Aritz Intxaurrondo garaile, Basatrail mendi lasterketan

Josu Artutxa Dorronsoro

Aritz Intxaurrondo, Astigarragako helmugan. Argazkia: Kronika.

Korrikalari berastegiarrak 1.15.37ko denbora egin zuen Astigarragan jokatutako mendi lasterketaren lehen edizioko 17 kilometroko proban. Eskualdeko beste bi korrikalarik ere emaitza onak lortu dituzte. Irene Iturria bigarren izan zen Olazagutian, eta Oihana Zubillaga laugarren Gorbeia Suzien lasterketan.

Aritz Intxaurrondo korrikalari berastegiarrak, larunbatean Astigarragan jokatutako Basatrail mendi lasterketaren estreinako edizioko 17 kilometroko proba irabazi zuen, 1.15.37ko denbora eginda. Garaipen erraza lortu zuen Arbide taldeko berastegiarrak, ia 6 minutuko aldea atera baitzion bigarren izan zen Xabat Illarregi leitzarrari (1.21.26), eta ia 8 minutura helmugaratu zen hirugarren izan zen Mikel Rubio errenteriarra (1.23.30).

Iturria, bigarren

Bestalde, Osin Trail taldeko Irene Iturria bidaniarrak Olazagutiako (Nafarroa) Urbasa mendi lasterketaren 18. edizioan parte hartu zuen. 16,4 kilometroko proban, bigarren izan zen Iturria, 1.41.41eko denbora eginda. Izaskun Beunza olazagutiarrak lortu zuen garaipena (1.39.14), eta Maite Zabaleta etxarriaranaztarra izan zen hirugarren (1.47.49).

Irene Iturria, Olazagutiako podiumean. Argazkia: @unai_m

Zubillaga, laugarren

Azkenik, larunbatean Skyrunner World Series zirkuituko Gorbeia Suzien proba jokatu zen Zeanurin (Bizkaia). Skyrace proban, 32 kilometrokoan, emakumezkoetan, Domusa Teknik taldeko Oihana Zubillaga korrikalari anoetarra laugarren izan zen, 3.41.11ko denbora eginda. Atzetik aurrerako lasterketa egin zuen anoetarrak, kilometroak egin ahala korrikalariak aurreratzen joan baitzen, eta podiumetik oso gertu geratu zen, bost minutu baino gutxiagora, Natalie Beadle hirugarren sailkatuak 3.36.16ko denbora egin baitzuen.

Zubillaga ezkerrean, emakumeen kategorian lehen bost postuetan sailkatu ziren gainerako korrikalariekin. Argazkia: Gorbeia Suzien.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!