Aritz Intxaurrondok Zubietako II. Mendi Lasterketa irabazi du

Josu Artutxa Dorronsoro

Asier Aburuza ezkerrean eta Uxer Mozo eskuinean, Bertxim Xtrem probako podiumean. Argazkia: URKO DE MATEO

52 minutu eta hiru segundo behar izan zituen berastegiarrak 12 kilometroko ibilbidea egiteko; larunbatean, eskualdeko bi korrikalari podiumera igo ziren Andoaingo Bertxim Xtrem lasterketan.

Aritz Intxaurrondo berastegiarrak garaipenak pilatzen jarraitzen du mendi lasterketetan. Duela bi aste, Astigarragan jokatutako Basatrail mendi lasterketa irabazi zuen. Larunbatean, berriz, onena izan zen Zubietako (Nafarroa) II. Mendi Lasterketan. 12 kilometroko luzera eta 640 metroko desnibel positibo metatua zituen ibilbideak, eta 52 minutu eta hiru segundo behar izan zituen Intxaurrondok proba egiteko. Patrick Laqueche izan zen bigarren (52.22) eta Aitor Aizkorbe (52.32) hirugarren.

Aritz Intxaurrondo Zubietako helmugara iristen.

Eskualdekoak podiumean, Andoainen

Larunbatean, bestalde, Bertxim Xtrem lasterketaren hirugarren edizioa jokatu zen Andoaingo Leitzarango naturagunean. Oso bestelako lasterketa da, parte hartzaileek 500 eta 1.000 eskailerako bi igoera egin behar dituztelako; abiadurak baino, indarrak eta erresistentziak dute garrantzia. Aurten 43 parte hartzaile izan ditu probak; bakarka atera ziren, erlojupeko modalitatean, 30 segundoz behin.

Gizonezkoetan, Oier Etxeberria azpeitiarra izan zen garailea; emakumezkoetan, berriz, Ainhoa Sanz urretxuarra. Norbere kategorian, 1.500 eskailerak azkarren igo zituztenak izan ziren. Etxeberriak minutu bat eta 56 segundo behar izan zituen 500 eskailerako zatia egiteko, eta 4 minutu eta 39 segundo 1.000 eskailera igotzeko. Sanzek 2 minutu eta 26 segundotan igo zituen 500 eskailera; 1.000 eskailerako zatia, berriz, 5 minutu eta 48 segundoan egin zuen.

Eskualdeko bi korrikalarik osatu zuten gizonezkoen podiuma. Asier Aburuza adunarra izan zen bigarren, eta Uxer Mozo ikaztegietarra hirugarren. Lehen zatian, 500 eskailerakoan, 2 minutu eta 10 segundo behar izan zituen Aburuzak; Mozok, berriz, zazpi segundo gutxiago (2.03). Bigarrenean, ordea, azkarrago aritu zen adunarra. 5 minutu eta 13 segundoan igo zituen 1.000 eskailera; ikaztegietarrak, berriz, 5.35eko denbora egin zuen. Emakumezkoetan, Maider Unanue lazkaotarra eta Garazi Artola zumaiarra izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!