Bihar jokatuko dituzte lehen kanporaketak 20:30ean, finalaurrekoak uztailaren 31n eta abuztuaren 1ean izango dira, eta finalak abuztuaren 23an. Neurketa guztiak Larrunarri pilotalekuan izango dira.
Euskal Herriko 23 pilota elkartetako 40 pilotarik parte hartuko dute aurtengo edizioan, horien artean, eskualdeko lau elkartetakoek: Alegiako Intxurreko pilotari batek, Amasa-Villabonako Behar Zanako lauk, Amezketako Zazpi Itturriko hiruk eta Tolosa klubeko seik.
Alegiako txapelketa
Bihar ere martxan jarriko da Alegiako XII. Pilota Txapelketa. Lehen finalerdiak jokatuko dira Elorri pilotalekuan, 19:00etan hasita. Lau eta erdiko txapelketan, Zazpi Itturri elkarteko Beñat eta Eneko Gorostidik neurtuko dituzte indarrak. Binakakoan, berriz, Intxurreko Harkaitz Muruak eta Larraungo Julen Sotilek, Tolosa taldeko Ekhi Irribarriaren eta Intxurreko Mikel Iturriozen aurka jokatuko dute.