ELKARRIZKETA

«Gozamena beste toki batzuetan ari naiz aurkitzen»

Josu Artutxa Dorronsoro

Iazko negutik, Bertsozale Elkarteko Hedapena, Komunikazioa eta Publizitatea saileko eragilea da Oli Artola. Euskal Herriko Txapelketa irailean hasi bazen ere, elkartean sartu zenetik sentitu zuen haren lurrikara.

Orain arteko txapelketekin alderatuta, oso bestelakoa izaten ari da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Oli Artola Apeztegiarentzat (Tolosa, 1991). Saioetako bertsoaldiak behin eta berriz ikusi eta entzuten ari da, baina asko estimatzen du ofizioak aukera hori ematea. Aldi berean, zubi-lanak egitea dagokio lantaldearen eta komunikazio batzordearen zein elkartearen eta hedabideen artean. Bertsozalea den aldetik, pasioz eta pribilegiotik egiten du lan.

«Pribilegio hutsa da euskal kulturgintzan lanean aritzea, eta halako ekitaldi baten parte izatea»

Bertsozale Elkarteko zuzendaritza batzordeko koordinazio taldean zaude eta Hedapena, Komunikazioa eta Publizitatea saileko eragilea zara. Zein ardura dituzu?

Talde lanean aritzen gara, eta ni taldeko arduraduna naiz. Komunikazio saileko kideak gustura egotea eta saila bera ahalik eta kohesionatuen egotea dira nire ardurak. Txapelketari dagokionez, martxan jartzeko, ikus-entzunezkoei begira, eszenografia, sintonia eta iruditeria egiteko sormen-prozesu parte-hartzaile bat antolatu genuen. Zenbait diziplinatako sortzaileak elkarlanean aritu ziren, eta horren gidaritzaz arduratu ginen. Txapelketako mezua sortu genuen, eta hori oinarri hartuta, txapelketako edukia sortzen ari gara.

Txapelketan zehar, saioz saioko lanak izaten ditugu. Ikusiko denaren eta gertatu denaren berri ematen dugu, eta tartean, hedabideei behar duten laguntza ematen diegu, baita saioa grabatu eta finalaurrekoetatik aurrera zuzenean eman ere. Txapelketako aldizkarirako eta Bertsozale.eus zein Bertsoa.eus webguneetarako edukia ere sortzen dugu, eta aurten, podcast bat jarri dugu martxan. Komunikazio sailaz gain, elkartean badago komunikazio batzorde bat, boluntarioz osatutakoa, eta talde hori ere martxan, aktibo eta ahalik eta goxoen egotea dira gure ardurak.

 

Bertsozale Elkartearen egiturak badu bitxikeriatik; badira bertsolariak lehendakaritza taldean, boluntario ari direnak. Bertsolariak eta bertsozaleak elkarrengandik oso gertu daude, eta elkartea dago erdian.

Komunitatetik sortu zen elkartea, eta bertsoaren ekosistema osoarengan jarri nahi izan zuen fokua. Etengabeko auto-eraketa da haren funtsa, eta horren oinarrian boluntarioen lana dago. Komunikazioaren kasuan, eguneroko lan teknikoak soldatapeko langileok egiten ditugu, baina komunikazio batzordean erabakitzen dugu zer-nolako estrategiak aurrera eraman, eta hor boluntarioak daude. Sail bakoitzak du batzorde bana, eta bertan markatzen da sailaren norabidea.

Eragileok bi ardura nagusi ditugu. Batetik, zubi-lanak egitea; nire kasuan, lantaldearen eta batzordearen artean nahiz hedabideen eta elkartearen artean. Bestetik, eragitea. Askatasun handia dugu horretarako. Orri huts bat dugu, baina ez dugu bakarrik marraztu behar; lantalde bat dugu, eta baita non begiratua ere, orain arte egindako bideari, baina baita etorkizunari ere. Hortaz, luxu bat da sare baten laguntzarekin nahi edo ahal beste sortzeko aukera izatea. Bertso ekosistema begiratzen eta ulertzen jakin behar dugu, eta begiak eta belarriak etengabe zabalik eduki eta ahalik eta ondoen eragiten saiatu. 

Zerk animatu zintuen elkarteko langile izatera? 

Bertsolaritza beti izan da interes handia piztu izan didan diziplina, besteak beste hitzarekiko izan dudan interes eta liluragatik. Ez dut ezagutzen sortzaileak eta zaleak kontuan hartu eta elkarte bakar batean bateratzen diren euskara hutseko beste kultur diziplinarik. Oso desiragarria zitzaidan horren parte izatea. Guztiz bat egiten nuen elkartegintza-eredua zen. Begiz jota ditudan ardatz askok egiten dute bat lanpostu honetan: kulturgintzan aritzea, are bertsolaritzan; euskaraz... Interesgarria eta anbiziotsua iruditzen zitzaidan, eta ez da ohikoena horrelako lanpostu bat topatzea. Egin nahi nuen gauza bat zen, eta oso pozik nago.

