Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko Jon Arozena gazte ibartarrak aurtengo SpainSkills lehiaketa irabazi du. Madrilen izan da lehiaketa, eta bertan Espainiako 550 ikaslek hartu dute parte. Arozenak pasa den urteko Euskoskills lehiaketan irabazi zuen Espainia mailako txapelketan parte hartzeko aukera.
Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko arduradunek esan dute berriro ere bere nagusitasun teknikoa erakutsi duela soldadura probetan. «Autonomia erkidego guztietako parte-hartzaileak gainditu ditu zehaztasuna, kalitate-irizpide zorrotzak eta trebetasun praktiko aurreratuak uztartzen dituen espezialitate batean».
Lortutako garaipenari esker, ibartarrak Espainiako selekzioan parte hartuko du WorldSkills 2026an, Shanghain (Txina), eta baita EuroSkills 2027an ere, Düsseldorfen (Alemania). «Horrela, nazioarteko Lanbide Heziketako eszenan urrats sendoa eman du».
Lehiaketa
SpainSkills lehiaketa hiru egunetan zehar egin zuten otsail bukaeran, eta parte-hartzaileek hainbat soldadura lan praktiko egin behar izan zituzten euren gaitasunak erakusteko. Lehen egunean, probetak soldatu zituzten —xaflak zein hodiak—, soldadura-teknologia eta posizio desberdinak erabiliz. Egindako piezak erradiografien bidez aztertu zituzten puntuazioa jarri ahal izateko. Bigarren egunean, hainbat teknologia eta posizio erabiliz, depositu bat eraiki zuten, eta ondoren, presio-proba egin zioten. Azken egunean, erronka TIG soldadura-teknologia erabiliz bi egitura soldatu eraikitzea izan zen, bai aluminioan bai altzairu herdoilgaitzean.
Prestakuntza, ahalegina eta ibilbidea
Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak Jon Arozena ikaslearen tutore Enrike Odriozolaren «etengabeko lana» goraipatu du. «Odriozola erreferentziazko figura da mota honetako txapelketetarako ikasleen prestakuntzan. Azken hiru Euskoskills edizioetako soldadurako irabazleak gidatu ditu, eta aurreko SpainSkills edizioan estatu mailako txapeldunorde izan zen bere ikasle batekin, espezialitate honetan arrakasta-ibilbide sendoa finkatuz». Gehitu du ibartarraren garaipenak indartzen duela Tolosaldea LHIIren posizioa soldaduraren arloan gazte profesionalak prestatzen dituzten zentro nabarmenen artean. «SpainSkills lehiaketan parte hartzeak —Hezkuntza Ministerioak bi urtez behin antolatutako estatu mailako txapelketa— lanbide-ingurune errealaren antzeko baldintzetan lehiatzea dakar, eta aurrez autonomia mailako txapelketetan garaile izan diren ikasleen gaitasun teknikoak balioan jartzen ditu».
Omenaldia bere ikastetxean
Lorpena dela eta, gaur 18:00etan, institutuak omenaldia egingo dio Jon Arozenari. Ekitaldian, Cadinox enpresako ordezkariek —ikaslea FP dualaren ereduan bertan prestatzen ari da—, Ibarrako Udaleko kideek, Euskal LHko ordezkariek, eta senide, ikaskide eta lagunek parte hartuko dute. «Aitortza honek ikaslearen arrakasta indibiduala ez ezik, hezkuntza-zentroaren, enpresaren eta tokiko ingurunearen arteko elkarlanaren balioa ere azpimarratu nahi du, Lanbide Heziketa dualaren eredua bultzatuz. Urrezko domina berri honekin, Jon Arozena Euskal Herriko Lanbide Heziketa estatu mailako elitean kokatu duten ikasleen zerrendara batu da, teknika aurreratuak eta zehaztasun handia eskatzen dituen diziplina batean, maila handiko aukera profesional eta nazioarteko ateak irekitzen dituena».

