ELKARRIZKETA

«Ezohiko egoera batean, ezohiko erantzunak eman behar dira»

Asier Imaz

Naroa Irure Gipuzkoako EHNE sindikatuko koordinatzailea eta Jabier Garmendia baserritarra. A.I.

Abaltzisketako Olano Martinea baserriaren atarian iturri bat dago. Duela 100 urte, mendiko ura bideratu zuten bertara, baita baserrira ere. Gaur da eguna, lehen aldiz, mendiko urik gabe daudena; eta uraren kalitatea ere ez da berdina. Lehortea da, hizki larriz, lehen sektorean agertu den krisi berria.

Hondartzarako, aurtengo uda bikaina izan da Euskal Herrian. Eguzkia hartzeko paregabea. Uretan zegoenarentzat, ordea, beste kontu bat izan da. Mendietan eta landa-eremuetan ere antzera: maiatzaren batean, mendira ganadua bidaltzeko giro ederra; mendian zegoenarentzat, ordea, beste kontu bat izan da.

Jabier Garmendia (Abaltzisketa, Olano Martinea baserria, 1956) eta Naroa Irure (Zestoa, 1983) lehorte gogorraren lekuko zuzenak izan dira. Bata baserritarra da; bestea, Gipuzkoako EHNE sindikatuko koordinatzailea.

Uda berezia izan da, nola eragin dio lehen sektoreari?

Jabier Garmendia: 2026a nahiko gogorra izaten ari da. Nik behin ere ez dut horrelakorik ezagutu. Nekazaritzan eta abeltzaintzan eragin izugarria izaten ari da. Maiatzaren amaieran belardietako lehenengo kortea egin genuen, eta geroztik ez du gehiago eman. Horrek gerora ere izango du eragina. Kostuak handitzen ari dira, eta gertatu den guztiak eragin izugarria izango du baserritarrongan. Bai orain, eta baita gerora ere, udaberriari begira.

Zergatik?

Garmendia: Orain artoa bildu da eta hazia erein behar da, eta horrela jarraituz gero, ez da ernatuko. Horrek udaberrirako atera beharreko belarra ez ateratzea ekarriko du, eta, ondorioz, galera handiak izango dira. Horri lotuta, produkzioa ere jaitsi egingo da.

Ez dakigu zenbat denboraz izango dugun egoera hau. Behin ere ez dut ezagutu horrelako lehorterik. Nire ustez, administrazioaren aldetik laguntzaren bat beharko litzateke, bai Eusko Jaurlaritzaren eta bai diputazioen aldetik. Errekonozimendu gehiago beharko luke lehen sektoreak, baina ez da ikusten behar den borondaterik.

Ikusi izan dut sute baten edo uholde baten ondoren laguntzak atera izana. Nik pentsatzen dut Eusko Jaurlaritzak eta diputazioek poltsa bat edo horrelako zerbait eduki beharko luketela kasu hauetarako; diru bat eduki beharko luketela baserritarrei edo nekazaritzan ari direnei laguntza emateko.

Bestela, ikusten da, lehen justu-justu gabiltzanok, ni bezala, azken batean animaliak kentzen hasiko garela, denak, eta baserria ixtera joango dela.

Nik ikusi dut, bilera batzuetan, Eusko Jaurlaritzak eta diputazioak baserria bultzatu nahi dutela, baina ikusten den egoerarekin nahiko zaila delakoan nago. Niri iruditzen zait pentsaera aldatu beharra daukatela; bestela, diputazioak atera duen programan bezala, gazteak lau ordu fabrikan lana egitea eta lau ordu baserrian lana egitea... Iruditzen zait horrelako egoera ikusita gazte askok ez dutela jarraituko.

Orain lehorte honek dakarren eragina eta kostuak... Nik ez daukat animalia asko, baina ikusten dut egunero pentsua gora doala. Eman egin behar zaie, bizirik eduki nahi badituzu.

