«Teknologia eta moda uztartzen ditugu»

Aitor Arroyo Askarai 2026ko uztailaren 4a

Amaia Rodrigo Uranga Etxeondoko diseinu arduraduna da. A.A.A.

Mende erdi bete du Etxeondo txirrindularitzako arropa markak; erretiratu egin dira sortzaileak, eta haien seme-alabek hartu dute lekukoa. Amaia Rodrigo Uranga Etxeondoko diseinu arduraduna da.

Bost hamarkada bete ditu Irurako Etxeondo arropa markak txirrindulariak janzten. 50 urte atzera sortu zuten proiektua Amasa-Villabonako Etxeondo baserriko ukuiluan Paco Rodrigo eta Maria Jesus Urangak, eta erretiratu egin dira aurten. Amaia eta Patxi Rodrigo Uranga (Amasa-Villabona, 1983 eta 1989) seme-alabek hartu diete erreleboa, eta alabak lantegia barrutik erakustearekin batera izan ditu hizpide egunerokoa, bilakaera, bitxikeriaren bat eta etorkizuneko erronkak.

Nolakoa da Etxeondoko egunerokoa?

Bakoitzak ditu bere egitekoak. Astelehenero egiten dugu bilera bat arduradun guztiekin, eta hor kudeatzen ditugu arlo guztiak: ekoizpena, marketina, diseinua… Dena.

Garaiaren arabera aldatzen al da lan bolumena?

Lehen iraila izaten zen urteko garairik gogorrena: batik bat ekipo profesionalekin egiten genuen lan, eta urtarrilerako denak prest egon behar zuen. Irailetik urtarrilera eromena izaten zen.

Gaur egun, ordea, eromena da denbora guztian [erdi barrez]. Lehen jantzi batekin urte osoa egiten zuten; baina, orain, ia lasterketa bakoitzean erabiltzen dute zerbait berria: berezia behar dute Frantziako Tourrerako, berezia Espainiako Vueltarako, irabaziz gero beste bat behar izaten dute, edizio mugatuak ere eskatzen dituzte…

Eta, horrez gain, asko eragiten du web orrialdeak ere: beherapenak, black friday… Ez dago garai zehatzik, urte osora zabaldu da lana.

Profesionalekin egiten duzue lan, eta baita publiko orokorrarekin ere.

Etxeondok egin zituen lehen maillotak. A. ARROYO

Bezero asko-asko ez ditugu; gehiago dira kantitate handiak. Bildumari ematen diogu garrantzirik handiena, eta —modak bezala— bi garai izaten ditu. Ekipazioari dagokionez, gehienbat profesionalentzat izaten dira, baina konpromisoak ere baditugu hitzartuta hainbat enpresekin: CAF, Irizar… Aurten dezente egin ditugu.

Zenbat talderekin egiten duzue lan?

Gaur egun Cofidis eta Kern Pharma taldeekin egiten dugu lan. Cofidisek bakarrik, ordea, talde bat baino gehiago ditu: gizonak, emakumeak, paralinpiarrak… Kern Pharmarekin ere egiten ditugu Kern Pharma eta Finisher, filiala. Eta, horiez gain, 23 urtez azpiko Smartlog taldea ere egiten dugu.

Nondik hasten zarete maillot edo kulot bat diseinatzen?

Era asko daude sortzeko. Azoka askotara joaten gara, eta hornitzaileak ere etortzen zaizkigu material berriekin: tela eta ehun berriak... Teknologiatik abiatuta atera dezakezu pieza. Adibidez, dyneema ehunak zuntz batzuk ditu, zeinak erortzerakoan urratua libratzen laguntzen dizuten. Bada, hortik abiatuta abrasioaren aurkako dyneema kulota egin dugu.

Horrez gain, modak ere baldintzatzen du; esate baterako, maillotetan asko eragiten dute modan dauden koloreek. Diseinua beti hemen sortzen dugu, eta ideiak leku askotarik jasotzen ditugu: gure marketin taldetik, txirrindulariek eta talde profesionalek ere proposatzen eta eskatzen dizkigute gauzak...

Orain adibidez galtzerdi aerodinamikoekin dago sekulako sukarra. Pogacarrek erabili ditu eta erotu egin da mundu guztia. Txirrindularitzan nahiz eta modak asko eragin, teknologiak edo ehun motek emaitza bat ziurtatu behar dute. Teknologia eta moda uztartzen ditugu.

Alderdi teknikoari dagokionez, zein material erabiltzen dituzue?

Lehen aipatutako dyneema da bat; eta badira haizea gerarazteko ehunak, Gore-Tex motakoak... Udako jantzietan, berriz, badira transpirazio eta elastikotasun handiko sareak... Ehun leunak izaten dira, mikro-zuntz motakoak... Oso garrantzitsua da ehun edo tela horiek oso erosoak izatea eta, aldi berean, funtzioa betetzea.

Kirolean oso garrantzitsua da transpirazioa, bai udan eta bai neguan. Ehun batzuk zuntz berezi batzuk dituzte, hutsak direnak; eta horiek aldi berean gorputzaren beroa mantentzen eta izerdia kanporatzen uzten dute. Horiek dira batzuk, baina askoz gehiago daude.

