Ostiral gauean eta larunbatean erabat itxiko dute N-1 errepidea, Gasteizerako noranzkoan

Larunbat gauean eta igandean, berriz, Donostiako noranzkoaren txanda izango da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, N-1 errepideko zorua birgaitu behar dute asteburuan. 434,450 eta 435,750 kilometro-puntuen artean egingo dituzte lan horiek, Tolosa parean eta Ibarrako zubibidea dagoen zatian, ondorioz, errepidea erabat itxi beharko dute.

Zehazki, ostiral gauean eta larunbat guztian zehar, Gasteizerako noranzkoko bi erreiak itxiko dituzte, eta bypass bat jarriko dute Donostiarako noranzkoko galtzadan. Bypassak N-1eko 434. lotuneari eragingo dio —Tolosako erdiguneari, alegia—, beraz, Tolosa erdialderako irteera eta Tolosa erdialdetik N-1 errepiderako sarrera itxiko dituzte. Gasteiz aldetik Tolosara sartzeko edo Tolosatik Gasteizera irteteko, Tolosa hegoaldeko sarrera-irteera erabili beharko da, Bentaundiko eremuan.

Larunbat gauean eta igande guztian zehar, Donostiarako noranzkoko bi erreiak itxiko dituzte. Bypassa kontrako galtzadan jarriko dute, Gasteizerako noranzkoan. Bypassak N-1eko 434. lotuneari eragingo dio (Tolosa erdiguneari). N-1 errepidetik Tolosa erdialderako irteera eta Tolosa erdialdetik N-1 errepiderako sarrera itxiko dituzte, Donostiarako noranzkoan. Donostia aldetik Tolosara sartzeko edo Tolosatik Donostiara irteteko, Tolosa iparraldeko sarrera-irteera erabili beharko da (Santa Lutzia).

Aldaketa guztiok igandeko 21:00ak arte iraungo dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!