Udazken honetan etenik gabeko lana izango duzue, ezta?

Zorionez, gustuko dugu bertsolaritza, eta libre gaudenean ere, nahi gabe, horretara daramagu burua, lanagatik edo plazeragatik. Gogoan dut lankide batek udan atseden hartzeko aholkatu zidala, udazkena gogorra izango zelako, baina hark esan moduan, bizitzako esperientziarik ederrenetakoa ere bada. Oso polita ari da izaten bertsolaritza eta txapelketa barrutik bizitzea.

Zorteduna sentitzen naiz. Beti amestu dudan ofizio ideala da oinarrian borondatezko lana duen eta egituran eta moldeetan etengabe berrasmatu behar den elkarte batean lan egitea. Oinarri eta logika horiekin, Euskal Herri osoa zeharkatzen duen eta euskara hutsean egiten den ekitaldi bat antolatzen du. Pribilegio hutsa da euskal kulturgintzan lanean aritzea, eta halako ekitaldi baten parte izatea.

Nola ari zara jarraitzen aurtengo txapelketa? Inoiz baino gehiago ala inoiz baino gutxiago?

Inoizko desberdinena izaten ari da. Orain artekoak kanpotik bizi izan ditut; lehen aldiz ari naiz barrutik bizitzen, eta asko aldatu zait txapelketarekiko ikuspuntua. Lehen, bertsoaldiei eta oholtzan gertatzen zenari begira egoten nintzen. Orain, askotan nahi izaten dut oholtzara begiratu, baina beste toki batzuetara ere begiratu behar izaten dut. Aurtengo txapelketa, gainera, ia-ia elkartean lanean hasi nintzenean hasi zen niretzat, duela urte eta erdi edo. Lehia hasi zenerako, gure gurpila martxan zegoen.

Bertsozale zaren aldetik, gozatzen ariko zara.

Bai. Lanagatik, bertsoaldi guztiak berriro ikusi eta entzutea egokitzen zait, baita Hitzetik Hortzera ikustea ere. Asko estimatzen dut saioak behin eta berriz ikustea; lanak aukera hori ematea plazer ikaragarria da. Lehen, gozamenetik entzuten nituen bertsoak; orain, berriz, beste leku batzuetan bilatzen eta aurkitzen ari naiz gozamena, eta asko ari naiz disfrutatzen. Bai sumatzen dudala bakarrik bertsoaldiez gozatzeko gorputzaldia edukitzearen falta. Hori aisialdian egiten saiatzen naiz.

«Sorkuntza lan bat den heinean, bertsoak, bai ala bai, eragin egin behar du»

Sorkuntza lan bat den heinean, bertsoak, bai ala bai, eragin egin behar du. Hala ere, ez naiz bertsoak neurgailuen bidez kalifikatzen dituen horietakoa. Gozamenetik entzuten ditut. Zenbakitze bat baino, nahiago dut errima eder bat edo ezagutzen ez dudan euskal hitz edo esamolde bat idaztea, gero haren esanahia begiratzeko, edo hitzetara ekartzea horrenbeste kostatzen den ideia bat bi esalditan nola laburtzen duten apuntatzea.

Abenduaren 20an amaituko da txapelketa. Zuen lana, ordea, ez da orduan amaituko.

Abenduaren 20tik aurrera, finalak emandakoari buruz komunikabideekin harremanetan aritzea egokituko zaigu. Une honetan, oso urrun ikusten dut egun hori. Hala ere, lanean ari gara, zenbait erabaki hartzen: finaleko sariak nork egingo dituen, nork emango dituen, eszenografia... 

Lau urtean behin, bertsolaritza Euskal Herriko maparen erdigunean jartzeko aukera eskaintzen du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak; erakusleiho handiena da. Zuek nabaritu duzue lurrikara moduko bat ala lan karga konstantea da urtean zehar? 

Elkarteak txapelketa antolatzen du, elkartearen proiektua oinarri sendo baten gainean eraikitzeko, ondorengo urteetan ahalik eta plaza gehienetan egoten, bertso eskolak indartzen eta ikastetxeetan hezkuntza-arautuko programak ematen jarraitzeko, alegia. Proiektuari arnasa ematen dio txapelketak, baina ez du elkartearen bestelako lana geratzen. Bertsozale Elkarteak badu lur bat, nahi beste ondu eta erein daitekeena; asko dago egiteko, beraz, iraunkorki dago lana. Hala ere, une honetan txapelketak du pisu handiena.

