Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko ikasle ohi Jon Arozena Shangain

Tolosaldeko Ataria

Ibarrako gaztea Tolosaldea LHIIko ikasle ohia da, eta Espainia ordezkatzen ari da WorldSkills Shanghai Txapelketan.

Jon Arozena ibartarrak Cadinox enpresan egiten du lan gaur egun. Pasa den urtean, Tolosaldea Lanbide Heziketako ikasle zela, SpainSkills lehiaketa irabazi zuen, eta ondorioz, WorldSkills lehiaketan parte hartzeko txartela lortu zuen. Bada, une honetan Shangain dago, lehiaketa horretan Espainia ordezkatzen. Mundu osoko gazte profesionalek hainbat espezialitate teknikotan dituzten gaitasunak erakusten dituzte nazioarteko lehiaketa horretan.

Lehiaketa irailaren 23tik 26ra egingo da, eta ekitaldia hilaren 27ra arte luzatuko da. Guztira, 70 herrialde eta eskualde baino gehiagoko parte-hartzaileak bilduko dira, 64 lanbide-gaitasunetan lehiatzeko. «Ikasteko gogoa eta ilusioa dut. Garrantzitsua da, ez baita edonor iristen honaino. Lan ona egin nahi dugu, eta asmo horrekin goaz», azaldu du Jon Arozenak Shanghaitik.

EuskoSkillsetik munduko txapelketara
Jon Enrike Odriozola bere tutorearekin prestatzen aritu da, eta lehiaketen maila handitu ahala, prestakuntza ere aldatuz joan da. Odriozolak azken urteotan podiumera iritsi diren ikasleak lagundu ditu euskal eta estatuko lehiaketetan, eta azken hiru EuskoSkills edizioetako soldadurako irabazleen tutorea izan da. Aurreko SpainSkills edizioan ere estatuko txapeldunorde izan zen bere ikaslearekin batera.

Odriozolarentzat txapelketa bakoitzak ikaskuntza berria ekarri du. «Prestakuntza ez da berdina izan EuskoSkills, SpainSkills edo WorldSkillsetarako, maila handitzen doalako eta ebaluatzeko modua ere aldatzen delako», azaldu du. SpainSkillseko probetan, esaterako, egindako piezak erradiografia bidez aztertzen zituzten. Shanghain, berriz, eskakizuna are handiagoa izango da, eta probek konplexutasun tekniko handiagoa izango dute. «Aldez aurretik badakigu zer proba eta zer ebaluazio-irizpide izango ditugun; beraz, behin eta berriz egitea eta entrenatzea besterik ez dago», azaldu du. Prestakuntzaren barruan, makinek eskaintzen dituzten konfigurazio eta aukera ezberdinekin esperimentatu daiteke, eta lan bakoitzari aurre egiteko modu ezberdinak probatu daitezke, betiere ahalik eta emaitza onena lortzeko.

«Nire helburua da dakidana egitea »
Munduko txapelketa batean parte hartzeak errealitate oso ezberdinei aurre egitea dakar. Arozenak badaki prestakuntza maila eta eskura dauden baliabideak ez direla berdinak herrialde guztietan, baina badaki, halaber, zenbait lehiakidek urteak eman dituztela prestakuntza ia esklusiboan. «Maila oso ezberdinak aurkituko ditugu. Herrialde batzuek maila baxuagoa izango dute, eta beste parte-hartzaile batzuek, berriz, urteetan dedikazio esklusiboa izan dute eta oso maila altua izango dute», azaldu du. Horregatik, ez du helburu gisa sailkapen zehatzik ezarri. «Txapelketan nire helburua dakidana egitea, dudan onena ematea eta nire maila erakustea izango da», laburbildu du.

Shanghain lortzen duen emaitzaz harago, gazteak uste du prozesu osoak errepikatzen zaila den esperientzia bat bizitzeko aukera eman diola. «Oso esperientzia polita izaten ari da», adierazi du. EuskoSkillsetik hasi, Madrilen egindako estatuko txapelketatik igaro eta Txinara iritsi arte, bereziki nabarmentzen du leku ezberdinetako pertsonekin bizi eta lehiatzeko aukera. «EuskoSkillseko beste zentro batzuetako jendearekin lehiatu eta elkarrekin bizi izan gara; SpainSkillseko beste autonomia erkidego batzuetako parte-hartzaileekin, eta orain beste herrialde batzuetako jendearekin gaude. Oso esperientzia polita izaten ari da», kontatu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!