Eskualdeko bost igerilari, maila onean Palman

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko uztailaren 2a

Tolosaldea IKTko igerilariak Espainiako Txapelketan. Argazkia: Tolosaldea IKT.

Tolosaldea IKT klubeko eta Getxo Igeriketa Elkarteko hiruna igerilarik parte hartu dute Absolutu Mailako 113. Espainiako Txapelketetan.

Joan den asteburuan, Absolutu Mailako 113. Espainiako Txapelketa jokatu da Palman (Balear uharteak). Tolosaldea IKTko hiru igerilarik parte hartu dute: Nahia Garrido urretxuarrak, Igor Arrigain tolosarrak eta Uhaitz Aranbarri zizurkildarrak. Getxo Igeriketa Elkarteko Unai, Mattin eta Malen Zubeldia tolosarrak ere lehiatu dira. Urteko txapelketa garrantzitsuena izan da haientzat, eta emaitza onak lortu dituzte.

Espainiako Txapelketan parte hartzen duten igerilari gehienek haien markak hobetzeko baliatzen dute aukera, eta gutxi batzuek, abuztuaren 10etik 16ra Parisen izango den Europako Txapelketara sailkatzeko gutxieneko denborak egitea izaten dute helburu.

Erronka hori jarri zion Garridok bere buruari. Madrilen entrenatzen ari den Tolosaldea IKTko igerilariak gertu izan zuen brontzezko domina bizkar estiloko 200 metroko finalean. Laugarren izan zen (2.14.62), hirugarren postutik bi segundora, eta 20 urtez azpikoetan zilarrezko domina jantzi zuen. Estilo bereko 100 eta 50 metroko probetan, hurrenez hurren bederatzigarren eta hamaseigarren izan zen absolutu mailan, eta laugarren eta bederatzigarren izan zen 20 urtez azpikoen mailan.

Bere marka onena egitetik gertu geratu da Garrido. 200 metroko proba du gustukoen, baina egindako denbora ez da nahikoa izan Europako Txapelketarako txartela lortzeko; gutxieneko denboratik segundo pasatxora geratu da. Beñat Bidaola Tolosaldea IKTko entrenatzaileak esan du urretxuarrak esperantza zuela. «Oso ondo ari da entrenatzen, eta oso ondo lehiatu da txapelketan. Berriro erakutsi du estatuko igerilari onenen artean dagoela». Entrenatzaileak gaineratu du «pena handia» duela.

Arrigainek, berriz, bular estiloko 100 eta 200 metroko probetan inoiz egin dituen denbora onenak egin zituen; 49. (1.06.90) eta 30. (2.25.77) izan zen, hurrenez hurren. Bidaolak esan du «aurten hobekuntza nabarmena» izan duela tolosarrak. «Ausart aritu da txapelketan, 22 urte ditu, eta nabari da esperientzia duela nazioarteko probetan. Lasaitasun handia erakutsi du eta oso ondo lehiatu da».

Bestetik, Aranbarrik lau estiloetako 400 metroko proban parte hartu zuen, eta 4.48.11ko denbora egin zuen. 25. izan zen absolutu mailan, eta bederatzigarren 20 urtez azpikoetan. Tolosaldea IKTko entrenatzailearen iritziz, «oso ondo» lehiatu zen. «Maila txukunean aritu zen igerian, eta gutxigatik ez zuen inoizko denbora onena egin».

Bidaolak nabarmendu du, oro har, «sentsazio oso positiboak» izan dituztela txapelketan. «Denboraldian zehar egindako lana nabaritu dugu hiru igerilarietan».

Zubeldiatarrei dagokienez, Malenek lau estiloetako eta bular estiloko 200 metrotako probetan parte hartu zuen, eta 2.22.79 eta 2.41.05 denborekin 11. eta 15. izan zen, hurrenez hurren. Unai hamabosgarren izan zen estilo libreko 100 metroko proban, eta 50.52ko denbora eginda; proba horretan inoiz egin duen denbora onena da. Azkenik, Mattinek bizkar estiloko 200 metroko proban parte hartu zuen, eta 12. sailkatu zen, 2.05.94ko denborarekin.

Euskal Herriko Txapelketa

Asteburuan, absolutu eta junior mailetako Euskal Herriko Txapelketa jokatuko da Gasteizko Mendizorrotza igerilekuan, eta Tolosaldea IKTko 24 igerilarik parte hartuko dute, tartean, Arrigainek eta Aranbarrik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!