Areto futboleko Hirugarren Mailako Tolosala taldeak entrenatzaile berria du. Inhar Torresek (Zizurkil, 2002) beteko du azken hiru denboraldietan Tolosako taldeko entrenatzaile izan ondoren Javi Mugika tolosarrak utzitako hutsunea. Torresek Tolosalaren hirugarren taldea entrenatu du azken bi denboraldietan; aurten, Gizonezkoen 1. Erregional Mailan lehiatu da.
Tolosalaren lehen taldeak azken denboraldietako helburu bera izango du irailean hasiko duen ligan: Bigarren B Mailara igotzea. Aurreko denboraldian laugarren izan zen, eta ez zuen mailaz igotzea lortu.
Torres Donostiako Antiguoko taldeko jokalaria izan zen, baita Tolosalakoa ere, baina duela hiru urte belauneko enegarren lesio larriaren ondorioz, kantxa barruko lanak albo batera utzi eta entrenatzaile izatea erabaki zuen. Postu horretan, Donostiako Aldapeta taldea zuzendu du jubenil eta senior mailatan. Azken bi denboraldietan, arestian aipatu bezala, Tolosala entrenatu du.
Jon Kortajarena Tolosalako bigarren entrenatzaileak ere taldea utzi du aurten. Postu horretan, konfiantza handiko pertsona bat izango du ondoan Torresek: Juancar Sanchez lehengusua. Esperientzia handia du areto futbolean.
Taldera eraberritzen
2026-2027 denboraldiari begira, oraingoz lau fitxaketa egin ditu Tolosalak. Bigarren B Mailako Lauburu Ibarra taldetik Unax Iglesias, Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailako Janrablue taldetik Euken Telleria, Tolosalako hirugarren taldetik Xabier Alustiza, eta bi urtez kantxetatik kanpo egon ondoren taldera itzuliko den Aitor Narvarte atezaina.
Bestalde, eta arestian esan bezala, Mugika eta Kortajarena entrenatzaileek taldea utzi dute, baita Beñat Irazustabarrena, Ketxus Gerra eta Iker Lakunza jokalariek eta Aimar Ugartemendia eta Alex Ibañez atezainek ere.
Tolosalak abuztuaren 22an hasiko du denboraldiaurrea, eta iraileko azken astean ekingo dio ligari. Lehen neurketa Oiartzunen jokatuko dute. Etxean jokatuko duten lehen norgehiagoka bigarren jardunaldikoa izango da, Pasaiako Afantxo taldearen aurka. Urriko lehen larunbatean izango da, Usabal kiroldegian.