Asteazkeneko eklipsea ikusteko zenbait babes-neurri eman dituzte

Abuztuaren 12an 19:30 aldera hasiko da fenomeno astronomikoa, eta eskualdean partzialki ikusiko da. Eusko Jaurlaritzak herritarrei eskatu die jarraibideak kontuan hartzeko.

2183. urtera arte gurean berriro ikusi ezin izango den fenomenoa ikusteko aukera izango da asteazkenean, abuztuaren 12an: eguzki-eklipse osoa. 19:30 aldera, ilargia eguzkia estaltzen hasiko da, eta handik ordubete eskasera, 20:27an, osotasun-fasea hasiko da. 21:30 aldera, normaltasunera itzuliko da zerua.

Eskualdean partzialki ikusiko da eklipsea. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, eklipsea ez da modu berean nabarituko lurralde osoan. Bestalde, abuztuaren 12an eta 13an Pertseidak izaten dira. Aurten, gainera, ilargia ilberri-fasean egongo da eta horrek behaketa erraztuko du.

Babes-neurriak

Eklipsearen egunean asko izango dira zerura begira jarriko diren herritarrak, eta aintzat hartzeko hainbat neurri eta jarraibide argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzak.

Behaketari dagokionez, inoiz ez zaio eguzkiari zuzenean begiratu behar babes egokirik gabe. Eguzkiak hainbat uhin-luzeratan igortzen du erradiazioa, eta horrek erretina erre eta ikusmenaren galera partziala eragin dezake, eta kalte itzulezinak sor ditzake.

Eklipse bat ikusteko modurik errazena eta seguruena horretarako berariaz diseinatutako betaurrekoak dira, ISO 12312-2 arauaren arabera ziurtatutakoak; izan ere, argi ikusgaia nabarmen murriztu eta erradiazio ultramorea eta infragorria blokeatzen dituzte. Europako benetako CE marka, erabiltzeko jarraibideak eta, materiala iraunkorra ez bada, iraungitze-data izan behar dituzte. Hala ere, ez da komeni 45 segundo baino gehiago jarraian behatzea, eta atsedenaldi laburrak egitea komeni da.

Osotasun-fasean soilik, ilargiak eguzkia erabat estaltzen duenean, ikusi daiteke eklipsea begi hutsez; eguzkiaren lehen argia berriz agertu bezain laster jantzi behar dira berriro ere betaurrekoak. Kontu handiz ibili behar da haurrekin eta pertsona zaurgarriekin, behaketan betaurrekoak kendu ez ditzaten.

Beste gomendio batzuk

Zuzeneko behaketatik harago, kontuan hartzeko beste jarraibide batzuk ere eman nahi zaizkie herritarrei. Trafikoari dagokionez, ikuspen oneko eremuetarantz joan-etorriak handitzea aurreikusten da. Horregatik, hurbileko puntu bat aukeratzea gomendatzen da, beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko. Halaber, denborarekin ibiltzea eta Ertzaintzaren eta beste agintari batzuen jarraibideei kasu egitea eskatzen da.

Eguraldiaren iragarpenari adi egotea ere komeni da, kostaldeko lanbroagatik, bero-hodeiengatik eta uda sasoiko trumoi-ekaitzengatik. Bestalde, garrantzitsua da eklipsearen aurreko orduetan azalerako eguzki-babes egokia erabiltzea, kapela edo txanoa janztea eta ondo hidratatzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!