Denbora darama Elena Arrese (Tolosa, 1966) artistak Josturak proiektua lantzen, eta haren barruan osatu ditu erakusketa berrienak. Bata Zarauzko Torre Luzean uztailaren hasieratik egon da ikusgai, eta irailaren 13a izango da bisitatzeko azken eguna. Barne mundua, ingurunea eta higadura landu ditu formatu handiko lau mihisetan, paper gaineko obretan eta erliebe antropomorfoetan. Berriena, berriz, Donostiako Santa Teresa komentuan jarri du ikusgai, eta bertan ere mihiseak, «erlikiak» eta eskulturak jarri ditu jendaurrean. Diziplinarteko artistak kolore urdinarekin definitu ditu bi erakusketak, eta bertaratzera gonbidatu du interesa duen oro.
Nondik datorkizu arterako joera?
Betidanik margotu izan dut; txikitatik adierazi dut neure burua marrazkiekin eta pinturarekin. Matxin Labaienen ikaslea izan nintzen, nire belaunaldiko Tolosako ia haur guztien irakaslea. Aita Ruizen ikaslea ere izan naiz, eskolan zegoen eskolapio bat, larunbatetan eskolak doan ematen zituena... Beti izan dut zaletasun hori, joera hori.
Izatez Geografia eta Historia ikasi zenuen, ezta?
Hori da, Geografia eta Historian lizentziatua naiz, eta irakasle ere aritu naiz urte batzuetan. Gero, berriz, mundu artistikora jo nuen, nolabait enpresa ikuspuntutik. Joseba Urretabizkaia senarrarekin batera Mitxoleta enpresa sortu nuen, eta eskuz egindako album artisauak ekoizten genituen. Banan-banan margotuta izan ziren, eta batez ere haurrei zuzenduta zeuden. Horretan urte askoz garatu nintzen artista gisa, nolabait, modu profesionalean.
Gerora, Mitxoletarekin batera, Art-Panel enpresa ere sortu genuen, eta dekoratzeko panel artistikoak egiten hasi ginen. Bertan sormen zuzendari edo zuzendari artistikoa izan nintzen, eta nik aurreratzen nituen diseinu guztiak. Urte asko eman genituen horretan.
Nora jotzen duzu inspirazio bila?
Ez dut iturri zehatzik, nire kasa aritzen naiz asko. Egunero aritzen naiz lanean. Niretzat margotzea arnastearen edo jatearen pareko egiteko bat da. Etengabe ari naiz sortzen neure pentsamenduetatik, ideietatik, barne-mundutik, inguratzen nauen naturatik... Edonora begiratuta topatzen dut inspirazioa.
Eta elikatu nazaketen artisten arloan, dena gustatzen zait. Nire ustez, artean eta sormenean diharduten sortzaile guztiek dute eskaintzeko zerbait. Denak miresten eta errespetatzen ditut. Gaur egungo euskal panorama artistikoa zoragarria iruditzen zait: izan eskulturan, pinturan...
Zuk ere hainbat diziplina lantzen dituzu.
Bai, baina Zarauzko erakusketarako margolanak bakarrik egin ditut; eta badago erlieberen bat ere. Nire pintura materia handikoa da, testura markatuak ditu, erliebe handia... Bisitatzen duenak oso pintura kargatua topatuko du eta, piezaren arabera, erliebe handikoa; baina eskulturarik, kasu honetan, ez.
Aipatu duzu zeure burua adieraztetik abiatzen zarela sortzeko garaian, eta artelanek, askotan, ingurua ere islatzen dute.
Sortzeko, azken batean, barnean zein inguruan duzun guztira jotzen duzu. Josturak izena duen proiektu honetarako sendabide moduko batera jo dut, eta josteak irudikatzen du hori. Mota guztietako artxiboak begiratu ditut, baita deskatalogatutako edo baztertutako margolanak ere. Nire helburua beti da horiei, nolabait, berreskuratze edo bigarren susperraldi bat ematea, birsortze edo berritze moduko bat bilatzea.
Eta nondik dator barne mundu hori adierazteko gogoa?
Barne mundu handiko pertsona bat naizela uste dut. Eta esango nuke neure burua adierazteko edo zerbait esateko beharretik edo gogotik datorrela. Azken batean, sentitzen eta pentsatzen dudana adierazteko beharretik.
Zergatik izena du erakusketak 'Josturak: Paisaia eta Mugimendua Zarautzen'?
Zarauzko Torre Luzea leku zoragarria iruditzen zait nire lana aurkezteko. Zarauzko Alde Zaharrean dago, eta Erdi Aroko eraikuntza gotikoa da; ikusgarria, oso polita. Josturak proiektuan gogo handia nuen inguru hori lantzeko, eta saiatu naiz nolabait biltzen kostaldeko paisaiak, lanbroa, kostaldearen higadura, Zarautzek duen itsaso bizi hori...