Udaberrirako egin den belarra ematen hasi direla ikusi dut. Negurako eta ia udaberri alderako biltegiak ere toki askotan hustu egingo dira. Orduan, kostua gora doa, eta zuk saldu behar duzun produktuaren prezioa behera.

 

Jabier Garmendia: «Udaberrirako egin duten belarra jada ematen hasi direla ikusi dut»

 

Erakundeek, ez dakit nola, baina zerbait egin beharko dute. Beste eremuetan ikusten da kostuak igotzen direnean produktuen prezioak ere gora egiten duela. Baserritarren kasuan alderantziz gertatzen da. Horrela ezin da ezer mantendu. Lehorte honek oraindik eta gehiago utzi du agerian baserritarren egoera.

EHNE sindikatua nola ari da bizitzen uda eta bere ondorenak?

Naroa Irure: Jabierrek oso ondo azaldu duela iruditzen zait. Sekula bizi izan ez den egoera bat da; oso-oso muturrekoa.

Berak esan duen bezala, maiatzean korte bakarra egin zen; beste urteetan bi edo hiru egiten dira normalean. Horrek esan nahi du aurten biltegiratu denaren erdia edo heren bat baino ez daukatela beste urteekin alderatuta. Abiapuntua hori da: jada badakigu janari gutxiago daukagula.

Orain artoa biltzen ari gara eta gero erein egingo da, baina lurra oso-oso sufrituta gelditu da. Ez da lur bat normaltasunez geratu dena; lehortearen ondorio zuzenak jasaten ari da. Horrek esan nahi du bertan aterako den belarra, hurrengo urteko udaberrian ebaki eta jasoko dena, ez dela berdina izango, sufrimendu handia daukalako lur horrek. Hor, bigarren galera zuzena ikusten dugu: belar kalitate oso baxukoa edo kantitate askoz txikiagokoa izango dugula.

Hirugarren puntu bat ere kontuan hartu behar dugu. Udaran, askotan, mendi komunalean egoten dira animaliak, goian pasatzen dute uda, Aralarren eta abar. Goian, uda normaletan, urrira arte lasai egon ahal diren animaliak gaur egun ia behean daude. Abuztuan ia jaisten hasi behar izan zuten, goian ez dagoelako ez belarrik eta ez urik.

Horrek esan nahi du udako partean mendian jaten duten hori guztia askoz gutxiago jan dutela. Ukuilura ekarri behar izan ditugu. Orduan, ukuiluan jatekoa eman behar zaie: pentsua, belarra... Belar kantitate gutxiago ebaki baldin badugu, kantitate gutxiago daukagu emateko, eta pentsua eman behar diegu; bestela, Jabierrek esan duen bezala, ez dutelako bizirik irauten.

Pentsua asko igo da, forrajea ere asko igo da, eta neguan ematen hasi behar genuen jatekoa ia dagoeneko ematen ari gara. Orduan, gutxiago ebaki dugu, gure baliabideak jaitsi egin dira eta, beraz, kanpoko jatekoa, ordaindu behar den jatekoa, prezioz igotzeaz aparte, beste urteetan baino askoz kantitate handiagoan ematen hasi gara. Dagoeneko neguko jatekoa aurreratu egin dugu.

Zer eskatzen du EHNE sindikatuak?

Naroa Irure: Sindikatua azken aste eta hilabeteetan erreklamatzen ari da diru laguntza zuzenak derrigorrez behar direla, bai nekazaritzarako eta bai abeltzaintzarako ere. Ezohiko egoera batean, gobernuak egon beharra dauka, ezohiko erantzun batzuk ematen. Eta ez gara huskeria batekin konformatuko.

 

Naroa Irure: «Egoerak, derrigorrez, diru laguntza zuzenak eskatzen ditu»

 

Jabierrek esan duen bezala, matematikak argiak dira: kostuak igo, azken prezioa jaitsi. Gure galerak gero eta handiagoak dira.

Edo bukaerako prezioak igotzen dira, eta azkeneko saltoki horrek edo banatzaileak marjina jaitsi egiten du, edo, kasu honetan, muturreko egoera honetan, Eusko Jaurlaritzak eta diputazioek laguntza zuzena ezarri behar dute.

