Aldaketak gaurko San Joan suetan

Ataria 2026ko ekainaren 23a

Gaurko iragarritako muturreko tenperatura dela eta, eskualdeko udal eta eragileak aldaketak ari dira iragartzen.

Ez da nolanahikoa azken egunotako beroa, ezta datozen egunetako iragarpena ere. Sargoria dela-eta, ekitaldiak mantendu, alboratu edo egokitzeko erabakia bakoitzaren egoera aztertu ondoren hartzeko gomendatu die Segurtasun Sailak udalerrie,; eta eskualdean iragarri dituzte aldaketak zenbaitek udalek. Gomendatu dute baserrietan pizten diren suekin arduratsuak izateko.
 
 
  • Amasa-Villabona: sua piztuko dute Villabona eta Amasako plazetan, segurtasun neurri bereziekin, besteak beste, ezingo da suaren gainean salto egin, eta ezingo da ezer bota sutara edo sutondora. 20:00etan Zunbeltz elkartekoek eskaini behar zuten kalejira bertan behera utzi dute.
  • Berastegi: San Joan bezperako sua eskolaren atarian piztuko dute urtero bezala, baina behin sugar nagusiak gutxituta, itzali egingo dute. Baserrietan piztu ohi diren suei dagokienez, udalak gomendatu du ahal den neurrian, su horiek ez egitea. Suren bat piztuz gero, kontu handiz ibiltzeko eskatu du, eta beharrezko segurtasun neurriak hartzeko, eta amaieran erabat itzalita dagoela ziurtatzeko.
  • Bidania-Goiatz: sua mantendu egingo dute, baina bertako udalak nabarmendu du ezingo dela surik egin herriguneko eremutik kanpo.
  • Ibarra: udalak San Joan sua ez piztea erabaki du. 21:45ean Alurr dantza taldeak Hauspoa Kultur Elkartearekin batera egin ohi duen dantza mantendu dute. Baita, ondorengo erromeria ere.
  • Lizartza: udalak sua piztuko du Askatasunaren plazan, eta gomendatu du surik ez pizteko auzo eta baserrietan .
  • Tolosa: 19:00etan egin ohi den San Joan su txikia bertan behera utzi dute, eta aldaketak izango dira gaueko San Joan suan. Su txiki bat piztuko dute ekitaldi sinboliko gisa, baina ezingo da saltorik egin, eta lehenago itzaliko dute. Suaren ondotik egon ohi diren emanaldiak egingo dituzte.
  • Zizurkil: bertan behera utzi dute San Joan suaren harira gaur arratsalderako Elbarrenan antolatuta zegoen kalejira, eta Herrigunean ere atzeratu egin dute jaiaren hasiera, eta 18:00etan abiatuko da festa, meriendarekin. Ondoren, San Joan dantzaren entsegua egingo dute, eta 20:00etan, sua piztu eta dantza egingo dute bere inguruan. Joxe Arregi plazan 22:00etan piztuko dute sua, eta dantza egingo dute bere bueltan, ohiturari jarraituz.

    Bai Herrigunean, bai Joxe Arregi plazan ere, behin sugar nagusiak txikitzen direnean, itzali egingo dituzte, edozein arrisku saihesteko. Auzo eta baserrietan piztu ohi diren suei dagokienez, Zizurkilgo Udalak gomendatzen du, ahal den neurrian, su horiek ez egitea, gerta daitezkeen suteak saihesteko. Suren bat piztea erabakitzen bada, berriz, kontu handiz ibiltzeko eskatu du, beharrezko segurtasun-neurriak hartzeko eta amaieran erabat itzalita geratzen dela ziurtatuz.
 
 
 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!