Tolosaldea turismo helburu arduratsu gisa garatzeko planaren barruan, eta oinezkotasuna sustatzeko helburuarekin bost mendi ibilbide berri sortu dituzte Belauntzan, Berrobin, Elduainen, Gaztelun, Iruran eta Lizartzan. Era berean, dagoeneko homologatuta zeuden beste hamazazpi mendi ibilbide ere berritu dituzte bost herritan, Alegian, Alkizan, Berastegin, Orexan eta Tolosan.
Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Planaren bigarren ardatza efizientzia energetikoaren hobekuntzak sustatzeko ekintzek osatzen dute. Hain justu, bertan kokatu du Tolosaldea Garatzen eskualdeko garapen agentziak Tolosaldea oinez eta bizikletaz proiektua. Euskadiko Turismo Jasangarriko Lurralde Planean eta Espainiako Gobernuaren Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren markoan kokatuta dago eta Next Generation- EU funtsek finantzatuta.
Hala, batetik, Tolosaldeko ibilbideen sarea osatzeko, mendi ibilbide homologatu edo seinaleztaturik ez zuten udalerriei honelako eskaintza bat sortzeko aukera eman zitzaien. Eta, bestetik, dagoeneko homologaturik zeuden mendi ibilbideetan hainbat arazo konpontzeko berrikuntzak egin dira, kalitatezko eskaintza bat sortzeko helburuarekin.
Ibilbide tematikoek eta mendi ibilbide homologatuek osatzen dute Tolosaldeko ibilbide sarea. SL herri ibilbideei dagokienez, 13 ibilbide erraz daude, eta horietatik ondorengoak berritu dira: SL-GI 52 Aldabatxikimendi, Alegian; SL-GI 53 Langaurre, Alegian; SL-GI 54 Karobien bidea, Berastegin; SL-GI 47 Urbainuko itzulia, Orexan; eta SL-GI 9 Askantxoko xaguxarrak, Alkizan. Zehazki, hasierako panelak berritu, geziak, pintaketa lanak eta garbiketa lanak egin dituzte horietan.
Bestalde, ondorengo ibilbide berriak sortu dira: SL-GI 61 Elduaingo itzulia (Lotura: Eldua auzoarekin eta Berastegi herriarekin); SL-GI 63 Araxes ertzeko bidea, Lizartzan; eta SL-GI 64 Belauntza-Berrobi ibilbidea.
PR ibilbide laburrei dagokienez, 18 ibilbide daude eskualdean erdi mailako zailtasuna dutenak, eta ondorengoak berritu dira: PR-GI 78 Gautxori eta gurutzeen bidea, Alkizan; PR-GI 111 Uliko bidea, Berastegin; PR-GI 114 Urkizutik zirkularra, Tolosan; PR-GI 148 Leitzarango bira, Berastegin; PR-GI 212 Berastegiko Ikusmirak; eta PR-GI 204 Orexako herriari bira.
Zehazki, hasierako panelak berritu, geziak berritu, pintaketa eta garbiketa lanak egin dituzte. Berastegiren kasuan, herri bideen azken inbentarioen ondorioz, ibilbidea bera zertxobait aldatu behar izan da.
Kasu honetan, bi ibilbide berri sortu dituzte: PR-GI 221 Loatzoko gurutzera, Iruran eta PR-GI 222 Arburuko itzulia, Gaztelun.
Ibilbide tematikoak ez daude homologatuta, ibilbide errazak eta gai bati lotuak izan ohi dira gehienetan. Sail honetako 20 ibilbide daude eskualdean eta ondorengoak berritu edo hobekuntzak egin dira: Santa Lutzia-Uzturre, Tolosan (seinaletika osoa berritu da) eta Kutsidazu bidea Ixabel, Alkizan (bi langa berritu dira).
Bada, Tolosaldeko mendi ibilbide homologatuen mapa berria argitaratu du Tolosaldea Garatzenek, eta bertan sartu ditu ibilbide berriak. Tolosaldeko turismo bulegoan eskuragarri dago. Gainera, ibilbide guztiak wikiloc-era igota daude eta nahi duenak track-a deskargatu eta ibilbidea jarraitu dezake. «Dena den, inongo gailu edo maparik gabe jarraitzeko moduan seinaleztatu dira», esan dute.
Helburuak
Ibilbide-sarearen hobekuntzak bi beharri erantzuten diela azaldu dute Tolosaldea Garatzenetik: Batetik, existitzen diren ibilbideen seinaleztapena eta irisgarritasuna indartzea, segurtasuna, orientazioa eta homologazioa bermatuz, Gipuzkoako Mendizale Federazioaren irizpideen arabera.Eta, bestetik, ibilbide berriak sortzea gaur egun ibilbiderik ez duten udalerrietan, garraio publikoarekin lotutako hiri-guneak ingurune naturalarekin konektatuz eta udalerrien arteko oinezko mugikortasuna sustatuz.
Ekintza horiekin, erabiltzaileen esperientzia eta segurtasuna hobetu nahi dela aipatu du garapen agentziak. Era berean, turismo-fluxuak lurralde osoan banatu nahi dira. Eskualdeko ondare naturala, kulturala eta etnografikoa nabarmendu nahi dira, hala nola, herri bideak, askak, iturriak, garbilekuak, errotak, basoak, errekak, baserriak eta oro har, paisaia kultural eta naturalak. Garapen sozioekonomiko jasangarrira laguntzea ere lortu nahi da, «kalitatezko enplegua sortuz eta Tolosaldearen nortasuna indartuz helmuga turistiko jasangarri gisa: herrietako ostatuen bideragarritasun ekonomikoari bisitariak erakarriz lagunduz». Azkenik, oinezkotasuna sustatu nahi da, mugikortasun jasangarri eta energetikoki efizientearen markoan.
Alegia, Alkiza, Belauntza, Berrobi, Berastegi, Elduain, Irura, Gaztelu, Lizartza, Orexa eta Tolosako udalerrietan garatu dira lanak eta proiektua garatzeko udalen inplikazio eta jarraipena ezinbestekoak izan direla esan du Tolosaldea Garatzenek.