Guk taula batzuk eginda dauzkagu sindikatuan, kalkulatuta daukagu animalia bakoitzeko gutxi gorabehera zenbat beharko litzatekeen. Informazio hori helarazi diegu; gure proposamena bidali diogu Eusko Jaurlaritzari eta diputazioari.

Zein izan da erakundeekin izan duzuen harremana? Zer erantzun jaso duzue?

Irure: Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik, jarrera hobea izan da. Dirulaguntza-lerroak atera aurretik, sindikatuekin pare bat bilera egin zituen, nondik norakoak aurkezteko eta gure iritzia eman ahal izateko. 1,6 milioi euro atera ditu Foru Aldundiak. Laguntza gutxi da, eta, gainera, gutxieneko animalia-kopurua duten baserritarrek bakarrik jasoko dute. Hala ere, diputazioaren baliabide ekonomikoak kontuan hartuta, zerbait bada.

Eusko Jaurlaritzari dagokionez, jarrera hasieratik oso bestelakoa izan da. Errespetu falta izan da; sektoreari kasurik ere ez diote egin. Bilera joan den ostiralean egin genuen, eta ez zizkiguten zehaztu laguntzen nondik norakoak. Hurrengo egunean, ordea, Amaia Barredo sailburua azaldu zen, 6 milioi euro emango zituztela esanez. Gure ustez, beste behin ere, aurpegia eman beharrean atzetik dabiltza, eta ez dute sektorea kontuan hartzen ezertarako: ez gaituzte babesten, ez laguntzen... Eta atera duten diru-partida oso baxua da, haien baliabide ekonomikoak kontuan hartuta. Miseria bat da eskaintzen dutena, beren burua pixka bat zuritzeko helburu bakarrarekin.

Ostegunean horregatik mobilizatu al zineten Lakuaren aurrean?

Irure: Bai, horregatik. Eusko Jaurlaritzaren jarrera, pasibotasuna eta errespetu falta guztiak kontuan hartuta, mobilizatzea erabaki genuen. Aurretik ere baloratzen ari ginen Lakuan mobilizazioak egitea, eta larunbateko albistea kontuan hartuta, ostegunean han elkartzea erabaki genuen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean.

 

Naroa Irure: «Jaurlaritzaren jarrera ikusita, mobilizatzea erabaki genuen»

 

Jabier, noiztik bizi zara Olano Martinea baserrian?

Garmendia: Hemen jaio nintzen eta hemen bizi naiz. 14 urterekin bukatu nuen Abaltzisketan eskola, eta 14 urterekin aitak esan zidan Zabalegira joateko; nekazaritza erakusten zuten han. Bi urte egin nituen bertan, eta gero, 17 urterekin, fabrikara lanera.

Han zortzi ordu egin, eta gero etxera, gurasoei laguntzera. Horrela 46 urte. Orain jubilatuta nago, eta, beno, pixka bat pertsonak behar du, ez dakit ba, aktibo egoteko baserriari lotuta egotea. Gero, gustatu egin behar zaizu, eta niri baserria gustatu egiten zait.

Baina hau dena ikusita, ez al da horrelakorik gertatuko, ikusten dut jarraipena nahiko zalantzan dagoela. Semea badaukat, baina bera ikusten ari dena ez da xamurra. Eta aurten zer esanik ez. 19 urte dauzka, eta hau gero eta bizimodu zailagoa dela ikusi du. Administrazio aldetik oztopo handiak jartzen dituztela ere etxean ezagutu du, eta berak soldata bat osatu beharra dauka. Baserritik ezin baldin badu atera, lanera joan beharko duela dio, eta hori penagarria da, jarraipenari begiratuta.

Zein bilakaera izan du baserriak azken urteetan?

Garmendia: Nik ikusitakoaren arabera, lehen baserrian animalia gutxirekin bizimodua ateratzeko aukera zeneukan. Orain, kopuru asko edukita ere oso zaila da; kostu handiak daudelako eta sarrera txikiagoak.

