Amasa-Villabona eta Zizurkilgo udalek Oria ibaiaren gaineko oinezkoen pasabidea berritzeko, lankidetza hitzarmena onartu dute. Pasabide hori «herritarren egunerokotasunaren parte» dela adierazi du Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak: «Ehunka lagunek erabiltzen dute trenera joateko, lanera, eskolara, erosketak egitera, kirola egitera edo besterik gabe herrien artean ibiltzeko. Horregatik, hainbeste erabiltzen dugun azpiegitura hau seguru eta egoera onean mantentzea bi udalon ardura da».
Zubi honek «balio sinboliko bat» ere baduela gaineratu du: «Pasabide honek ez ditu ibaiaren bi ertzak bakarrik lotzen, bi herriak lotzen ditu, eta onartu dugun hitzarmenak ere hori bera adierazten du. Obra hau elkarrekin egingo dugu bi udalok pasabidearen titulartasuna bezala ardura eta finantzaketa partekatuz».
Zubia duela hamasei urte eraiki zen, bi udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker, eta orain, elkarlanean berrituko dute berriro. Zubia osorik egokitzeko asmoa dutela azaldu du Maite Amenabar Zizurkilgo alkateak: «Egurrezko soladura osoa berrituko da, euste sistema ordezkatuko da, egituraren hainbat elementu berrikusiko dira eta barandak egokituko dira, pasabidea erabiltzaile guztientzat seguruagoa, erosoagoa eta iraunkorragoa izateko».
Pasabidearen titulartasuna bi udalek partekatzen dutenez, obra ere elkarren artean finantzatuko dute, beraz. Proiektua Sestra Ingenieritza eta Arkitektura enpresak egin du bi udaletako teknikarien elkarlanarekin. Obraren aurrekontua 181.238,52 eurokoa da –BEZa barne–, eta udal bakoitzak aurrekontuaren %50a finantzatuko du. Esleipen eta kontratazio prozesuari dagokionez, Zizurkilgo Udala izango da kontratazio espedientea izapidetuko duena.
Hitzarmena onartu eta behin sinatuta, hurrengo urratsa obra esleitzeko administrazio prozedura abiatzea izango da. Bi udalek adierazi dute helburua zubia eraberritzeko lanak ahalik eta azkarren hastea dela, betiere administrazio prozedurek ezarritako epeak errespetatuta. «Asmoa da irailean kontratazioa egitea eta urrian obrarekin hastea». Obrak sei aste iraungo duela aurreikusi dute eta aste horietan zubia ez da erabilgarri egongo.
Amasa-Villabona eta Zizurkilgo udalek berretsi dute elkarlanean jarraituko dutela herritarren segurtasuna eta mugikortasuna hobetzen dituzten proiektu estrategikoak bultzatzeko: «Gaur pasabidea berritzeko bidea ireki dugu, baina batez ere, bi herrien arteko elkarlana sendotzen jarraituko dugula erakutsi nahi dugu».