Berastegi, Berrobi eta Elduain Tolosarekin lotzeko autobus zerbitzua indartuko du Aldundiak

Ataria 2026ko uztailaren 10a

Pasa den ekainaren 11n izan zuten bileran ateratako argazkia.

Uztailaren 13tik aurrera gaueko bi ordutegi berri izango dira TO02 linean.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Departamentuak esan du Berastegi, Berrobi eta Elduain Tolosarekin lotzeko autobus zerbitzua (TO02) indartuko duela astelehenetik, uztailak 13tik, aurrera. Egun horretatik aurrera, TO02 lineak astelehenetik ostiralera gaueko bi zerbitzu berri izango ditu: 22:30ean Tolosatik Berastegirantz, eta 22:50ean Berastegitik Tolosarantz. Ordutegi hori udako hilabeteetan mantenduko dute, eta irailaren 1etik aurrera ordutegia aldatuko dute: irteerak 22:10ean izango dira Tolosatik, eta 22:30ean Berastegitik.

Irailaren 1etik aurrera, gainera, TOo2 lineak astelehenetik ostiralera goizeko lehen orduetan beste bi zerbitzu berri ere izango ditu: 05:50ean Tolosatik, eta 06:10ean Berastegitik irtengo dira. Zerbitzu berri horiei esker, Renferen Aldiriko trenekin lotura egiteko aukera ere erraztuko da.

«Hobekuntza hauek eskaintzen diren zerbitzuak zabaltzeko garatzen ari garen estrategiaren barruan kokatzen dira. Helburua da erabiltzaileen beharrei erantzun hobea ematea, bereziki lanera joateko edo lanetik itzultzeko garraio publikoa erabiltzen duten pertsonenei», azaldu du Azahara Domínguez diputatuak. Era berean, eskerrak eman dizkie Berastegiko alkate Andoni Zuriarraini, Berrobiko alkate Aitzol Izquierdori eta Elduaingo alkate Oihana Amundaraini Lurraldebusen bidezko garraio publikoa hobetzeko erakutsi duten lankidetza eta prestutasunagatik.

Ildo horretan, diputatuak gogorarazi du joan den ekainaren 11n bilera egin zutela hiru udal horietako ordezkariekin, udalerriei zerbitzua ematen dien linea horren egoera aztertzeko eta orain gauzatuko diren hobekuntzak lantzeko.

«Departamentu honek Lurraldebuserako bere historiako aurrekonturik handiena, 68,4 milioi eurokoa, bideratzeko apustu estrategikoa egin badu, neurri hau bezalakoak sustatu ahal izateko izan da, garraio publikoa herritarren benetako beharretara egokitzea ahalbidetzen baitute. Gure helburua da pertsona guztiek, udalerri txikietan bizi direnek batez ere, zerbitzu eroso, seguru, eskuragarri eta egunerokoa erraztuko duten ordutegiak izatea. Inor ez dadila behartuta egon ibilgailu pribatua erabiltzera, hirugarrenen mende egotera edo, are garrantzitsuagoa dena, garraio publikoaren eskaintza egokirik ez izateagatik lan-aukerei uko egitera», adierazi du Azahara Domínguezek. Horrez gain, azpimarratu duenez, «garraio publikoaren alde egitea pertsona guztientzako aukera berdinak izango dituen Gipuzkoaren alde egitea da».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!