Otsailaren 14an izango da X. Negu Trail mendi lasterketa

Tolosaldeko Ataria

Jokin Tolosa anoetarra, aurtengo edizioan, helmugara lehen postuan iristen. LEYRE CARRASCO

Berastegiko mendi lasterketako antolatzaileek aste honetan jakinarazi dute datorren urteko edizioaren data; aurrerago emango dituzte xehetasun gehiago.

Berastegiko Negu Trail mendi lasterketak jarraipena izango du datorren urtean. Probaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, otsailaren 14rako antolatu dute, eta edizio berezia izango da, hamargarren aldiz egingo baita. Herriko plazan hasi eta amaitzen den ibilbidea izan ohi da, 16 kilometro inguruko luzera eta 1.000 metro inguruko desnibel positibo metatua duena, eta Berastegi inguruko mendi-bideetan barrena ibiltzen dira korrikalariak; Urdelar, San Lorentzo eta Ipuliño gailurretara igotzen dira.

Tolosaldeko mendi lasterketen egutegiko lehen proba izaten da Berastegikoa, eta izen-emateak arrakasta handia izaten du. Aurten otsailaren 1ean egin zuten, eta, lehen aldiz, Negu Trail Txiki proba (8,3 kilometro) ere antolatu zuten nerabeentzat. Bi probak kontuan hartuta, 275 korrikalarik parte hartu zuten. Lasterketa nagusian Jokin Tolosa anoetarra eta Jone Zenitagoia elorriotarra izan ziren garaileak; nerabeen proban, berriz, Julen Barriola bergararra eta Norah Muzas donostiarra izan ziren onenak.

Oraingoz, hamargarren edizioaren data bakarrik jakinarazi dute, eta antolakuntzak aurreratu du aurrerago emango dituela xehetasun gehiago.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!