Gaur aurkeztu dute Iruñeko sanferminetako binakako pilota txapelketa. Uztailaren 5ean bi kanporaketa jokatuko badira ere, txapelketa hilaren 7an hasiko da ofizialki, eta bigarren urtez jarraian, bi mailatan banatuta ariko dira parte hartuko duten 32 pilotariak: A seriean eta B seriean. Guztira, hamar jaialdi izango dira, eta finalak hilaren 14an jokatuko dituzte Nafarroa Arena pilotalekuan.
A seriean, eskualdeko bost pilotari ariko dira. A multzoan tokia ziurtatuta dute azken bi urteetako bikote txapeldunek: Altuna III-Martija eta Peio Etxeberria-Zabaleta. B multzoan, berriz, Baikoko bi bikote daude oraingoz: Laso-Iztueta eta Jaka-Mariezkurrena II. A multzoko hirugarren eta azken txartela lortzeko, kanporaketa jokatuko dute Artola-Imaz eta Larrazabal-Albisu bikoteek uztailaren 7ko gaueko jaialdian. Jaialdiko bigarren partidan, B multzorako azken txartela lortzeko kanporaketa jokatuko dute Dario-Rezusta eta Ezkurdia-Gabirondo bikoteek.
B seriean, berriz, eskualdeko bi pilotarik jokatuko dute; elkarrekin ariko dira, gainera. Binakako San Fermin Torneoko azken bi edizioetan maila nagusiko txapeldunorde izan den Jon Ander Peña tolosarrak Gorka Ugartemendiarekin jokatuko du. Alkizarra txapeldun izan zen iaz B seriean, Jakarekin. Peñak eta Ugartemendiak ziurtatuta dute tokia B multzoan, Zubizarreta IV-Eskiroz bikoteak bezala. A multzoan ere bi bikote daude oraingoz: Zabala-Gaskue eta Apezetxea II-Erostarbe. Multzo bakoitzerako hirugarren bikotea erabakitzeko bi kanporaketa jokatuko dira igandean, hilak 5, Elgetan (Gipuzkoa). A multzorako hirugarren eta azken txartela lortzeko, Senar-Lizeaga eta Amiano-Landa bikoteek neurtuko dituzte indarrak; B multzoko atariko kanporaketa, berriz, Elordi-Aldabe eta Salaberria-Bikuña bikoteen artekoa izango da.
Uztailaren 7tik aurrerako jaialdiei dagokionez, lehen laurak gauez jokatuko dituzte, 22:15ean hasita. Hilaren 11n, berriz, 17:15ean eta 22:15ean jokatuko dituzte partidak. Hilaren 12ko azken jardunaldiko partidak eta 14ko bi finalak arratsaldez jokatuko dituzte, 17:15ean. Tartean, hilaren 13an, Olioaren Desafioa jokatuko dute Aspek eta Baikok, 22:15ean. Hiru partida jokatuko dituzte: lehena, lau eta erdian; bigarrena, binaka, eta, azkena, buruz buru.
Gabirondoren ilusioa
Iazko ekitaldiaren alderatuta, Jaka eta Gabirondo A seriean ariko dira; Peña II.a, berriz, B seriean. Aspeko atzelari gazteluarrak lehen aldiz jokatuko du maila nagusian sanferminetan; are gehiago, estreinakoz ariko da Lehen Mailako lehiaketa batean. Gabirondok pozik hitz egin du aurkezpenean: «Esperantza txiki bat banuen, baina gaur bertan jakin dut A seriean jokatuko nuela. Ezusteko oso polita izan da. Niretzat amets bat da hemen egotea. Badakit maila handia dagoela, baina sekulako ilusioa eta gogoa dut. Atariko ikaragarri zaila jokatuko dugu, baina bete-betean ariko gara».
EGUTEGIA
- Uztailak 7, asteartea. 22:15. Labrit.
- A serieko atarikoak: Artola-Imaz vs Larrazabal-Albisu (A multzoa) eta Dario-Rezusta vs Ezkurdia-Gabirondo (B multzoa).
- Uztailak 8, asteazkena. 22:15. Labrit.
- B seriea: Apezetxea II-Erostarbe vs uztailaren 5eko kanporaketako irabazlea (A multzoa).
- A seriea: Jaka-Mariezkurrena II vs uztailaren 7ko kanporaketako irabazlea (A multzoa).
- Uztailak 9, osteguna. 22:15. Labrit.
- B seriea: Zubizarreta IV-Eskiroz vs uztailaren 5eko kanporaketako irabazlea (B multzoa).
- A seriea: Peio Etxeberria-Zabaleta vs uztailaren 7ko kanporaketako irabazlea (B multzoa).
- Uztailak 10, ostirala. 22:15. Labrit.
- B seriea: Zabala-Gaskue vs uztailaren 8ko galtzaileak (A multzoa).
- A seriea: Laso-Iztueta vs uztailaren 8ko galtzaileak (A multzoa).
- Uztailak 11, larunbata. 17:15. Nafarroa Arena.
- B seriea: Peña II-Ugartemendia vs uztailaren 9ko galtzaileak (B multzoa).
- A seriea: Altuna III-Martija vs uztailaren 9ko galtzaileak (B multzoa).
- Uztailak 11, larunbata. 22:15. Labrit.
- B seriea: Zabala-Gaskue vs uztailaren 8ko irabazleak (A multzoa).
- A seriea: Laso-Iztueta vs uztailaren 8ko irabazleak (A multzoa).
- Uztailak 12, igandea. 17:15. Labrit.
- B seriea: Peña II-Ugartemendia vs uztailaren 9ko irabazleak (B multzoa).
- A seriea: Altuna III-Martija vs uztailaren 9ko irabazleak (B multzoa).
- Uztailak 13, astelehena. 22:15. Labrit.
- Urzante Olioaren Erronka: Lau eta erdian, binaka eta buruz buru. Pilotariak erabakitzeke.
- Uztailak 14, asteartea. 22:15. Labrit.
- B serieko finala.
- A serieko finala.
Jaialdietarako sarrerak salgai daude Entradasfronton.com webgunean. Zenbait jaialditakoak agortu dira dagoeneko.