Irati Egibar Izeta (Zizurkil, 1999)
KOMUNIKAZIO SAILEKO LANGILEA
Komunikazio eta elkarlan lanetan nabil Bertsozale Elkartean, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan ere arlo horietan ari naiz lanean. Komunikazioari lotutako eguneroko lanez gain, hedabideekin eta elkarlanean ari diren eragileekin harremana izatea ere bada nire egitekoa. Lehenengo aldiz ari naiz txapelketa barrutik bizitzen, eta intentsitate handiko hilabeteak izan arren, oso esperientzia polita eta aberasgarria izaten ari da: saioz saio hazten ikusteko eta, aldi berean, bertsolaritzaren komunitate handia barrutik ezagutzeko aukera ematen dit.
Ixiar Eizagirre Kerejeta (Larraul, 1979)
IKASMATERIAL SORTZAILEA
Hezkuntzako proiektuan egiten dut lan Bertsozale Elkartean, ikasmateriala sortzen. Txapelketa ikastetxeetan landu ahal izateko, haurrei zuzendutako edukiak sortzen ariko naiz Bertsoikasgela.eus atarian. Bestetik, Txapelketako saioetan bertsoaldiak transkribatzen ariko naiz. Bertsoak entzutea gozamena da niretzat.
Igotz Alkorta Irastorza (Zizurkil, 1984)
BERTSOA.EUS WEBGUNEKO ARDURADUNA
Bertsoa.eus-en arduradun gisa hasi berri naiz elkartean lanean, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarekin batera ia. Erronka eta ardura handia da bertsozaleon lau urtean behingo bilgune honen berri taxuz ematen saiatzea. Saioetako kronikak egin, bertsolariak elkarrizketatu, bertsoaldiak sarean jarri, adituen iritzia jaso... Txapelketari jarraipen zabala egiten ari gara. Gozamenetik eta lana ondo egin beharraren arduratik ari naiz bizitzen aurtengo txapelketa.
Irene Zaldua Tapia (Zizurkil, 1997)
IKUS-ENTZUNEZKO EDUKI SORTZAILEA
Txapelketa betean hasi nintzen lanean Bertsozale Elkartean, eta aurtengoa nire bigarren txapelketa da. Urtean zehar, ikus-entzunezkoen alorrean aritzen naiz lanean: Bertsoa.eus-erako edukia sortzen eta Hitzetik Hortzera saioa grabatzen; aurtengo txapelketan ere horretan ari naiz. Asteroko telebista saioaz eta Bertsoa.eus-eko jarraipenaz gain, saioen zuzeneko emanaldietan buru-belarri ari naiz lanean. Oholtzako kameran izaten naiz gehienetan; beraz, esan nezake txapelketa publikoaren erreakzio eta begiradatik bizi dudala.
Larraitz Goenaga Altuna (Zizurkil, 1976)
LANKUKO ADMINISTRARIA
Lanku Bertsozale Elkartearen parte da, eta bertso plazak kudeatzen ditu. Txapelketan ez naiz nire ohiko lanean aritzen, bestelakoetan baizik; asto lanak izaten dira, gehienbat: muntaketa, desmuntatzea eta txarteldegia. Elkartearen oinarrian borondatezko lana dago, eta hor ere ekarpena egitea gustatzen zait. Euskal kulturako halako ekitaldi itzel baten parte izatea ikaragarria iruditzen zait.
Marta Agirrezabala Zubillaga (Bedaio, 1965)
PLAZAKO SAIOEN KUDEATZAILEA
Lanku bertso zerbitzuetan egiten dut lan, plazako saioak kudeatzen. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak zeharka ukitzen du nire eguneroko lana. Halere, saioetan boluntario aritzen naiz, behar den lekuan, behar den horretan. Ekarpena egitea gustatzen zait, talde bat gara eta. Nahita edo nahi gabe, txapelketako saioek, lehia izaki, zirrara sortzen didate: saioek, antolaketak… bertso komunitatea trinkotzeko tresna gisa.
Olatz Amundarain Goikoetxea (Alegia, 1976)
XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROKO DATU-BASEKO LANGILEA
Bertsozale Elkartearen Xenpelar Dokumentazio Zentroan egiten dut lan, zehazki datu base eta argazkien arloan. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa gure etenik gabeko informazio eta dokumentazio bilketaren parte da. Txapelketak argazkitan emandakoa jaso eta antolatzen ariko naiz; horretaz gain, aurten saioetan bertsoen transkripzioak egiten ere bai. Txapelketa astinaldi bat da niretzat.
Felix Irazustabarrena Arsuaga (Alegia, 1961)
ELKARTEKO LANGILE OHIA
Bertsozale Elkarteko langile nintzen txapelketa hasi zenean. Xenpelar Dokumentazio Zentroko eta Hedapeneko lanak egiten nituen; bi sailen arteko zubigintzan aritzen nintzen: saioetako fitxak egiten, doinuak identifikatzen, transkribatzen… Txapelketa martxan dela hartu berri dut erretiroa, eta egiteko horietan laguntzen jarraitzen dut, baina borondatez. Elkartean eta Txapelketan funtsezkoa da borondatezko lana, eta beraz, hortik egiten dut ekarpena. Txapelketa interes handiarekin bizi dut, zirraraz eta gertutik; eta aurtengoa, hartutako lanak medio, horrela bizi nahiko nuke.
Aratz Irazustabarrena Garmendia (Alegia, 1998)
GIPUZKOAKO BERTSOZALE ELKARTEKO ADMINISTRAZIO-BURUA
Finantza arloan aritzen naiz lanean, eta elkarteko administrazio-burua naiz. Beste egitasmo batzuetan laguntza behar denean gustuko dut ekarpena egitea. Aurtengo txapelketan idazkari lanak egitea egokitu zait. Bost idazkariko taldea dugu, eta bi saioz behin egokitzen zait idazkari lanak egitea. Tarteka, muntaketan eta desmuntatzean ere aritzen naiz boluntario. Idazkari naizenean, tentsiotik bizi dut txapelketa; tentsio handiko lana da, kontzentratuta egon behar delako. Bestela, ilusio handiarekin ari naiz bizitzen; poza ematen du txapelketak daraman bolada ona. Jende mordoa ari da mugitzen, eta giro oso ona egoten da saioetan.
Beñat Azaldegi Lakuntza (Tolosa, 1994)
GIPUZKOAKO BERTSOZALE ELKARTEKO SUSTAPEN ERAGILEA
Bertsozale elkartean sustapen arloan aritzen naiz lanean. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan, zehazki, ekoizpen arloan aritzen naiz. Postu horretatik, egia esan, tentsio handi samarrarekin bizi dut txapelketa, dena ondo joan dadin lan handia izaten dugu aurretik, batez ere ekitaldi guztiak handi samarrak izaten direlako. Bestetik, poza handia izaten da guztia ondo ateratzen denean.
