Euken Fernandez 20 urtez azpiko Espainiako txapeldun

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko uztailaren 21a

Euken Fernandez (erdian), Ikurriña eskuetan eta urrezko domina jantzita, Albaceteko podiumean. Argazkia: Espainiako Atletismo Federazioa.

Atleta amezketarrak urrezko domina jantzi du xabalina jaurtiketan, 64,20 metroko jaurtiketa eginda. Bestalde, nesken erreleboko taldeak absolutu mailako Tolosako errekor berria ezarri du.

Joan den asteburuan 20 urtez azpiko Espainiako Atletismo Txapelketa jokatu zen Albaceten (Gaztela-Mantxa). Tolosa CF klubeko zortzi atletek parte hartu zuten, eta klubak adierazi duenez, «emaitza bikainak» lortu zituzten.

Guztien artean, Euken Fernandez amezketarrak lortu zuen emaitza nabarmenena. Xabalina jaurtiketan aritu zen, eta finaleko lehen jaurtiketan lortu zuen gerora urrezko domina emango zion jaurtiketa: 64 metro eta 20 zentimetro. Aurkariek ezin izan zuten marka hori gainditu. Bost jaurtiketa gehiago egin zituen Fernandezek, marka hobetzeko helburuarekin, baina ez zen gai izan. AA Mazi taldeko Alex Cesar izan zen bigarren (61,68 metro), eta Unicaja Jaen Paraiso Interior klubeko Hector Garciak egin zuen hirugarren jaurtiketa onena (61,03 metro).

Beste emaitza nabarmen bat ere lortu zuen Tolosa CF klubak. Hain justu, nesken 4 x 100 metroko proban. Nagore Gabarainek, Laia Azpilgainek, Ane Alonsok eta Maier Etxabek parte hartu zuten errelebotako proban, eta laugarren izan ziren, 47.61eko denbora eginda. Hirugarren postutik 55 segundo-ehunenera geratu ziren. Dominarik ez lortzearen zapore gazi-gozoa geratu bazitzaien ere, albiste pozgarri bat izan zuten. Izan ere, absolutu mailako Tolosako errekor berria ezarri zuten proba horretan; aurrekoa 47.68koa zen.

Errelebotako proban parte hartzeaz gain, 200 metrokoan ere aritu ziren Gabarain, Azpilgain eta Alonso. Azken biek ez zuten finalerdietarako txartela lortu; Azpilgainek 26.03ko denbora egin zuen, eta Alonsok 26.43koa. Gabarainek, berriz, finalera sailkatzea lortu zuen. Kanporaketetan hirugarren denbora onena egin zuen: 24.48. Finalerdietan motelago egin zuen lasterka (24.63), baina finalera sailkatu zen. Azken lasterketan bosgarren postuan helmugaratu zen, 24.87ko denbora eginda. Lehen kanporaketan egindako denborak brontzezko domina janzteko balio izango zion.

Klubeko beste bi atleta ere euren probetako finaletan aritu ziren. Batetik, Eneko Zubia, bederatzigarren izan zen pisu jaurtiketako proban, 13,28 metroko jaurtiketa eginda. Idoia Arrospidek, berriz, 1.500 metroko proban parte hartu zuen. Finalerdietan bederatzigarren denbora onena egin zuen (4 minutu eta 49 segundo), eta finalera sailkatu zen. Azken lasterketan, kanporaketako denbora segundo bat hobetu bazuen ere, hamabigarren postuan helmugaratu zen.

Ekhi Civico eta Maier Etxabe izan ziren txapelketan parte hartu zuten Tolosa CFko beste bi atletak. Civicok 1.500 metroko proban parte hartu zuen, eta 4.09.57ko denbora eginda, 26. denbora onena egin zuen finalerdietan. Etxabek, berriz, 400 metro hesiak proban parte hartu zuen, eta finalerdietan hemezortzigarren izan zen, 1.06.66ko denbora eginda. Ondorioz, bietako inor ez zen finalera sailkatu.

Tolosa CF klubeko 5 entrenatzaile joan ziren Albacetera, zortzi atletekin batera, eta klubak guztiak zoriondu ditu, egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!