Gero, paper-kontuak esaten zaion horretan oztopo pila bat daukazu eta... Bizimodua, nik 25-30 urte nituen garaian baino zailago dago.

Lan egiteko erraztasun gehiago daukagu, makineriaren aldetik, baina kostuak handiak dira, eta sarrerak? Nik 25-30 urte nituen garaian kostuak ere bazeuden, baina norberarentzat gehiago gelditzen zen.

Laguntzak eskatu izan al dituzu?

Garmendia: Beti eskatu izan dira laguntzak, eta nik ere eskatu ditut. Baina laguntzak hasi ziren garaian administrazioak ez zuen hainbeste paper eskatzen.

Eta urte askotan egon naiz ni laguntzarik jaso gabe, fabrikan lanean aritu nintzelako. 2000. urtean teilatua konpondu nuen, adibidez, baina nik ez nuenez baserriko jarduera ehuneko ehunean betetzen, ez nuen laguntzarik jaso.

Nik ondo ikusten dut baserrian ari diren guztiek ehuneko ehunean jasotzea, baina baserria mantendu nahi badute, nahiz eta fabrikan aritu, laguntzaren bat jaso beharko luketela ere uste dut.

Berandu samar ari dira konturatzen baserriak hustu eta ixten ari direla.

Jabier Garmendia: «Berandu samar ari dira konturatzen baserriak hustu eta ixten ari direla»

 

Zein abere eduki dituzu?

Garmendia: Lehen behiak, esnetarako; gero okeletarako. Gero abere batzuk ere eduki nituen, mendian ibiltzen zirenak. Urteak aurrera joan dira, eta orain, ardi batzuk gelditzen zaizkit, zelaiak garbitzeko.

Zergatik behar ditu diru laguntzak lehen sektoreak? Zein da lehen sektorearen balio erantsia?

Irure: Lehen sektorean balio erantsia hainbat puntutan ikus dezakegu.

Alde batetik, gure kultura, gure jatorria eta gure sustraia lehen sektorea da. Hemen inguruan mundu guztiari gustatzen zaio mendira joatea asteburuetan: zein polita dagoen Txindoki, zein polita dagoen Aizkorri... Mendia, parajeak eta basoak zaintzen dituena lehen sektorea da.

Basoak mantentzen ez badira, gero eta sute gehiago edukiko ditugu, eta badakigu suteek zer ekarriko diguten: paisaia guztia hondatzea, galera handiak eta ur kantitate handiak kontsumitu behar izatea sute horiek itzaltzeko.

Eta, gainera, lehen sektoreak elikadura ematen digu; benetako elikadura, bertako elikadura, ona, osasuntsua, zero kilometrokoa edo bertakoa. Horrek gure osasunari zuzenean eta positiboki eragiten dio. Lehen sektoreak ematen dituen onurak asko dira.

Nire ustez, gizartearen eta lehen sektorearen arteko arrakala gero eta handiagoa da. Gero eta gehiago bizi gara geure buruari begira, baina gizartea ez da horretaz kontziente, eta nik uste dut kontzientzia hori derrigorrezkoa dela. Beharrezkoa eta ezinbestekoa da lehen sektorea Euskal Herriarentzat eta munduarentzat.

Lehen sektorerik gabe mundu hau pikutara doa. Gero eta gehiago gaixotuko gara, parajeak hondatuko dira, eta ez gara gure Euskal Herri maite honetan biziko. Jendea kontzientziatu beharra dago.

Nik ulertzen dut bakoitzak bere lehentasunak dauzkala, eta logikoa da. Baina onartu behar dugu lehen sektoreak ematen dituen elikagaiak beste inork ez dituela ematen, eta hori gure osasunarentzat beharrezkoa dela, osasuntsu egoteko eta indartsu bizi ahal izateko.

Azken aldian, lehen sektoreaz hitz egiterakoan, krisi konstante baten inguruan ari garela dirudi. Eta orain zer, eta lehortea?