Txapelketek aldiro lurrikara txiki bat eragiten dute elkartean. Aurten, irailean jarri zen martxan sumendia, eta gu Subijanako langileak izanik, lurrikararen epizentroan gaude. Une honetan, bor-borka dago sumendi hori, eta inpresioa egiten du. Lehen aldia izanik, neurria hartu nahian nabil.

Azken urteetan, feminismoa izan da elkartearen zehar-lerro nagusietako bat. Zer garrantzi du?

Bertsozale Elkartea aitzindari izan da gizarteko hainbat mugimendu bere dinamiketara txertatzen, tartean feminismoa. Horrek ahalbidetu du elkartean eta plazan bestelako gorputzak ikusten hasi ahal izatea. Norantza horretan, adi egon behar gara testuinguruan zer gertatzen den, eta saiatu behar gara plazak eta elkartea ahalik eta gorputz gehienentzat bizigarriak izaten, guztiek lekua izan dezaten. Elkarteak baliabideak jarri behar ditu hori gertatzeko.

Sentsazioa duzu plazetan eta txapelketako saioetan publikoaren profila gaztetzen ari dela?

Txapelketa transmisiorako tresna ikaragarria da; bertsozale berriak erakartzeko amu bat da. Oihartzun handia hartzen du, eta unearen argazkia egiteko aukera ematen digu. Foku askoko argazkia da, eta horrek erakargarritasuna du. Horregatik, eta beste hainbat arrazoirengatik, badira bertsolaritzara txapelketan gerturatzen direnak. Horiek bertsozaletzeko aukera ematen du txapelketak.

Dena den, oihartzun handiena duena izan arren, txapelketa ez da bertsotara hurbiltzeko plaza bakarra. Bestelako hamaika plaza mota daude: jaialdiak, otorduetakoak, bertso saio bereziak… Uste dut gaur egun plazak lehen baino askotarikoagoak direla, eta publikoak aukera handiagoa duela bertso saio batera edo bestera joan aukeratzeko. Hori dela eta, plazaren arabera jende mota bat edo beste izaten da ikusleen artean. Txapelketa bada hegemonikoagoa, duen idiosinkrasiagatik. Horregatik, errazagoa da ikusle gazteagoa bestelakoak diren plazetan topatzea.

Nolako ahalegina egiten du elkarteak belaunaldi berriengana iristeko?

Bertsozale Elkartearentzat gakoa da bertsolaritza belaunaldi berrietara iristea; gure proiekturik handiena hezkuntza arlokoa da. Euskal Herriko lurralde guztietako ia ikastetxe guztietara iristen gara. Ikasleek ez dute bertsoa soilik ikasten; ikasten dute parekoa entzuten, pentsatzen duten hori hitzetara eramaten eta elkarrizketak izaten. Bertso soilaren atzean ikasgai ugari daude, esaterako, kulturgintzarekiko eta hizkuntzarekiko atxikimendua. Hezkuntza-arautuan hasten da bidea, eta gero bertso eskoletara igarotzen da, eta zenbait kasutan, baita aisialdira ere. Hortaz, Hezkuntza proiektua ibilbide oso baten parte da, eta transmisiorako gakoa da.

Uste duzu bertsolaritzak toki pribilegiatu bat duela euskal kulturgintzan?

Hein handi batean, pribilegiatuak baino zortedunak gara, sortu, eraiki eta berrasmatzen ari garen egituragatik. Bertsolaritzak badu publiko oso fidela, baita guztiaren elkargune den elkarte bat ere. Hala ere, toki pribilegiatu bat da baldintza onak ematen zaizkion toki bat, eta ondare immaterialeko kultur ondasun garen aldetik eta egiten dugun ekarpenagatik, aitortza hobea eta laguntza sendoagoa behar ditugu.

Werner Herzogek, esaterako, goraipatu zuen bertsolaritza Donostiako Zinemaldian.

Oso eskertuta gaude Herzogek halako testuinguru batean, gure hizkuntzari, kulturari eta, zehazki bertsolaritzari, lekua egiteagatik. Iruditzen zait, askotan, kosta egiten zaigula halako aitortza bat bertakoengandik jasotzea; Alemaniatik etorri behar izan du pertsona batek bertsolaritza azpimarratzera. Oilo ipurdia jarri bezainbeste amorratu ninduen. Gustatuko litzaiake kanpoko inork aitortza egin baino bertakoek haien egunerokoan bertsolaritza aitortzea eta babestea; bizi-bizi iraun dezan, ekarpena egitea.

 

Erlazionatuak

Eskualdearen ekarpen zabala bertsolaritzari

Josu Artutxa Dorronsoro urr 18, 07:58 Larraul   Zizurkil

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!