Atzo gauean jokatu ziren Atano III.ean San Fermin Torneoko Lau eta Erdiko Txapelketako bi finalerdiak. Lehenengoan Peña II.a tolosarrak ezin izan zion aurre egin Lasori, eta 22-6 galdu zuen. Peña II.ak 5 tanto egin eta 6 galdu zituen, eta Lasok, berriz, 16 tanto egin eta bakarra galdu zuen.
Bigarren finalerdian Altuna III.ak Zabalaren aurka sufritu egin behar izan zuen, batez ere bigarrengo partea. Abantaila handia izan arren, errioxarra bi tantotara (19-17) gerturatu zitzaion, baina ondoren amezketarra 22raino iritsi eta garaipena lortu zuen: 22-17. Altuna III.ak 15 tanto egin eta 5 galdu zituen, eta Zabalak 12 egin eta 7 galdu. Bost astez geldirik egon da amezketarra, eta on egin diola azaldu zuen partidaren amaieran.
San Fermin Torneoko Lau eta Erdiko finala asteartean, uztailaren 7an, jokatuko da Nafarroa Arenan. Jaialdia 11:00etan hasiko da, eta lehen partidan jokatuko dute Peña II.a-Iztueta eta P. Etxeberria-Zabaleta bikoteek. Ondoren izango da Altuna III.aren eta Lasoren arteko partida erabakigarria.