Teila aldizkaria bigarrenez argitaratu du Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Higiezinen arloan ematen den arrazakeria landu dute argitalpenean, eta hiru atal nagusitan banatu dute: lehenengoan hainbat datu eta testigantza aurkezten dituzte, zeinak Tolosaldean bizi diren hainbat etorkin elkarrizketatuta eskuratu dituzten; bigarrenean, zenbait esamesa arrazista gezurtatu dituzte datuak baliatuz; eta, hirugarrenean, azken bi urteetan Tolosan kale egoeran dauden pertsonen aurkako jazarpenak kasuak bildu dituzte. Argitalpena ikusgai dago Tolosaldeko Kontseilu Sozialistaren sare sozialetan, eta eskuragarri jarriko dute eskualdeko hainbat liburutegitan ere.
Gaia «orokorrean zein gertutik» landu dutela azaldu dute Ane Zubiria eta Nerea Santesteban Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek: «Orokorrean aztertu dugu etxebizitza eskuratzeko zein oztopo dituzten pertsona migratuek eta arrazializatuek, eta ikuspegi orokorretik landu ditugu zenbait mekanismo eta esamesa arrazista ere. Zentzu berean, maila lokalean bildu ditugu testigantzak eta esperientziak gertuagotik ezagutzeko eskualdean bizi diren pertsona migratu eta arrazializatuen errealitatea». Biek ala biek nabarmendu dute «fenomeno konplexua» dela, eta etorkinek eta arrazializatuek «maila ezberdinetatik» jasaten dituztela oztopoak eta bazterketa.
Eskualdeko lagina
Azterketa osatzeko kale inkestak egin dituzte Tolosan eta, guztira, 60 pertsona elkarrizketatu dituzte. Jaso dutenaren arabera, elkarrizketatuen ia erdia bizi da logela batean, eta «ez da txikia» lan egiten duten etxebizitzan, trastelekuetan edo kalean bizi direnen kopurua. Datuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoakoekin batera jarri ditu testuinguruan Zubiriak: «2024an kalean lo egin zuten pertsonen % 86 atzerritarrak ziren, eta urte horretan etxerik gabeko 4.326 pertsona zenbatu zituzten».
Hari berari tiraka gehitu du Santestebanek salatzen dutena frogatzen dutela datuek: «Etxebizitza sistema arrazista bat dugula ari gara salatzen, eta horixe adierazten digu errealitateak: etorkin eta arrazializatu asko behartuta daudela miseriazko baldintzetan bizitzera».
Datuez harago
Egoera, ordea, datuetan jaso dutenetik harago doala nabarmendu dute sindikatuko kideek, eta azaldu dute zailtasun asko daudela «datu eta kasu guztiak» ezagutzeko: «Zenbati ukatzen zaie erroldatzea eta etxebizitza kontratu bat izatea? Zenbati ukatzen zaie etxebizitza eskuratzeko aukera azentuagatik edo azalaren koloreagatik? Oso zaila da informazio hori jasotzea».
Hain zuzen zehaztu dute jokabide arrazista asko «era sotilean» ematen direla, eta arriskua zabaltzen dela errealitatea ez dena bezala ikusteko: «Jokaera arrazista asko ezkutuan gertatzen dira, eta ez guztion begi bistan. Gainera, horri gehituz gero etorkinen aurkako esamesak eta gezurrak modu interesatuan zabaltzen dituztela faxistek eta erreakzionarioek... Errealitatea ez dena bezala ikusteko arriskua zabaltzen da».
Ezaugarri zehatzak
Argi azaldu dute ondorioa: «Etxebizitza sistema arrazista bat dugu, zeinak langile klaseko etorkinak eta pertsona arrazializatuak bultzatzen dituen miseriazko bizi baldintzetara, bazterketara eta eskubiderik ez izatera». Egoera hori, ordea, hainbat elementuk ezaugarritzen dutela ere gaineratu dute.
Elementu horien artean aipatu dute atzerritartasun legea: «Bizitzeko eta lan egiteko baimena eskuratzeko oztopoz betetako sistema burokratiko bat da». Eta, oro har, funtzio bera egozten diete instituzioetako legeei: «Oztopoz betetako sistema burokratiko bat da, esate baterako, hainbat urtetako bizileku errolda eskatzen da, eta, aldi berean, etorkinei erroldatzea ukatzen zaie kasu askotan. Gainera, baliabide publikoak klase ertainera bideratzeko eta sektore pobreenei murrizteko joera ari da ematen».
Hari berari tiraka aipatu dute lan merkatua: «Lan baldintza kaskarrenak onartzera behartuta daude etorkinak eta arrazializatuak: lan ordu asko, soldata baxuak... Bazterketa ekonomikoa sortzen da, zeinak, era berean, etxebizitzara sarbide izatea oztopatzen duen». Eta etxebizitzen merkatuan ere identifikatu dituzte ezaugarriak: «Irabazi pribatua lehenesten da, eta langile klaseari oztopo ugari jartzen zaizkio sarbidea izateko. Etxebizitza erostea ezinezkoa bihurtzen da etorkinen soldata baxua delako eta etxebizitzen prezioa, garestia». Eta erosketaren arloan ez ezik, alokairu erregimenean ere «mekanismo ugari» daudela azaldu dute: «Baliabide ugari erabiltzen dituzte oztopatzeko: fidantza handiak, baldintza gisa kontratu mugagabeak izateko eskatzea, hainbat hilabete aurretik ordaindu behar izatea... Aipatutako guztiagatik diogu etorkinek eta arrazializatuek oztopo handiagoak dituztela etxebizitza eskuratzeko».
Arrazakeriaren aurka
Helburuari dagokionez, sindikatuko Zubiria eta Santesteban kideek azaldu dute etxebizitzaren arloan gertatzen diren «injustiziak eta zapalkuntzak» ikusarazi nahi dituztela aldizkariaren bitartez: «Kasu honetan, higiezinen arloko arrazakeria landu dugu. Uste dugu garrantzitsua dela langile klaseko sektore zaurgarrienek bizi duten errealitatea ezagutzea, eta arrazismoari ateak ixtea».
Eta egoera ikusaraztetik harago, aurreratu dute zein norabidetan ikusten duten lan egiteko beharra: «Langile klasearen batasunak eta antolakuntzak soilik lortuko du gero eta gehiago ematen diren jokabide arrazistei aurre egitea».