Abiapuntutzat paisaia hartu dut, eta panoramika moduko batzuk ikusten dira. Kaio bat banintz bezala irudikatu ditut airetik itsasertzeko ikuspegiak; baina ez dira, inondik inora, postalak. Gero gehiago zentratzen naiz xehetasunetan, mikro eta makro arteko harreman horretan.
Ikusi ez duenari nola definituko zenioke erakusketa?
Erakusketa urdin bat aurkituko duela esango nioke. Oso urdina; itsas hondoko urdin sakona eta kobalto urdina. Zarautzek ez du urdin bera egun lasai edo ekaiztsu batean; eta biak daude erakusketan. Urdinak sinbolizatzen du Zarauzko kostaldea, eta, era berean, urdinak efektu sendagarria du niretzat, lasaitasun handia ematen dit. Erakusketara joaten denak Zarautz sumatuko du, baina baita sentimendua eta emozioa ere.
Aipatu duzu higadura ere lantzen duzula.
Asko gustatzen zait materia; izan ere, neure burua adierazten dut haren bidez. Geruzaz geruza margotzen dut, eta bata bestearen gainean jartzen ditut geruzak. Asko kostatzen zait obra bat amaitutzat jotzea. Kolorearen bidez ez ezik, ehunduraren bidez ere adieraztea asko gustatzen zait.
Eta material birziklatuak erabiltzen dituzu.
Bai, eta nahaste bat dago hor. Beti esaten dut nire lana teknika mistoko lana dela. Eta horixe bera esan nahi du: hainbat gauza uztartzen ditudala. Sortzeko material klasikoak eta modu tradizionalak edo konbentzionalak erabiltzen ditut; baina asko gustatzen zait collagea, materia sartzea eta nahastea ere. Nire pintura izugarri kaotikoa da; izatez, oso modu kaotikoan hasten naiz sortzen ere, nire kosmosari forma pixka bat eman arte.
«Oso modu kaotikoan hasten naiz sortzen ere, nire kosmosari forma pixka bat eman arte»
Erakusketatik bisitariak zer eramatea gustatuko litzaizuke?
Emoziozko pertsona bat naiz ni. Eta gustatuko litzaidake bisitaria erakusketatik ateratzea Zarauzko haize eta esentzia hori sentitu izanaren zirraraz. Ez nuke nahi jendea Zarauzko txoko baten irudikapenean geratzea. Erakusketatik atmosfera eramatea nahi dut, Zarautzen inguruko sentsazio orokorrago bat.
Zarauzkoaz gain, beste erakusketa bat ere baduzu esku artean.
Donostiako Santa Teresa komentuan dago erakusketa berria, eta urriaren erdialdera arte egongo da ikusgai. Kasu honetan hainbat artelan eramango ditut, zehazki, hamahiru eskultura, erlikia deitzen diedan sei edo zazpi kutxa txiki, eta formatu handiko sei mihise.
Eta zein gai landu duzu horietan?
Aurrekoaren ildotik jo dut hemen ere. Asko aritu naiz lanean naturarekin, inguruarekin, jendearekin... Eta nire lasaitasun propioa ere bilatu dut. Izena ere, aurreko proiektu berean denez, Josturak izango da, baina, kasu honetan, Donostia, jakina.
'Josturak', hortaz, proiektu zabalagoa da?
Bai, bai. Josturak duela dezente hasi zen, eta askoz ere zabalagoa da. Berreskuratzeko lan hori da ardatza, eta kontzeptu horren inguruan egiten ari naizen lana biltzen du proiektuak.
Oraingoan eskultura ere sartzea erabaki duzu, zer dela eta?
Kasu honetan eskultura ere egongo da, Donostiako erakusketan indar handia har zezakeelako. Zarautzen ez zen egokia, leku handirik ere ez genuelako, eta erakusketak arnasa hartzea nahi nuelako. Donostian, ordea, espazio zoragarria dago, eta egokia da erakusketa bideratu nahi izan dugun publikoaren pertzepziorako.
Zarauzkoa urdina dela aipatu duzu lehen. Nola definituko zenuke Donostiakoa?
Agian, urdina, baita ere [barrez]. Urdinari oso emana nago azkenaldian. Esanahi handiko kolorea iruditzen zait. Donostiakoak tonu ezberdinak izango ditu, noski. Itsaso sakoneko urdina eta kobalto urdina dira nire fetitxeak, baina gustatzen zaizkit turkesa eta zeru tonukoak ere.
Zer esango zenioke erakusketetara joan edo ez zalantzan dagoenari?
Gonbidatuko nituzke erakusketak ikustera, baina ez nireetara bakarrik. Edozein arte erakusketa. Erakusketa bat esperientzia sentsorial bat da, sentimendu sorta bat, emozioa. Esperientzia artistiko bat da, azken batean. Eta berdin du zein den artista. Arteak hainbeste betetzen nauenez, ikaragarri gustura joaten naiz; eta denei gauza bera gertatuko zaiela irudikatzen dut. Etor dadila mundu guztia, eta joan daitezela, orokorrean, erakusketak ikustera.


