Arkaitz Gabirondo pilotari gazteluarrak eta Jokin Altuna amezketarrak ez dute atsedenerako tarte handirik izango udan. Caixabank Masters Txapelketa jokatzeaz gain, abuztuan jokatu ohi diren torneoetako lehena ere jokatuko dute, Gasteizko Andre Maria Zuriarena. Ogeta pilotalekuan jokatuko dira partida guztiak, eta bi mailatan banatu dute txapelketa: A Seriea eta B Seriea.
Gabirondok Iruñeko San Fermin Torneoan jokatu zuen estreinakoz lehen mailako txapelketa bat. Gasteizen, aldiz, B Serieko txapelketa jokatuko du, Rekalderekin bikotea osatuta. Abuztuaren 6an jokatuko dute finalerdia Murua-Eskuza bikotearen aurka. Egun berean, baina A Seriean, Altuna III.a ariko da. Rezustarekin jokatuko du amezketarrak, eta Zabala-Zabaleta bikotea izango dute aurkari Aspeko bikoteen arteko finalerdian.
Bezperan hasiko da txapelketa, eta Baiko Pilotako bikoteen arteko finalerdiak izango dira Ogetan. B Seriean, Amiano-Landa bikoteak Zubizarreta IV-Aranguren bikotearen aurka jokatuko du; A Seriean, berriz, Laso-Albisu eta Larrazabal-Mariezkurrena II bikoteek neurtuko dituzte indarrak.
Finalerdietako irabazleek hilaren 8ko finaletan jokatuko dute elkarren aurka. Torneoko jaialdietarako sarrerak esteka honetan erosi daitezke.