Ekainaren 13an izango dira T3T eta T2T mendi lasterketak

Tolosaldeko Ataria

Aurtengo T2T mendi lasterketan parte hartu duen korrikalari bat Lartera iristen.

2027ko ekaineko bigarren igandean izango da eskualdeko mendi lasterketa ezagunenen hamabigarren edizioa; izen-emate epea urtarrilaren 7an irekiko dute.

Eskualdeko mendi lasterketak antolatzen dituzten taldeak dagoeneko hasi dira datorren urteko edizioak antolatzen. Zenbaitek, gainera, jada zehaztu dute zein egunetan izango diren. Aste honetan, esaterako, Berastegiko X. Negu Trail lasterketa otsailaren 14an izango dela jakinarazi dute. Bada, orain, Tolosaldeko 3 Tontorrak mendi maratoiaren eta Tolosaldeko 2 Tontorrak mendi lasterketaren txanda izan da. 2027ko ekainaren 13an izango dira Tolosako Trianguloa plazan hasi eta amaitzen diren eskualdeko mendi lasterketa ezagunenak.

Oraindik denboran luze ikusten bada ere, korrikalari askok egutegia osatu nahi izaten dute; horregatik, aurrez jakin nahi izaten dituzte lasterketen datak. Antolatzaileek aurreratu dutenez, urtarrilaren 7an irekiko dute izen-emate epea, 20:00etan. Iaz bezala, T2T probaren kasuan, astebeteko epea utziko dute, eta ondoren, izen-emateak dortsal kopuruak baino gehiago izanez gero, zozketa egingo dute. «Emakumeen parte hartzea bultzatzeko, haiei zuzenean bermatuko dizkiegu dortsalak, iaz bezala», gaineratu dute antolatzaileek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!