Atletismoko kluben arteko Espainiako Ligako finala jokatu zen igandean Iruñean, eta bertan eskualdeko bost atletek parte hartu zuten Real Sociedad taldearekin. Playas de Castello taldearen lehia estu bat izan ondoren, bigarren postuan geratu zen talde donostiarra. Eskualdeko atletetatik bi nabarmendu ziren, Gipuzkoako markak hobetu baitzituzten: Ander Martinez de Rituerto eta Manex Civico.
Martinez de Rituerto tolosarrak pertikako proba irabazi zuen, eta 5,46 metroko jauziarekin marka berria jarri du. Orain gutxi tolosarrak egin zuen Gipuzkoako marka 5,42rekin, baina larunbatean Asier Añorgak kendu zion 5,43rekin. Berriro eskuratu du, beraz, herrialdeko marka Martinez de Rituertok. Civico tolosarrak 3.000 metro oztopoetan lortu du Gipuzkoako errekorra 8.42.12ko denbora eginda. Proba horretan bigarren izan zen Iruñeko finalean.
Bestalde, Joseba Larrauri irurarrak 100 metroko proban eta 4x100 metroko erreleboan parte hartu zuen. Erreleboan irabazi egin zuten 39,84ko marka eginda, eta 100 metrotan bigarren egin zuen 10,42rekin, bere marka pertsonala. John Cabang irurarrak 110 metro hesietan parte hartu zuen, eta hirugarren egin zuen 13,63ko markarekin. Euken Fernandez amezketarrak xabalinan parte hartu zuen, eta zazpigarren amaitu zuen 59.67 metroko jaurtiketarekin.