Eskualdetik igaroko da Donostiako Klasikoa, eta eragina izango du trafikoan

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko uztailaren 30a

2024ko Donostiako Klasikoa lasterketa Adunatik igaro zen unea. LEYRE CARRASCO

Larunbatean jokatuko da UCI World Tour kategoriako lasterketa, eta Bidania-Goiatz, Tolosa, Anoeta, Alkiza, Zizurkil eta Aduna zeharkatuko ditu 13:30 eta 14:15 bitartean. Gorka Sorarrain tolosarrak eta Unai Iribar ibartarrak parte hartuko dute.

Datorren larunbatean, abuztuak 1, izango da Donostiako Klasikoa. Donostian hasi eta bukatzen den UCI World Tour mailako lasterketa eskualdetik igaroko da. Hain justu, Urrakiko gaina igo ondoren, Bidania-Goiaztik igaroko dira txirrindulariak, eta ondoren, Tolosa eta Anoeta gurutzatuko dituzte, Alkizara igo aurretik. Tolosara Bentaunditik sartuko dira, eta Araba etorbidea, San Frantzisko pasealekua eta Rondilla eta Barrena kaleak zeharkatuko dituzte, Belatetik barrena Anoetara joateko. Alkizako gaina hirugarren mailako mendatea izango da, mendate puntuagarria mendiko sailkapenerako. Ondoren, Zizurkildik eta Adunatik igaroko dira txirrindulariak, Aiztondo bailara atzean utzi eta Andoainen sartu aurretik.

25 taldetako 175 txirrindularik parte hartuko dute lasterketan, eta horien artean bi Tolosaldekoak izango dira: Kern Pharma taldeko Unai Iribar ibartarra eta Caja Rural Seguros RGA taldeko Gorka Sorarrain tolosarra. Joan den larunbatean jokatu zen 103. Ordiziako Klasikoan parte hartu zuten biek. Sorarrain garaipenetik gertu egon zen, azkarrenen taldean iritsi baitzen helmugara, baina azkenean bederatzigarren postuan sailkatu zen; Iribar, berriz, 40. izan zen, onenen taldetik minutu eta 57 segundora.

Lasterketak eragina izango du trafikoan, eta zenbait kale eta errepide itxiko dituzte aipatutako eskualdeko herrietan. Esaterako, GI-3630 eta GI-3021 errepideak itxi egingo dituzte, hurrenez hurren, Anoetan eta Adunan. Lasterketako txirrindulariak, autoak eta gainerako ibilgailuak igaro ondoren, berriro zabalduko dituzte. Lasterketaren abiaduraren arabera, eskualdetik gutxi gorabehera 13:30 eta 14:15 artean pasako direla aurreikusten dute antolatzaileek.

Ibilbidea eta ordutegi posibleak:

Tolosan, eragina

Tolosako kasuan, trafikoan ez ezik, lasterketa igarotzeak eragina izango du aparkalekuetan eta autobus zerbitzuan. Batetik, egun horretan bertan, aipatutako ibilbideko kaleak itxiko dituzte, txirrindulariak igaro baino bi ordu lehenago, hau da, 11:00etatik aurrera.

Bestetik, eta zirkulazioan izango duen eraginaz gain, ibilbideko kaleetan ezingo da aparkatu: San Frantzisko pasealekuan aurreko eguneko 22:00etatik aurrera eta Rondilla eta Barrena kaleetan egunean bertan 07:00etatik aurrera.

Azkenik, autobus zerbitzuan ere izango da aldaketa. Aipatutako ibilbidean gelditu ohi diren autobusek, herrigunea zeharkatzen dutenek, Santa Klaran egingo dute geldialdia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!