Amaitu da udako oporraldia, eta horrekin batera etxera itzultzeko garaia iritsi da. Oporraldia eskualdean igaro dutenak ere izan dira, haur sahararrak, kasu. Hain justu, ekainaren 30ean iritsi ziren, eta bi hilabetez gurean izan ostean, euren bizilekuetara itzuli dira. Oporrak Bakean programaren baitan, Aljeriako desertuan dauden errefuxiatuen kanpalekuetatik atera eta Euskal Herriko familietan eta aterpetxeetan igarotzen dute uda. Aurten, 204 haur saharar izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan; horietatik 92 Gipuzkoan, 86 Bizkaian eta 26 Araban.
Aurtengo edizioarekin pozik agertu da Elixabet Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko ordezkaria: «Bi hilabete hauetan askotariko esperientziak bizitu dituzte gure artean. Mediku-azterketak eta dentistaren bisitak egin dituzte, eta, aldi berean, udaz gozatzeko aukera ere izan dute. Baina, batez ere, ondo elikatzeko, zaintzeko, atseden hartzeko eta arnasa hartzeko aukera izan dute. Bi hilabetez beste errealitate bat ezagutu dute, harremanak sortu dituzte eta Tolosaldeko herri eta auzoetako eguneroko bizitzaren parte izan dira».
Haurrak iritsi eta berehala mediku-azterketak egiten zaizkie, haur bakoitzaren osasuna sakonago aztertzeko. Aurten, orokorrean denak osasuntsu zeudela jakinarazi du ordezkariak, eta «zortez» ez dute mediku espezialista askoren laguntza behar izan. «Azken urteetan hortzetako arazo ugari ikusi ditugu eta hori elikadura txarrarengatik da, baina pediatrarengana eraman ditugunean ez dugu gauza berezirik ikusi, osasuntsu jan behar dutela bai, baina hori urteroko gauza izaten da», gaineratu du.
Aisiari dagokionez, denetariko jarduerak egin dituztela kontatu du: «Lehen bi asteetan igeriketa ikastaroa egiten dugu, batzuk ur gainean egoten ikasteko eta beste batzuk igerilekuari beldurra kentzeko, eta bi aste horien ostean astean bitan gutxienez ekintza bat elkarrekin egiten saiatzen gara, familiak ere haien artean ezagutu eta esperientziak elkarbanatzeko».
Familientzako ere «esperientzia aberasgarria» izan dela azpimarratu Eizagirrek, «haurrek ez dute soilik jaso, eman ere egin dute. Etxeak, plazak, kaleak eta familiak irribarrez, jolasez eta bizipenez bete dituzte. Haiekin batera ikasi, partekatu eta gozatzeko aukera izan dugu». Orain, balorazioa egingo dute aurtengo edizioan parte hartu duten harrera familiekin batera, haien esperientziak, iritziak eta ideiak jasotzeko asmoz.
Tolosaldea Sahararekin elkartetik, bereziki, harrera familiei eman dizkiete eskerrak: «Bi hilabetez euren etxeak, denbora, egunerokoa eta bihotza haur hauen esku jarri dituzte. Euren konpromisoa, pazientzia, maitasuna eta eguneroko lana ezinbestekoak izan dira haur hauek uda hau modu berezian bizi ahal izateko. Egindakoa ikaragarria izan da, eta badakigu bi hilabete hauek ez direla beti errazak izan. Horregatik, gure esker ona are handiagoa da».
Era berean, eskerrak eman dizkiete Oporrak Bakean egitasmoan euren aletxoa jarri duten pertsona, elkarte, udal, enpresa, profesional, kirol talde eta herritar guztiei. Bakoitzaren ekarpena txikia edo handia izan, guztien artean osatzen da proiektu hau. Oporrak Bakean denon artean egiten dugu».
Hurrengo erronka
Haur sahararrak agurtu dituzten arren, Tolosaldea Sahararekin elkartearen lana ez da hemen amaitzen. Oporrak Bakean proiektu garrantzitsueneko bat bada ere, elkarteak urte osoan zehar saharar herriaren alde egiten du lan. Urtean zehar antolatzen dituzten ekintzetako bat izan ohi da Bueltaka ekimena. «Normalean, Maiatza Borrokan egitarauaren barruan antolatu ohi da, baina azken urteetan eskualdean hil horren bueltan hainbat jarduera egoten direnez, aurten aurreratzea erabaki dugu», azaldu du ordezkariak. Hala, irailaren 20an, Tolosako Berazubi estadioan egingo dute.
Ekimenaren helburua urteroko izango da, hau da, kirola eta elkartasuna uztartzea, eta hala, emandako buelta bakoitzeko euro bat bideratuko da saharar herriaren alde. Korrika egitea gustuko duten guztiek izango dute saharar herriaren alde egiteko aukera, baina ez da beharrezkoa izango korrika egitea; bueltak oinez ere egin daitezke.
Ordezkariak aipatu bezala, «Bueltaka ez da egun horretan estadiora gerturatzen direnen parte-hartzera mugatuko. Aurretik, enpresekin, elkarteekin eta lagun kuadrillekin harremanetan jarriko gara, taldeek kilometro edo itzuli kopuru jakin baten aldeko konpromisoa hartu dezaten».
Urrian, Elkartasun Azoka
Urrian, berriz, beste hitzordu bat izango da: Elkartasun Azoka. Bigarren eskuko arropa, oinetakoak, liburuak, jostailuak, etxeko gauzak eta bestelako materialak oso prezio egokietan jarriko dira salgai. Ekimen honek helburu bikoitza izango du; alde batetik, erabiltzen ez ditugun gauzei bigarren bizitza bat ematea, berrerabilpena eta kontsumo arduratsua sustatuz; eta bestetik, merkatuan lortutako diruarekin Tolosaldea Sahararekin elkarteak esku artean dituen proiektuak bultzatzen jarraitzea.