Izaskun Arandiak 'Irailak' filma estreinatuko du Zinemaldian

'Irailak' filmeko fotograma bat. Iturria: Izar Films

Zuzendaria, gidoilaria, ekoizlea eta irakaslea da Izaskun Arandia (Tolosa, 1972), eta 'Irailak' Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko lehiatuko da, Zinemaldiaren Zinemira sailean.

Western kutsuko road movie bat da Irailak, eta bertan Arandiaren birraitona da protagonista: Miguel Barga. 1935eko amaieran, Miguel, familia Tolosan utzi, eta jaioterrira itzuli zen, Burgosera. Baina 1936an, Espainiako Gerra Zibilaren testuinguruan, hil egin zuten. Filmean, zinemagileak Miguelen urratsei jarraitzen die. Birraitonaren heriotza tabu familiarra izan zen hainbat hamarkadatan; baina 2018an, Gogora Institutuaren DNA programak haren gorpuzkiak identifikatu zituen eta datu asko ezagutu zituzten, bi galdera garrantzitsu erantzun gabe geratu baziren ere: zergatik joan zen hara eta zergatik hil zuten?

Irailak tolosarraren bigarren film luze dokumentala da, eta hiru aldiz ikusi ahal izango da Zinemaldian:

  • Principe zinema: irailak 21, 19:00etan.

  • Trueba zinema: irailak 22, 16:00etan.

  • Antiguo Berri zinema: irailak 23, 18:00etan.

Eskualdeko ordezkari gehiago

Eskualdeko Imanol Zubelzu, Roberto Ruiz eta Javi Rivero sukaldariek ere izango dute euren lekutxoa Zinemaldian. Hirurek hartu dute parte 300 Haritz lanean, eta Zinemiran ikusi ahal izango da. Lanak lehen baserriak egiteko 300 haritz behar zirela du ardatz. Basoa agortu zenean, zura harriarekin ordezkatu zen, eta agerian geratu zen identitateak irauteko eraldatu egin behar duela. Arantzazuko kriptan, Mahaia Kolektiboko 23 sukaldari esperientzia sakon batean murgildutako artistekin bildu ziren galdera funtsezko bati heltzeko: nola eutsi identitate propioari gaur egun? Erantzun itxietatik urrun, 300 Haritzek kide izateak eta aurrera egiteak zer esan nahi duen hausnartzen du, jatorria galdu gabe betiere. Principe zineman ikusi ahal izango da, irailaren 25ean, 15:30ean.

Javi Riverok, gainera, Izarrak filmean ere hartu du parte. Euskal gastronomiari buruzko lana da. Pasaiatik duela bost mende dirutza eta ongailuen bila abiatutako itsas espedizioetatik Euskal Sukaldaritza Berriaren iraultzaraino, dokumentalak identitatea eta lurraldea uztartzen ditu, gaur egun Gipuzkoara etorkizun oparo baten bila datozenen zein itsasoari eta lurrari begirako tradizioa bizirik mantentzen ahalegintzen direnen istorioekin. Principe zineman irailaren 20an (21:15ean), Trueba zineman irailaren 21ean (20:15ean) eta Antiguo Berri zineman irailaren 22an (16:00etan) ikusi ahalko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!