Ostiralean eta larunbatean, Euskal Herriko Trinketeko Kluben Arteko Txapelketako finalak jokatu zituzten Abadiñoko Tornosolo eta Irurako Ametsa trinketeetan, hurrenez hurren.
Abadiñon, Behar Zana klubeko Unai eta Imanol Zufiriak jokatu zuten finala, eskuz banakako modalitatean eta gazteen kategorian. Lehen jokoa Imanolek irabazi zuen: 15-11. Bigarrenean, Unaik mendean hartu zuen anaia: 15-9. Eta hirugarren eta azken jokoan, nagusi izan zen Unai: 10-2.
Iruran, berriz, Behar Zana klubeko Joxi Lopetegi irurarrak eta Clement Cassaing baionarrak jantzi zuten xare modalitateko nagusien mailako txapela. Berez, Noizbait taldearen aurka jokatu behar zuten finala, baina Noizbait taldeko pilotariek ezin zutela eta, bezperan, finalerdi berria jokatu zuten finalerdietan galtzaile izan ziren bi taldeek: Irurako Ametsa Pilota Elkarteak eta Auñamendi Pilota Elkarteak. Azkenean, eskualdeko taldeak irabazi zuen, eta Xuban Lopetegik –Joxiren semeak– eta Oier Iturbek jokatu zuten finala Behar Zanako pilotarien aurka.
Finalean, ordea, finalerdian gertatu bezala, aita nagusitu zitzaion semeari. Lehen jokoa 15-8 irabazi zuten Behar Zanakoek; bigarrena, berriz, gehiago sufrituta: 15-13. Bi jokoetan, irabazten hasi ziren Ametsako pilotariak, baina ezin izan zuten hamabosteraino heldu. Finalerdietan elkarren aurka jokatu zuten, eta Behar Zanakoek irabazi zuten, baina gehiago sufrituta. Lehen jokoa irurarrek irabazi zuten, eta bigarren jokoa irabaztetik tanto bakarrera egon ziren: 14-14. Azkenean, 15-14 irabazi zuten Behar Zanakoek, eta hirugarren jokoa ere irabazi zuten.
Irurako trinketean paleta argentinarreko modalitateko finala ere jokatu zen, gizonezko nagusien mailakoa. Ramuntxo TK taldeko Larrarte eta Munduatek 2-0 (15-10 eta 15-6) irabazi zuten Kurpil Kirolak A taldeko Cruz eta Ramirezen aurka.
Erasun, Gipuzkoako Txapeldun
Bestalde, larunbatean, Behar Zanako Itxaso Erasunek Gipuzkoako Lau eta Erdiko Goiener Sariko txapela jantzi zuen, lehen aldiz. Aloña Mendi taldeko Madalen Etxegarairen aurka jokatu zuen finala Donostiako Atano III pilotalekuan, eta 22-12 irabazi zion zizurkildarrak.

