3.000 bidaia partekatu baino gehiago urte erdian

Ataria 2026ko uztailaren 13a

Urte hasieran zerbitzua Lehiberrin aurkeztu zutenekoa. TOLOSALDEA GARATZEN

Gorantz doa AutoBATen erabilera Tolosaldean. 375 erabiltzaile batu dira komunitatera urtarriletik, eta erabilerak goranzko joera izan du; hilero 1.600 bidaia baino gehiago egiten dira dagoeneko.

Bere lehen sei hilabeteetan AutoBAT komunitateak 243 erabiltzailek egindako 3.026 bidaia partekatu erregistratu ditu. Urtarrilaren 1ean argitaratu zenetik, komunitateak 375 erabiltzaile batu ditu.

Joera positiboa erakutsi du erabilerak: lehen hilabetean 608 bidaia erregistratu ziren, eta gaur egun, hilero 1.600 bidaia baino gehiago egiten dira Tolosaldean. «Progresio honek agerian uzten du auto partekatua eskualdeko eguneroko joan-etorrietarako benetako alternatiba dela», esan dute Tolosaldea Garatzeneko arduradunek.

Tribbu mugikorrentzako aplikazioan oinarritzen da AutoBAT. Aplikazio honek antzeko ibilbideak egiten dituzten gidariak eta bidaiariak elkarrekin harremanetan jartzen ditu, batez ere lanera edo ikastetxeetara joateko ohiko joan-etorrietan. Erabiltzaileek beren ibilbideak eta ordutegiak sartzen dituzte aplikazioan eta plataformak kointzidentziak identifikatzen ditu, bidaia partekatuak antolatzen laguntzeko.

Komunitatearekin bat egin nahi dutenentzat prozesua erraza da: Tribbu aplikazioa deskargatu behar da, profil bat sortu, eta Mi empresa/Universidad atalean AutoBAT bilatu. Bukatzeko, TOLOS26 kodea sartu eta une horretatik aurrera antzeko ibilbideak egiten dituzten beste pertsona batzuekin konektatu ahal izango da erabiltzailea. Tolosaldean zerbitzua erabiltzen dutenen batez besteko adina 29,6 urtekoa da, eta bidaia bakoitzeko batez besteko okupazioa 1,56 bidaiarikoa.

Sistema honek automatikoki banatzen ditu bidaia gastuak bidaiarien artean. Tribbu plataformak berak pizgarriak eskaintzen ditu: kilometroko eta bidaiari bakoitzeko  lau zentimo. Gainera, eskualdeko udalek laguntza osagarriak eman dituzte komunitatearentzat: bidaia bakoitzeko 2 eurorainoko pizgarriak eskaintzen dituen diru poltsa bat, hilean gehienez 750 euroko mugarekin, funtsa agortu arte erabilgarri izango dena. Deskontua zuzenean aplikatzen zaio bidaiariari eta ez du ezer ordaindu behar izaten bidaiaren kostua 2 euro baino txikiagoa bada.

Sei hilabeteotan udalek, Tolosaldea Garatzenen bitartez, 3.820 euro baino gehiago bideratu dituzte 2.281 bidaia diruz laguntzeko. «Zifra horrek erakusten du proiektuarekiko erakundeen konpromisoa. Funtsezko palanka izan dira laguntzak, batez ere, auto partekatua inoiz probatu ez dutenentzat».

Ingurumen dimentsioa

Autoa partekatzeko zerbitzu honen helburua errepidean dabiltzan ibilgailuen eserleku hutsak aprobetxatzea eta eguneroko joan-etorrietarako aukera ekonomikoagoa eta jasangarriagoa eskaintzea da.

Ingurumen dimentsio horretan jarri du arreta Tolosaldea Garatzenek: abian jarri zenetik, proiektuak, gutxi gorabehera, 31.633 kilogramo CO2 isurtzea saihesten lagundu du. «Auto partekatu baten eserleku bete bakoitza errepidean beste ibilgailu batek betetzen ez duen lekua da».

Tolosaldea Garatzenek esan du eguneroko erabaki txikiek, eragin handia izan dezaketela modu kolektiboan hartuz gero. «Partekatutako ibilbide bakoitzak bidaiarientzat aurrezpen ekonomikoa dakar, isurketak murriztea ingurumenarentzat, eta eskualdean dauden baliabideen erabilera hobea egitea». Honenbestez, adierazi dute abiatu eta urte erdira, AutoBAT mugikortasun alternatiba berri gisa ezarri dela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!