Mendi lasterketetako euskal selekzioak datorren larunbatean izango du udako lehen hitzordua, Ameriketako Estatu Batuetan. Hain justu, Washington estatuko Olympic Mountains mendietan jokatuko den Merrell Skyrunner World Series zirkuituko Beast of Big Creek proban parte hartuko du.
Bi kategoria izango dira: 23 urtez azpikoak eta absolutuak. Bada, absolutu mailan eskualdeko bi korrikalarik ordezkatuko dute euskal selekzioa: gizonezkoetan Oier Zubeldia amezketarrak eta emakumezkoetan Ainhoa Garikano tolosarrak. 22 kilometroko luzera eta 1.600 metroko desnibel positiboa izango dituen ibilbidean, igoera gogorrak, jaitsiera teknikoak eta paisaia ikusgarriak izango dituzte aurrez aurre.
Duela hilabete inguru, zirkuitu bereko Yading Skyrace lasterketan parte hartu zuten Zubeldiak eta Garikanok, Txinan, han ere euskal selekzioarekin. Amezketarra bigarren izan zen gizonezkoetan, eta Garikanok ezin izan zuen proba amaitu.
Oihana Zubillaga, Hego Amerikan
Txinako eta AEBetako proben artean, Merrell Skyrunner World Series zirkuituko bi lasterketa jokatu dira Hego Amerikan, eta bietan parte hartu du Oihana Zubillagak, Domusa Teknik Lana taldeko mendi korrikalari anoetarrak.
Ekainaren 28an, Ibarra Skyrace lasterketan parte hartu zuen Ibarran (Ekuador), eta laugarren postuan helmugaratu zen. 21 kilometroko luzera eta 2.000 metroko desnibel positiboa izan zituen ibilbideak, eta punturik garaiena 4.560 metrotara zegoen. Anoetarrak 2 ordu, 32 minutu eta 7 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko, eta oso gertu izan zuen podiuma; hirugarren postuan sailkatu zen Rosalia Zegarra perutarrak minutu pasatxoko aldea atera zion (2.31.01). Amanda Nilsson suediarrak lortu zuen garaipena (2.26.30), eta Blanca Llumiquinga ekuadortarra izan zen bigarren (2.30.02).
Uztailaren 5ean, berriz, Huarazen (Peru) jokatu zen Cordillera Blanca Skyrace proban parte hartu zuen Zubillagak. 26 kilometroko luzera eta 1.550 metroko desnibel positibo metatua izan zituen ibilbideak, eta punturik garaiena 4.510 metrotara zegoen. Aurreko lasterketan baino urrutiago izan zuen podiuma anoetarrak. Bederatzigarren postuan helmugaratu zen, 4.03.35eko denbora eginda.