de Anta.
- Urriak 20, asteartea.
- 17:00*. Pilota egokitua trinketan, gizonezkoak: euskal selekzioa vs. Brasil. Edorta de Anta.
- 19:00*. Eskuz banaka frontoian, gizonezkoak: euskal selekzioa vs. Espainia. Iraitz Olaetxea.
- 19:00*. Frontball-a, emakumezkoak: Espainia vs. Euskal selekzioa. Miren Larrarte.
- 21:00*. Eskuz binaka frontoian, gizonezkoak: Espainia vs. euskal selekzioa. Iraitz Olaetxea.
- 00:00*. Xarez trinketean, gizonezkoak: euskal selekzioa vs. Uruguay. Oier Iturbe, Markel Mujika, Xuban Lopetegi eta Mikel Uzkudun.
- Urriak 21, asteazkena.
- 01:00*. Pilota egokitua frontoian, gizonezkoak: Frantzia vs. euskal selekzioa. Edorta de Anta.
*Euskal Herriko ordutegia
Eskualdeko pilotazaleek, XX. Munduko Euskal Pilota Txapelketako partida guztiak ikusteko aukera izango dute, Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioaren Youtubeko kanalean eta Argentinako Pilota Konfederazioaren Youtubeko kanalean.