Txirrindularitzan ikaragarri garrantzitsua da arina izatea, eta orain garrantzia handia ematen zaio aerodinamikari. Ehunak aerodinamikoa izan behar du, baina leku egokian kokatu behar da: tripan jarriz gero ez du onura handirik, baina sorbaldetan, bizkarrean... Haize tunelean probatzen ditugu jantziak; duela gutxi egin genuen bat, eta oso emaitza ona jaso genuen. Gauza horiek oso garrantzitsuak dira, batez ere, erlojupeko probetarako.

Jantziak zuek osatzen dituzue hasieratik bukaerara?

Dena egiten dugu guk. Hemen, batez ere, daukagu sample room edo ereduak egiten diren lekua; sukaldea nolabait [barrez]. Nirekin batera bi modelogile daude prototipoak sortzen, eta dena hemen egiten dugu: diseinatu, inprimatu… Horrez gain, josteko beste lantegi bat daukagu Castejonen, Nafarroan, 40 bat langilerekin. Eta zergatik han? Bada nire aita hangoa delako, eta bertan ekarpena egin nahi zuelako.

Aurten mende erdi bete du Etxeondok. Zer esan nahi du?

Guretzat, izatez, ez da gauza handirik aldatzen; lanean jarraitzen dugu. Urteurreneko logoa egin dugu eta hiru puntu jarri dizkiogu irudikatzeko 50 bete direla, eta segi egiten dugula lanean, beti bezala. Aurten, gainera, gurasoak erretiratu egin dira, eta omenaldi moduko bat da jarraitzen dugun guztiontzat. Jarraitzea eta eboluzionatzen jarraitzea dagokigu.

Etxean nola oroitzen duzue hasiera?

Ni ez nintzen jaio, baina haiek kontatzen duten bezala… hasieran lan egiten zuten Villabonako Subijanan: han telak egin eta estanpatu egiten ziren. Balenciaga zen hango sozioetako bat, eta bertan ezagutu zuten elkar gurasoek. Amak marrazkiak egiten zituen, eta aita estanpatzen aritzen zen.

Halako batean aitari aukera suertatu zitzaion Etxeondo izeneko baserriko ukuiluan estanpatzeko tailerra jartzeko; eta hor hasi ziren. Gogorra izango zen, seguru; hutsetik abiatu baitziren. Lan asko egiten zuten eta asko mugitzen ziren. Hasiera batean jantziak erosi eta estanpatu egiten zituzten. Lan egiten zuten arte galeria batzuentzat, eta aldarrikapen kamiseta asko-asko ere egiten zituzten… Beti ilusioz kontatu izan dute.

Eta nola espezializatu ziren txirrindularitzan?

Uste dut izan zela orain Danena denarekin. Orduan Patxi Alkorta zegoen han tartean, eta etorri zen esanez klubak arropa behar zuela —orduan bizikletaz gain korrika ere aritzen ziren—. Hortik hasi zela uste dut. Nire aita beti izan da oso txirrindularitza zalea. Askotan aipatu izan du gaur egun enpresa pila bat daudela, baina orduan ez zirela asko-asko.

 

«Lehena Danena-Orbea izango zen; Zor, Reynolds, Kas, Euskadi, Once... […] Ekipo asko izan dira»

Haiek ere urteurrena dute, gainera.

Hori da. Izatez, urrian egiteko txirrindulari martxa bat ari gara antolatzen Etxeondo eta Danena elkarrekin. Oso berezia izango da.

Uste dut Danenarena 1979an izan zela. Pentsa, hala ere, nola hazi zen, 1984an ja Tourreko lau taldek Etxeondo erabiltzen zuten. Danena izango zen lehen-lehena, eta Zor taldea ere han tartean zebilen.

Zein ziren talde horiek?

Lehena Danena-Orbea izango zen; Zor, Reynolds, Kas... Eta gero Banesto, Once, Clas, Euskadi eta gerora Euskaltel... Eta atzerritarrak egiten ere hasi ginen: Rabobank, esate baterako. Ekipo asko izan dira, asko.

Kontu bat da iristea; eta, beste bat, mantentzea.

Etenik gabeko garapena da. Inbertsio handiak egiten ditugu lantegian: makina berriak ekarri, pabiloi berri bat erosi dugu orain —biltegia dugu hor—, online ere asko sustatu nahi dugu salmenta... Hasiera hartan tricotosa [trikotatzeko makina] izeneko makina bat erosi zuten. Gaur egun maillotak poliester, poliamida, eta halako materialez eginak dira; baina orduan artilezkoak ziren. Pentsa. Artilea, izatez, oso ehun teknikoa da: asko transpiratzen du, ez du usainik hartzen... Azkura eragiten du [barrez], baina orduan hura zen punta-puntakoa.

Etengabe berritzea eta eguneratzea da, hortaz, gakoa?

