Rock doinuek girotuko dute Herniorako bidea

Ataria 2026ko uztailaren 9a

Beertoki elkarteak antolatuta, bosgarrenez ospatuko dute Errockmeria jaialdia. Igandean izango da, 12:00etan hasita, Zelatunen.

Eszenatoki bihurtuko dute, beste behin, Hernioko mendiaren magala. Izan ere, bosgarrenez ospatuko dute Errockmeria jaialdia Zelatunen. Ohi moduan, Amasa-Villabonako Beertoki elkarteak antolatu du egitasmoa eta aurtengo egitaraua Gailu, Ziran eta Loraze taldeek osatu dute. Igandean izango dira kontzertuak, 12:00etan hasita.

1997an Andoaingo Mikel Abrego musikariak eta Luis Andre bideogileak sortu zuten Gailu izeneko musika taldea. Hastapenetan bi baziren ere, gaur egun hiru lagun daude bilduta proiektu horren barruan: Okene Abrego (ahotsa eta samplerrak), Mikel Abrego (bateria eta ahotsa) eta Drake (baxua, kontrabaxua eta ahotsa). Taldeak rocka, hip-hopa, elektronika, punka eta jazza nahasten ditu bere kantuetan. Iaz, Bizi eta Ixo! izeneko diskoa autoeditatu zuten.

Ziraun rock taldea, berriz, Gernika-Lumon (Bizkaia) sortu zen, 2022an. Musika talde horrek rock alternatibo indartsua eta freskoa aurkeztu ohi ditu emanaldietan, betiere, melodia ilunekin eta ahots beltzen zein melodikoen arteko uztarketa berezi batekin. Proiektua Belatz taldearen oinordeko gisa jaio zen, eta egun, bost lagunek parte hartzen dute: Nerea Rute (ahotsa), Ibon Bilbao (gitarra), Asier Morales (gitarra), Mikel Conde (baxua) eta Pello Arriola (bateria). Aurten, Biziraun bigarren diskoa kaleratu dute, rock ilunaren bidean sakonduta ondu duten bederatzi abestiko lana. Besteak beste, egungo gizartearen inguruko hausnarketak eta bizipen pertsonalak islatu ditu taldeak bere azken proiektuan.

2023. urtean sortu zen, bestalde, Loraze taldea. Oiartzungo eta Errenteria-Oreretako (Gipuzkoa) gazteek osatzen dute banda hori, eta rock alternatiboa, stonerra eta nu-metal doinuak nahasten dituzte, garrasiz eta riff indartsuz osatutako musika zuzena eskaintzeko. Aurtengo otsailean, Aingura izeneko abestia grabatu zuen taldeak Zestoako Gaztain estudioan, taldeak bere bideoklipetako eta kontzertuetako irudiekin hornitutako bideo batekin batera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!