Donostiako Zinemaldiak 74 bete ditu aurten, eta eskualdeko zenbait ordezkari izango dira bertan. Aurrez aipatutako parte hartzeez gain, ordea, bada beste nobedade bat ere, hain zuzen, Eusko Label saileko finalera sailkatu direla Esperantza eta Txalupa mutila dokumental laburrak. Biak ala biak Josu Ozaita Azpiroz antropologo ibartarrak zuzendu ditu, eta Iñigo Zapirain (Zap! Bideogintza) ibartarrak muntatu.
Getarian grabatu dituzte bi ikus-entzunezkoak, eta Esperantza izena duenaren abiapuntua «Zergatik da Getaria munduan arraina jateko tokirik onena?» galdera izan da. Horrek bultzatuta aritu da antropologoa «moilako eguneroko bizitza» iruditan jasotzen, eta aurkitutako «sekretu bakoitza» telefono mugikorrarekin grabatu du: «Denboraren joanean, behatzaile huts izateari utzi eta komunitate berezi horren parte bilakatuko da».
Txalupa mutila izenekoak, berriz, 91 urteko Justo Silbeti txalupa mutila du protagonista: «'Pertsonei eta arrainei begietara begiratu', esaten da Getarian. Justo Silbetik itsasoko kresala behar du bizitzeko; begietan itsasoa bera ikusten zaio oraindik». Dokumentalean bildu dutenez, 11 urterekin hasi zen lanean, txalupa mutil, eta orduko oroitzapenek «bizi-bizi» jarraitzen dute bere baitan: «Goizero egiten du moilarako bidea, baina gaur ez da beste edozein egun: begietako dirdira bereziak agerian uzten du zerbait egiteko duela oraindik».
Bi lanak irailaren 24an proiektatuko dituzte saileko gainerakoekin batera, zehazki, Donostiako Aquariumean, 19:00etan. Halaber, egun horretan iragarriko dute zein piezak irabazi duen aurtengo edizioa.