Irure: Pixkanaka-pixkanaka doala uste dut. Gauza bat da lehorte egoera hau. Kasu isolatu bat izatea espero dut, baina zerbait muturrekoa da, eta orain arte bizi gabekoa.

Baina iragana eta azken urteak begiratzen baldin baditugu, esne prezioa behera doa, haragiaren prezioa ere behera, muxalaren prezioa berdin, basoek gero eta abandonu handiagoa daukate... Orduan, pixkanaka-pixkanaka metatzen doan gauza bat da.

Zu baldin bazaude bolada oso on bat pasatzen eta erreserba oso potenteak baldin badauzkazu ekonomikoki, kasu horretan, ba, beno, kolpe bat baldin badaukazu lehortearen inguruan, enpresa guztietan pasatzen den bezala, kolpe bat daukazu, baina erreserbak dauzkazu eta aurrera zoaz.

Baina gu gatoz azkeneko urteetan krisiak pilatzen. Ez delako baloratzen lehen sektoreko lana, lehen sektoreak gizarteari ematen diona. Prezioek ez daukate zentzurik. Orduan, guk gobernuari askotan esan diogu prezio horiek defendatu behar direla; jendeak errekonozitu behar duela balio erantsi bat daukala gure elikadurak, gure esneak, gure haragiak eta gure baratzak.

Ez gara ordaindu behar duguna ordaintzen ari. Eta orduan, noski, gu goaz urtetik urtera galerak pilatzen, galerak, galerak, eta horrelako kolpe bat datorrenean, ematen duen zaplada askoz handiagoa da, kolpe txiki asko pasatzen ari garelako eta ia ez daukagulako erreserbarik.

Baina gero denbora pasatzen da, eta atzean geratzen da krisia. Edo, gutxienez, ez da horrenbeste hitz egiten, beste bat etorri arte. Errepikakorra bilakatzen ari da dena. Eta horren aurrean momentuko irteera eskatzen da.

Irure: Argi dago. Hemen arazo estruktural bat dago, nolabait esateko.

Adibidez, esne-behien prezioa berriro jaitsi da aurten. Azken urteak pittin bat hobeak izan dira, baina horren aurretik egin den lana ikaragarria izan delako. Estrukturalki gobernuari eta dena delakoei esan zaielako: egoera hau ez da jasangarria. Esnea ordaindu behar den prezioan ordaintzen ez bada, animaliak badoaz, baserriak badoaz, eta hau hiltzen bada, gero ez da inor hasiko berriro baserriak zerotik muntatzen.

Orduan, egoera pittin bat hobea izan da esne sektorean azken urteetan, baina aurten, lehenengo urte bukaeratik, berriro jaisten eta jaisten hasi da.

Arazo estrukturala da, eta orain adibidez, haragitarako behietan daukagu. Hiru-lau urte daramatzagu gobernuari esaten banaketa handiak marjina brutalak aplikatzen ari direla bertako okelari, Eusko Label markari. Eta gero marjina handiagoa baldin badaukazu, prezioa askoz garestiagoa daukazu, eta gero esaten dute ez dela saltzen euskal okela. Noski, baina marjina horiek izugarriak direlako.

Arazo estruktural hori aztertu egin behar da. Ez da egun batetik bestera konpontzen den arazo bat. Aztertu egin behar da zer gertatzen den, nondik datorren jatorria, nor den egoera horren arduraduna, nor ez den, eta nork daukan irtenbidea.

Eta arazo estruktural horiek dira lantzeko gehien kostatzen direnak, arazoa konpontzea zailagoa delako, baina derrigorrezkoak dira lehen sektorean oinarri sendo bat mantendu ahal izateko.

Eta orduan, esne behiekin pasatu zena orain txekorrekin pasatzen ari da. Eta orain, berriro, esne behiak, ardiak, gazta... Prezioa dena jaisten ari da, gazta stockean pilatzen ari da, ez da saltzen.

