Ibilgailu autonomoa gainbegiratzeko postua Abaltzisketan jarri dute

Aitor Arroyo Askarai 2026ko ekainaren 16a

Ibilgailua monitorizatzeko Abaltzisketako postuan Vicomtech enpresako ikerlaria. A. A. A.

Abaltzisketa eta Amezketa artean hainbat proba egingo dituzte aste honetan Landago proiektuan. Ibilgailu autonomoa gainbegiratzeko gunea Logikaline enpresan egokitu dute.

Ez da erronka makala gidaririk gabeko ibilgailuak martxan jartzea. 2024ko azaroan aurkeztu zuten Landago, mugikortasun autonomoko eredu aurreratua garatzeko proiektua, eta ordutik hainbat lan saio egin dituzte Abaltzisketa eta Amezketa arteko errepidean. Aste honetan proba gehiago egingo dituzte aipatutako ibilbidean, eta ibilgailu autonomoa gainbegiratzeko postua egokitu dute Abaltzisketako Logikaline enpresan.

Abaltzisketan egindako agerrialdian azaldu du Jon Ander Iñiguez de Gordoa Vicomtech enpresako ikerlariak «proba asko» egin dituztela azken hilabeteetan: «Otsailean, esate baterako, larrialdiko balaztatze edo frenatze probak egin genituen. Horretarako oinezkoak irudikatzeko tamaina errealeko panpina batzuk erabili genituen». Proba horiek «oso ondo» atera zirela nabarmendu du Landago proiektu teknologikoan lanean ari den taldeko kideak, eta gogora ekarri du inguru honetan «informazio asko» jasotzen ari direla, Gipuzkoako landa eremuko errepideetan topa daitezkeen ezaugarri asko biltzen dituelako, horien artean, bihurgune estuak, txirrindulariak eta malda handiak.  

Aste honetako probak

Ibilgailua bakarrik joan dadin, ordea, informazio gehiago biltzen jarraitzen dute, eta aste honetan autoaren «alboko kontrola» eta oztopoak saihesteko maniobrak probatuko dituzte.  «Proba horiek aukera ematen digute informazio eta datu asko jasotzeko, aztertzeko, eta horien arabera aurreikusi ahal izateko zein ezaugarri dituen eremu honek. Horrela jakin dezakegu etorkizunean nola egokitu beharko liratekeen teknologia hauek landa eremuetan erabiltzeko».

Hari horri tiraka zehaztu du Iñiguez de Gordoak Landago ez dela garraio autonomoko zerbitzu komertzial bat martxan jartzeko proiektua: «Gure helburua da Gipuzkoa eta, batez ere, landa eremua etorkizuneko teknologia autonomo honetarako prestatzea; teknologia hau landa eremura egokitzeko beharrezkoa den informazioa jasotzea».

Jarraipena Abaltzisketan

Aipatutako probez gain, beste «urrats garrantzitsu» bat eman dute ibilgailuaren monitorizazioari dagokionez: ibilgailua gainbegiratzeko postu bat jarri dute martxan Abaltzisketako Logikaline enpresarekin elkarlanean.  

Ikerlariak azaldu duenez garraio autonomoak ez du esan nahi gizakia «erabat» desagertzen denik: «Ibilgailu edo sistema hauek behar izango dute monitorizazio postu batean egongo den operadore baten laguntza, batez ere, gainbegiratzeko nola funtzionatzen duen sistemak eta ibilgailuaren kontrola hartzeko ezustekoren bat dagoenean».

Ibilgailua jarraitzeaz gain, konektibitate, komunikazio eta bideo transmisioaren kalitatea denbora errealean aztertzen ari dira, etorkizunean zerbitzua era seguruan ezartzeko, eta jakiteko zein «behar digital edo teknologiko» existitzen diren landa eremuan, zerbitzua emateko. 

Elkarlan zabala

Proiektua elkarlanean ari da garatzen Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzarekin, MUBILekin eta Vicomtechek, BasqueCCAMek eta Eurogapek osatutako partzuergoarekin.

Xabier Arruti Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatuak nabarmendu du hiri eta landa eremuaren arrakala saihestea dela proiektuaren xedeetako bat: «Nahi duguna da kotxe autonomoa Donostiara iristen den momentu berean jartzea martxan Gipuzkoako landa eremuan. Momentu berean jartzea martxan hiri zein landa inguruan. Proiektua herritarren beharrei erantzuteko asmoz sortu delako».

Unai Andueza Iraeta, Ekonomia Sustapeneko Zuzendari Nagusiak, berriz, gehitu du departamenduen arteko lankidetzaren isla dela proiektua, eta garrantzitsua dela ekonomiaren sustapenerako ere: «Halako proiektuek punta-puntako leku batean kokatzen gaituzte. Munduan zehar antzeko proiektuak baldin badaude ere, eredugarria da guretzat zein antzeko ezaugarriak dituzten herrialdeentzat, eta datozen urteetan sortuko diren sektoreetan aukera emango digu ekonomia sustatzeko ere».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!