Enirio-Aralar Mankomunitateak ur instalazioen egoera hobetzeko egin beharreko lanak zerrendatu ditu

Aralar mendilerroko lurrak eta larreak kudeatzen dituen Enirio-Aralar Mankomunitateak 2026ko lehorteari buruzko irakurketa egin du.

Enirio-Aralar Mankomunitateak esan du 2026ko lehorteak marka guztiak hautsi dituela, 2022ko lehorteak gogor jo zuela gogoratu du, baina aurtengoa historikotzat jo du.

Pasa den ekainaren 4an bildu ziren ganaduzaleen ordezkariekin egoera aurreikusteko, eta hainbat neurri hartzea adostu zuten: alde batetik, lehorte eta ur eskasiaren aurrean jarduteko Kontingentzia Plana egin zuten, eta uztaileko Zuzendaritza Batzarrean onartu zen, 18.000 euroko partida berri bat sortuz, ura mendira igo behar izanez gero erabiltzeko; eta bestetik, Gipuzkoako Ur kontsortzioarekin koordinatu eta adostu zuten mendira igotzeko zein ur-hartune erabili edota garraioa nola egingo zen. «Esan dezakegu, gure txikitasunean, aurreikuspenak egiteko eta modu koordinatu eta planifikatuan lan egiteko gaitasuna erakutsi genuela».

Lehortea gogorra izanagatik, Mankomunitatetik Kontingentzia Plana onartua izateak egoerari erantzuteko prest egotea ahalbidetu zuela gaineratu dute, «ura modu ordenatuan eta gatazkarik gabe igotzeko». Mankomunitateak jarritako 18.000 euroak amaitzean egoera muturreraino iritsi zela ere esan dute, eta mendian urik eta janaririk gabe gelditzeko arriskua ikusirik, erabiltzaile askok abereak menditik jaisteko erabakia hartu zutela esan du. «Azkenean, Foru Aldundiak proposatu zuen 2026. urterako adostuta zeuden lanetara bideratutako dirua erabiltzea ura mendira igotzeko, alegia, 2026rako Goilarre programan aurreikusitako hainbat lanen kontura, eta horiek egin gabe utzita».

Urgentziazko neurriak

Aipatu neurriak urgentziaz hartu zirela esan dute, eta unean uneko irtenbideak besterik ez direla jakitun izanik, Mankomunitateak mendian dauden iturburuen, deposituen eta asken egoeraren diagnostikoa egin, eta horiek hobetzeko egin beharreko lanak identifikatu dituzte. «Horrela, datozen urteetan ur-instalazioen egoera hobetzeko egin beharreko lanak dagoeneko zerrendatuta daude. Zentzu horretan, Aldundiari eskatzen diogu, Mankomunitateak egin duen bezala, 2027rako ura igotzeko gastuei aurre egiteko berariazko partida bat sor dezan, eta 2026an gauzatu gabe geratu diren lanak konpentsatzeko neurriak hartzea».

Azkenik, mendi publiko bati buruz ari direla gogorarazi dute, eta beraz, baliabide horien erabilpena naturarekiko orekan egin beharra dagoela azpimarratu dute, eta aurtengo udakoa bezalako egoerak gero eta maizago gertatuko direla dirudienez, epe luzeko ikuspegiaz jokatzen hasi beharra dagoela nabarmendu dute, «urtearen arabera mendiak emango duen ur eta janari-kantitatea ezberdina izango dela badakigu». «Denontzat adina ur eta janari egon den urteak izan dira 2023, 2024 eta 2025a, baina, denontzat adina ur edo janari ez dagoenean, zein irizpideren arabera ezarri behar dira erabilera lehentasunak? Argi dago, ur azpiegiturak hobetzeko lanak egiteaz gain, baliabide hauen erabilpena ondo arautu eta ordenatu beharra dagoela».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!