Orduan, iruditzen zaigu handiak beti txikia jaten duela, eta banaketa handiak balio gehiago daukala txikiak baino Euskal Herrian. Baina hemengo txikia zaintzen ez badugu, txikirik gabe geratuko gara, eta txikirik gabe handiak ez dira ezer.

Garmendia: Naroak esan duen bezala, elikadura gakoa da. Gero eta gaixotasun gehiago ikusten ari gara. Jendea korrika biziarazi gaituzte. Gure gurasoak lasaiago bizi ziren, eta janaria ere osasuntsuagoa jaten zuten.

Orain korrika eta presaka gabiltza, eta janari prestatua jaten dugu. Orduan, bertakoari ez zaio baliorik ematen.

Alde handia dago bertakoa jan edo kanpokoa jan. Begira, behin ez da baratzean sandiarik izan; hemen behin ere ez du eman. Aldaketa dagoelako, aurten atera da sandia.

Zuk supermerkatu batean merkexeago erosiko duzu, baina ez da berdina. Baretzatik hartu, heldu gabe datoz, bidean etortzeko produktu batzuk jartzen zaizkie, eta horiek azkenean gorputzera doaz.

Krisia ez da orain kolpean datorrena. Hogei bat urte badaramatza pixkanaka-pixkanaka, eta gero eta handiagoa da.

Naroak esan duena, esnetakoekin, ardiengandik bizi denarekin, adibidez. Horrelako bat etortzen bazaio, produkzioa jaitsi egiten zaio, kostua handitu egiten zaio, eta supermerkatuek prezioa jaisten dute.

Zure diru-iturria argi dago jaisten ari dela. Orduan, kostu altuagoak baldin badauzkazu eta sarrera txikiagoak, hau hiltzera doa.

Inguruan, zer bilakaera ikusi duzu baserrietan?

Garmendia: Nik Abaltzisketan ikusten dut: momentu honetan, baserritik bizi direnak, bakarrik baserritik bizi direnak, bat esango nuke, bi gehienez. Beste guztiak fabrikara joaten dira. Animaliak asko kendu dituzte, eta dena sasiak hartzen ari dira.

Baserritik, gainera, jendea badoa. Pena da, zuri lehendik datorren gauza bat, gurasoek, aitona-amonek eta egin dutena, mantentzen ari zarela, eta gazteei ez zaie ilusiorik ikusten baserrian lan egiteko. Ez dagoelako marjinarik.

Zergatik ezin du izan enpresa batean duen soldata baserrian ari den batek? Hori lortuz gero, asko geldituko lirateke baserrian; nire semea, bat.

Lehorteak izan duen eragina dirutan kalkulatu duzuela esan duzu.

Irure: Lehenengo kalkuluak orain ari gara egiten. Lehen ondorioak ere orain ari gara jasaten, eta denbora bat behar da fakturak eta hori guztia egiteko.

Baratzezaintzan zailtasun gehiago ditugu kalkuluak egiteko, baina benetako zenbakiak udazkenetik aurrera jakingo ditugu.

Eta horrek ez du esan nahi azarotik aurrera dena ondo joango denik. Zergatik? Lehen esan bezala, ondorioek hor jarraituko dutelako: neguan, hurrengo urteko udaberrian eta hurrengo urte osoan.

Garmendia: Lurra beheraino sekatu da. Baratzean patata atera eta egiten nituen porruak eta aza, ardiei emateko neguan. Ia aldatu ditut bi aldiz; gainera botatzen diozun ur horrek ez du balio.

Belardietan ere ikusten da. Datorren udaberrirako ere badakar eragina.

Baserriaren aurrean iturria daukazue, eta ez dago urik. Askotan pasatzen da hori?

Garmendia: Ez, inoiz. Nik ez dut horrela ezagutu inoiz. Duela 100 urte bideratu zen, baserrira ura ekartzeko. 1983an Abaltzisketan egin ziren instalazioak, ur-publikoa esaten dena jartzeko. Beharra gertatzen bazen, jarri egin genuen baserrian. Orain ur-publikoa gastatzen ari gara. Baina ez da berdina. Kalitatea ez da berdina.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!