Bedaio Tolosatik bereizi eta Amezketari atxikitzeko bide-orria zehaztu dute

Ataria 2026ko ekainaren 17a

Foru Arauak finkatzen dituen eskakizun guztiak betetzen ditu, hain zuzen ere, Bedaioren udalerri aldaketak, bideragarritasun ekonomikoa barne. Gaiari buruzko aurkezpen saioak egingo dituzte datorren astean Tolosan eta Amezketan.

Bedaioren udalerri aldaketarako prozesuan beste aurrerapauso bat eman dute. Tolosatik bereizi eta Amezketari atxikitzeko bide-orria zehaztu dute bi herrietako udalek. Orain arte egindako urratsak eta datozen hilabeteetarako aurreikusten dituztenak azaltzeko, aurkezpen saioak egingo dituzte datorren astean bi herrietan. Tolosakoa ekainaren 22an izango da, 19:00etan, Topic-en, eta Amezketakoa, hilaren 23an, 19:00etan, kultur etxeko areto nagusian. Udalek herritarrak animatu dituzte saio horietan parte hartzera, udalerri aldaketari buruzko zalantzak argitzeko eta ekarpenak egiteko.

Saioaren ondoren, Tolosako Udalak abian jarriko du herritarrak entzuteko prozesu bat, Erabaki plataformaren bitartez. Bedaioren udalerri-aldaketari buruzko dokumentazioa jarriko dute bertan, eta ekarpenak eta galderak egiteko aukera izango dute tolosarrek, uztailaren 15era arte; Erabaki plataforman ez ezik, Udate herritarren arreta zerbitzuan jarriko duten postontzian ere egin ahalko dituzte ekarpenak. Horiei erantzuteko konpromisoa hartu du udalak, eta parte hartzera animatu ditu herritarrak.

Baldintzak betetzen ditu

Martxoaren 17ko 2/2003 Foru Arauak —eta hori aldatzen duen abenduaren 22ko 5/2025 Foru Arauak— arautzen ditu Gipuzkoako udal-barrutiak. Besteak beste, auzo bat udalerri batetik bereizi eta beste udalerri batera atxikitzeko aukera aurreikusten du arau horrek, eta horretarako baldintzak eta prozedura ezartzen ditu.

Foru Arauak finkatzen dituen eskakizun guztiak betetzen ditu, hain zuzen ere, Bedaioren udalerri aldaketak, bideragarritasun ekonomikoa barne. Siadeco enpresak ikerketa bat egin du hori aztertzeko. Gainera, azterlan horren bidez, arauak eskatzen duen justifikazio-txostenaren ezinbesteko edukiak landuta daude dagoeneko: kokapena eta azalera, lurralde-mugaketa, biztanleriaren ezaugarriak, herri-ondasunak, egitasmoaren onurak eta bideragarritasun ekonomikoa. 

Bedaioren udalerri aldaketa azaltzen duten funtsezko faktoreen artean, kokapen geografikoarena nabarmena da: Tolosako herrigunetik 17 kilometrora dago errepidez, eta ez du mugarik egiten Tolosako beste auzo bakar batekin ere. Bedaiotar askoren bizimodua Amezketan errotuta dago aspalditik, besteak beste, eskolara Amezketara joaten direlako haurrak. Horrez gain, landa-izaera duen udalerria da Amezketa, eta Bedaion garrantzi handia du lehen sektoreak. Hortaz, handia da bedaiotarrek Amezketarekin duten eguneroko hartu-emana.

Erakunde arteko mahaia

Bedaioren udalerri aldaketarako ekimena udal mailakoa izateko, bi herrietako udalbatzetako osoko bilkuretan onartu behar dute prozesua abian jartzea. Azken erabakia Gipuzkoako Foru Aldundiak hartuko du. Bi herrietako udalbatzak osatzen dituzten alderdi guztiek eta Bedaioko auzotarren ordezkaritza batek erakunde arteko mahai bat eratu dute, prozesua gidatzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!