Anoetan eta Iruran tigre eltxoaren (Aedes albopictus) presentzia detektatzeko laginketa-lanak egiten ari da Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Saila aste hauetan. Espezie inbaditzaile honek bi udalerrietan duen hedapena aztertzea da azterketaren helburu nagusia.
Asiako hego-ekialdeko eltxo espezie inbaditzaile bat da tigre eltxoa. Gure ingurunera oso ondo egokitu da, batez ere gune hiritarretara. Eltxo autoktonoek ez bezala, batez ere egunez egiten du ziztada eta bere ezaugarri nagusia kolore beltza eta hanketako zein toraxeko orban eta lerro zuriak dira (zebra itxurakoak).
Osasun publikoko arazotzat hartzen da, hainbat gaixotasun (dengea, zika edo chikungunya) transmititzeko gaitasuna baitu. Gurean kutsatzeko arriskua baxua den arren, prebentzioa eta kontrola funtsezkoak dira kasurik gerta ez dadin.
Eltxo honek ur geldiko puntu oso txikiak behar ditu arrautzak jartzeko eta larbak garatzeko (loreontzien platerak, kuboak, bidoiak, pneumatikoak edo estoldak). Ez da urmael handietan edo ibaietan hazten, gure etxeetako eta lorategietako txoko artifizialetan baizik.
Tigre eltxoaren jaiotza-erradioa metro gutxitakoa da. Foku horiek ezabatzeko, jarraitu neurri hauek: Ura metatzen duten ontziak hustu: loreontzien platerak, plastikozko jostailuak, kuboak edo antzekoak astean behin gutxienez hustu edo buelta eman; maskoten edontziak berritu: aldatu animalien ontzietako ura 2 edo 3 egunez behin; hustubideak eta teilatuak zaindu: garbitu teilatuko erretenak eta bota ura astean behin geldituta egon daitezkeen estolda edo kainu-zuloetan; eta babes fisikoak erabili, eltxo sareak, adibidez, leiho eta ateetan.
Ziztadak saihesteko mahuka luzeko arropa janzteko deia egiten dute, eta baimendutako eltxoen aurkako uxagarriak erabiltzeko. Ziztada jasoz gero, berriz, urarekin edo xaboiarekin eremua garbitzea, zaurian hazka ez egitea, eta azkura edo hantura arintzeko hotza aplikatzea gomendatzen dute. Erreakzioa handia bada, osasun-zentrora joatea eskatu dute.
Eusko Jaurlaritzaren tigre eltxoari buruzko gunean informazio gehiago izango dute interesatuek.