Futbol zelaian zein kanpoan arduraz jokatzeko eskatu dute

Bi zauritu izan dira Tolosan jokatutako Donosti Cup txapelketako partida batean izandako istiluetan; horrelako jokaerak saihesteko lanketa egin dute Tolosan zein Alegian.

Donosti Cup txapelketa jokatu berri da. Bertako nahiz atzerriko 900 taldek hartu dute parte, eta partidak Donostian ez ezik, beste hainbat herritan jokatu dituzte, Alegian eta Tolosan, kasu. Bada, Tolosako Usabal kiroldegiko futbol zelaian istiluak izan ziren joan den asteburuan, Murtziako (Espainia) Elitec eta AEBko Las Vegas 2 taldeetako zaleen artean.

10 eta 11 urteko haurren arteko partida zen, eta epaileak bi txartel gorri erakutsi ostean sortu zen iskanbila. Bi taldeetako zaleen artean borroka hasi zen harmailetan, eta Ertzaintzak esku hartu behar izan zuen. Bi zauritu izan ziren, eta anbulantzia bat bertaratu zen istiluak izan ziren lekura. Zaurituetako bat bertan artatu zuten; bestea, berriz, ospitalera eraman zuten.

Egoera hori salatu du Unai Lagos futbol epaileak. Futbol epaile lanetan aritzen da tolosarra, eta txapelketetan ematen diren halako gertaeren aurka agertu da: «Jarrera desatsegina dela uste dut eta hori nolabait ekidin egin beharko litzateke, horrelako jarrerak normalizatzen baditugu gehiago gertatuko direlako, eta nahi duguna da haurren arteko futbola erakargarria eta kirol polita izatea, jendeak hori gozatu dezan».

Horrelako jarreren aurrean epaileek protokolo bat dutela jakinarazi du Lagosek: «Protokolo hori irainak edota eraso fisikoak gertatzen direnean aktibatzen dugu, horretarako hiru pauso eman behar ditugu; lehena, zelaiko delegatuari jakinarazten zaio zer gertatzen ari den, baina egoerak aurrera egiten badu bigarren pausora joaten gara; partidan 15 minutuko etenaldi bat egiten da liskarra geratu arte, eta egoera ez bada lasaitzen hirugarren pausora joaten gara, hau da, partida bertan behera uztera». 

Donosti Cup bezalako txapelketak okerrera doazela uste du Lagosek, «geroz eta liskar gehiago ari direlako sortzen, eta nola kontzientziatu horretaz? Parte hartzaile eta zelaira joaten diren zale guztiak hartu beharko lukete ardura horrelako egoerak ez sortzeko».

Futbol 00 Tolosa

Tolosan zein Alegian halako jokaerak saihesteko lanketa egin dute azken hilabeteotan. Tolosan, esaterako, Futbol 00 egitasmoaren bueltan egin dute, «futbol etikoagoa eta osasungarriagoa» sustatzen laguntzeko helburuarekin. Joan den hilabetean aurkeztu zuten egitasmoa Topic-en, Talde-lanaren, lehiakortasunaren eta anbizioaren onurak gazteen heziketak izenburupean. Harrerarekin pozik agertu da Gorka Etxeberria Futbol 00 egitasmoko arduraduna: «Jende asko joan zen, ideia ondo hartu zuten, lehen pausoak ondo eman ziren eta oinarriak oso ondo ezarri dira». 

Egitasmoarekin «kultura bat aldatzeko asmoa» dutela adierazi du Etxeberriak, «eta hori ez da egun batetik bestera egiten». Horregatik, udako oporraldiaren bueltan hurrengo pausoak emango dituztela zehaztu du. Hainbat arlotako jendea batu nahi dute irailetik aurrera, eta hilabetero-hilabetero horiek lantalde batzuk martxan jarriko dituzte. Horretarako, hainbat eragilerekin elkartu eta elkarrizketak egingo dituzte, esaterako, Tolosako Udalarekin eta Tolosa CFrekin, eta baita ikastetxeekin ere. «Orain arte Bat Egin eta Trebatu kanpainak egin ditugu, eta irailetik aurrera hirugarren pausoa emango dugu Ekin kanpainaren bitartez», gehitu du.

Emaitza, berriz, epe luzean ikusiko dutela jakinarazi du: «Niri emaitza txikiak bata bestearen atzetik ikustea gustatzen zait, eta gure erronka Tolosaldean esparru eta kirol ezberdinetako jendea elkarturik ikustea da, horiek martxan jarri eta plan zehatzak ateratzeko. Behin hori eginda uste dut kirol taldeak eta kirol esparruak 00 izendatu ahalko ditugula, baina aurretik ondo josi behar dugu dena».

Asteburuan Tolosan izan den istilura itzuliz, «onartezina» dela azpimarratu du Etxeberriak: «Uste dut txapelketaren antolatzaileek gehiago egin dezaketela horrelakorik berriro ez gertatzeko, baina zoritxarrez, urtero zelai askotan gertatzen dira horrelakoak, eta inork ez du arduraz hartzen. Horregatik, denak lanera deitu nahiko nituzke, eta kasu honetan, txapelketako arduradunek ardura gehiago hartu beharko luketela uste dut».

Etxeberriaren ustetan pertsonen jarrerak dira aldatu behar direnak, «eta haurrentzako zein gurasoentzako eman dezakedan aholkurik onena da Futbol 00 egitasmora gerturatzeko, guk landuko ditugun jarrerekin gero edonora joango direla eta beren bizitzako edozein esparrutan erabiliko dituztela jarrera horiek, testuinguruak ez duelako errurik, pertsona bakoitzaren jokabideak baizik».

Balioen Dekalogoa

Alegiako Intxurre futbol taldean ere «gurasotasun positiboa eta nerabeen ongizatea» landu dituzte Alex Remiro fundazioaren eta Futbolmas fundazioaren eskutik jasotako prestakuntza baten bitartez, eta, era berean, Balioen Dekalogoa osatu dute. «Kirolean, eta futbolean batzuetan are gehiago, jende pila elkartzen da, hainbat adinetakoak, tartean nerabeak, eta beraiek nola dauden eta gurasoek eta entrenatzaileek edo arduradunek ematen dizkieten mezuak eragin handia izan dezakete», azaldu du Patxi Renobales Alegiako Intxurre futbol taldeko zuzendariak.

Urtarrilean eta otsailean egin zuten eta «herritar gutxi batzuk» parte hartu bazuten ere, bukaeran Intxurre futbol taldearen Balioen Dekalogoa osatu zuten. Klubeko futbol taldeen artean zabaldu zuten, eta herrian fisikoki ere jarri zuten eta baita futbol zelaian ere. Renobalesen ustetan «futbolean jokatzea gozamena izan behar du, ez sufrimendu bat». Bertan agertzen diren balioetako batzuk dira laguntasuna, euskara, konfiantza, berdintasuna, esfortzua, kiroltasuna eta gozamena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!