Herriarteko Pilota Txapelketako finalerdiak daude jokoan, eta asteburuan jokatuko dira itzulerako partidak. Eskuzkoan Aduna Bergararen aurka ari da jokatzen, eta aurkarien etxean 2-1 galdu arren, aukerak dituzte final historiko batera iristeko. Tolosak gomazko paletan Andoain du aurkaria, eta Beotibarren 2-1 irabazita joango dira aurkarien etxera finalerako txartelaren bila.
Adunan pilota arnasten ari dira egunotan. Bergararen aurka ari dira jokatzen finalera iristeko txartela, eta 500 bizilagun dituen herri batentzat sekulakoa litzateke sari hori lortzea. Ehun herritar inguru joan ziren Bergarara lehen jardunaldian pilotariak animatzera, eta igandean Adunako pilotalekua beteko dute markagailuari buelta ematen laguntzeko. 10:00etan hasiko da neurketa. «Guretzat finalera iristea izugarrizkoa izango litzateke», esan du Migel Anjel Zestau taldeko arduradunak.
Kadete mailakoan adunarrek irabazi zuten 12-22, jubeniletan galdu 22-13 eta nagusietan galdu 22-17. «Kadeteetan Xuhar Iparragirre dugu, pilotan oso ondo ari den mutila, eta aldeak berak markatzen ditu. Jubeniletan beraiek Etxabe aurrelaria dute, bete-beteko pilotaria. Nagusietan emozio handiko partida izan zen. 22-17 bukatu zen bergararren alde, eta gu pena pixka batekin geratu ginen, uste dugulako gure pilotariek hango kantxan erakutsitakoa baino gehiago eman dezaketela», esan du Zestauk.
Bueltakoa % 50ean ikusten du: «Gaitasuna dugu kanporaketari buelta emateko, baina beraiek ere aurrera egiteko posizioan daude, bi partida irabazita dituztelako. Gure esperantza da gure frontoian jokatuko dugula, eta herritarren animoak izango ditugula. Oso irekita dago, eta emozioz betetako partidak izango dira. Lau tantoko desabantaila daukagu, beraz, bi partida irabazi eta beraiek baino bost tanto gehiago egin behar ditugu».
Gomazko paletan Tolosak aukera du bere bigarren finalera iristeko. 2019an jokatu zuen eta orduan galdu egin zuen Azkoitiaren aurka. Andoainen aurkako finalerdien joanekoa Beotibarren jokatu zuten, eta Tolosak kantxa osoan 7-20 galdu, binaka 20-12 irabazi eta 7ko koadroaren barruan 20-2 irabazi zuen. Hori horrela, 13 tantoko abantaila dute tolosarrek. Partida bakoitzean zein pilotarik jokatzen duen erabakitzeko estrategiak asko balio du. Hain justu, partida bakoitzaren aurretik esan behar zaio epaileari zeinek jokatzen duen.
Larunbatean 13:00etan hasiko da itzulerako jardunaldia Andoaingo Arrate pilotalekuan. «Beotibarren lortutako emaitzak abantaila ematen digu. Andoainen partida bat irabazita, eta beste biak galduta ere, alde polita dugu tantoetan», esan du Odei Arregi pilotari tolosarrak. «Ea bi partida irabazteko aukera dugun eta listo, ez ditugu tantoak kontatu beharko».
Tolosako gomazko paletako pilotariak Alegiaren aurkako kanporaketan Beotibarren.