Halaxe da, erabat. Gaur egun oso egonkortuta gaude, baina beti egon behar dugu adi zein material edo teknologia berri ateratzen diren. Orain makina berriak erosi nahi ditugu, arropak egiteko baliabide gehiago izateko. Garrantzitsuena guretzat bertan egitea da. Kanpora jo dezakezu, eta han egin; baina guk jarraipen estu hori mantendu nahi dugu, kalitatea ona dela ziurtatzeko. Marketinean ere lan handia ari gara egiten... Gaur egun, gainera, atzean berehala gera zaitezke.

Garai batetik hona zertan nabaritzen duzue alderik handiena?

Garai batean oso ezberdina zen saltzeko modua. Aitak esaten duenagatik, lehen talde profesional bat egitearen inbertsioa amortizatzen zen saltzen ziren maillot guztiekin. Orain, berriz, apenas saltzen dira ekipoen maillotak. Gaur egun bilduma deitzen diogun hori saltzen da gehien; jendea bizikletan ondo jantzita joaten da. Lehen Euskalteleko maillotak jende askok erosiko zituen, baina orain... Janzteko aparteko bildumak ere osatu behar dituzu.

Txirrindulariengan gehiago begiratzen du jendeak zein teknologia erabiltzen duten: zein galtzerdi, zein ehuneko kulot eta maillotak... Pogacarrek jantzi zituen galtzerdi horiek, eta orain denek nahi dituzte halakoak; baina ez UAEkoak direlako, teknologiagatik baizik.

Aldatu egin da, hortaz, publiko orokorrak zer eskatzen duen?

Moda aldetik etengabe aldatzen da, eta orain obsesio handia dago aerodinamikarekin; pisuarekin ere itsututa dabil jendea. Ikaragarria da. Dena dela, gure bezeroak asko estimatzen du kalitatea, eta hori da guretzat ere erdigunea: kulotak denboran irautea, ondo geratzea, josturak ez nabaritzea, erosoa izatea... Kalitatea mantentzea da guretzat garrantzitsuena, eta hori lehenesten dugu.

 

«Gurasoek hasi zutena mantendu dugu denboran zehar, eta beti egokitu gara nobedadeetara»

Detailerik txikienak ere hartzen ditugu kontuan: ez dugu erabiltzen silikonarik eta halakorik, materialen ehunek zein tentsio duten aztertzen dugu, materialak zein norabidetan moztu ere aztertzen dugu... Xehetasun txiki asko dira. Helburua da gure jantziak erabiltzailearen gorputzera egokitzeko gaitasuna izatea. Gurasoek hasi zutena mantendu dugu denboran zehar, eta beti egokitu gara nobedadeetara.

Urte hauetan bitxikeriak ere gertatuko zitzaizkizuen. 

Oso ezaguna da Dumoulinen buzoaren istorioa. Frantziako Tourrean bigarren zegoen, eta erlojupeko proba erabakigarri bat jokatu behar zuen. Gogoan dut igandea zela eta Ezpeletan ginela; bada, Dumoulinek deitu zuen esanez buzoa galdu zuela edo lapurtu egin ziotela. Handik korrika itzuli, jostuna etorrarazi, eta goiz bakarrean egin genuen buzo berria. Erlojupekoa irabazi egin zuen; eta Tourrean bigarren izan zen urte hartan.

Istorio eder horretaz aparte, asko laguntzen dugu. Ezin da esan nori, baina asko 'egokitzen' ditugu jantziak. Profesional asko etortzen zaizkigu beste marka batzuekin lan egiten dutenak, eta konponketak eskatzen dizkigutenak; batzuk txikiak eta, beste batzuk, ez hain txikiak... Jende garrantzitsuak jotzen du gugana laguntza eske, eta gogo onez laguntzen ditugu.

Zein dira aurrera begirako erronkak?

Epe motzean gauza asko aldatzen diren mundu batean gaude, eta etengabe ari gara egokitzen eta gauza berriak probatzen: prozesuak, ehunak, makinak... Erronka da egokitzea oso aldakorra den merkatu batera: teknologia eta joerak etengabe berritzen dira; eta jendea oso azkar aspertzen da. Datorren urteko udako bilduma ari gara aurkezten, eta datorren urteko negukoa ere ari gara lantzen.

Oso lotuta daude moda eta kirola, eta horrek ere eragin du zabaltzea. Oso zentratuta egon gara arlo profesionalean, eta eskaintza zabaltzea eta aniztasuna bilatzea dagokigu. Horrez gain, atzerrian gehiago saltzeko apustua egiten ari gara. Euskal Herrian eta, orokorrean penintsulan, ezagutzen gaitu jendeak; nazioartean, berriz, Belgika, Herbehereak, Japonia, Korea... Horiek dira erosle garrantzitsu batzuk une honetan.

MOTZEAN

Amaia eta Patxi Rodrigo Uranga, Etxeondoko diseinu arduraduna eta gerentea. A.A.A.

Txirrindulari bat?

Amaia: Alex Zulle.

Patxi: Haimar Zubeldia.

Talde profesional bat?

Amaia: Once.

Patxi: Euskadi.

Maillot bat?

Biek: Trier modeloa.

Jantzi nahiko zenuketen txirrindulari bat?

Amaia: Usoa Ostolaza.

Patxi: Mathieu Van der Poel.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!