2025-2026 denboraldiari amaiera emateko, azken bi asteburuetan zehar infantil eta junior mailako Espainiako Igeriketa Txapelketak jokatu dira, hurrenez hurren, Kanaria uharteetan eta Katalunian. Horietan Tolosaldea IKT klubeko sei igerilarik parte hartu zuten.
Lehenik, uztailaren 16 19ra bitarte infantil mailako txapelketa jokatu zen Las Palmas Kanaria Handikoan. Eskualdeko bost igerilarik parte hartu zuten txapelketan: Alain Zaldua, Nora Gaztelumendi, Patxi Arzalluz, Aratz Aranbarri eta Aner Gastesi. «Emaitza oso onak lortzeaz gain, txapelketa hau etorkizunera begira ikaskuntza eta esperientzia bikaina izan zen haientzat», adierazi du Beñat Bidaola Tolosaldea IKT klubeko prestatzaileak.
Arzalluzek estilo libreko hiru probatan parte hartu zuen: 50 metrokoan 21. izan zen 25.58ko denbora eginda, 100 metrokoan 28. denbora onena egin zuen (56.37), eta 200 metrokoan 39. izan zen (2.05.04).
Zalduak tximeleta estiloko bi proba egin zituen: 50 metrokoan 14. izan zen 27.01eko denbora eginda, eta 100 metrokoan 23. denbora onena egin zuen: 1.00.89.
Gastesik bakarkako lau proba egin zituen: lau estiloetako 200 metrokoan 19. izan zen, 2.24.33ko denborarekin, bizkar estiloko 100 metrokoan 22. denbora onena egin zuen (1.07.08), bizkar estiloko 50 metrokoan 32. izan zen, 31.62ko denbora eginda, eta tximeleta estiloko 50 metrokoan 35. postuan amaitu zuen 31.62ko denborarekin.
Azkenik, Gaztelumendik proba bakarrean parte hartu zuen: bizkar estiloko 50 metrokoan. 33.11ko denbora egin zuen, eta 40. izan zen.
Horrez gain, Arzalluzek, Zalduak, Aranbarrik eta Gastesik estilo libreko 4 x 100 metroko errelebotako proban parte hartu zuten. 16. izan ziren, 3.49.67ko denbora eginda.
Ilargi Sarria, Sabadellen
Joan den asteburuan, hau da, uztailaren 23tik 26ra, junior kategoriako txapelketaren txanda izan zen. Sabadelleko (Katalunia) Can Llong igerilekuan jokatu zen, eta txapelketan parte hartu zuen Tolosaldea IKTko Ilargi Sarria igerilari gazteak. «Bere adineko igerilari onenekin lehian aritu zen, eta finaletara sailkatzetik oso gertu geratu zen», azaldu du Bidaolak.
Lau probatan parte hartu zuen Sarriak: estilo libreko 50 metrotakoan 10. izan zen, 27.54ko denbora eginda, bular estiloko 50 metrokoan 12. postuan amaitu zuen 34.82ko denborarekin, estilo libreko 100 metroko proban 11. izan zen 59.99ko denbora eginda, eta bular estiloko 100 metroko proban 1.18.48ko denbora egin zuen eta 14. postuan sailkatu zen.
Garrido eta Lakunza, Mediterraneoko Jokoetan
Aipatutako igerilariek amaitu dute denboraldia. Hala ere, Tolosaldea IKTn bada oraindik nazioarteko lehiaketa batean arituko den igerilari bat. Izan ere, Nahia Garrido urretxuarrak abuztuaren 22tik 25era Taranton (Italia) jokatuko diren Mediterraneoko Jokoetan parte hartuko du Espainiako selekzioarekin. Une honetan, txapelketari begira entrenatzen ari da buru-belarri.
Garridoz gain, Irati Lakunza Igarondo Urpekoak taldeko igerilari tolosarrak ere parte hartuko du Mediterraneoko Jokoetan. Ur-azaleko bi probatan igeri egingo du Lakunzak: 200 metrokoan eta 400 metrokoan.
