Idoia Olano Goikoetxea (Tolosa, 1968) Anoetako eta Irurako euskara teknikaria da 2001etik. Aurretik Galtzaundin aritu zen, eta ordutik euskararen normalizazioaren bilakaera gertutik bizi izan du. Egindako bideari balioa ematen dio, baina iruditzen zaio bidegurutze batean gaudela, eta etorkizunari begira, ideia berriak behar dituela euskarak.
Noiztik zabiltza euskara teknikari?
Administrazio publikoan 2001tik. Zuzenean sartu nintzen Irura eta Anoetako udaletara lanera; bi udalerriek akordioa egin zuten euskara gaiak eramateko norbait kontratatzeko. Ni hautatu ninduten, eta hementxe jarraitzen dut.
Aurretik, Galtzaundi euskara elkartean aritu zinen.
Bai. Euskal Filologia ikasi nuen, eta artean ikasketak amaitu gabe neuzkala hasi nintzen Galtzaundiko bulegoan lanean, elkartea sortu berria zela; lehenengo liberatua izango nintzen ni, seguruena. Hasieran ordu gutxi batzuk egiten nituen bulegoan, gehienbat norbait egon zedin jendea artatzeko. Gero, lanak ugaritzen joan ziren eta jende gehiago arrimatzen. Handik gutxira sortu zen aldizkaria, eta hasi ziren proiektu handiagoak martxan jartzen: hasi ginen bileretako aktak jasotzen, administrazio lanak hartzen eta plan mardulagoak prestatzen elkarte eta erakundeekin euskararen erabilera sustatzeko.
Zein oroitzapen dituzu garai hartaz?
Oroitzapen politak ditut. Gauza asko egiten ziren, denetarik egiten genuen: kartelak jarri, kontzertuak antolatu, autobusak prestatu... Gogoan daukat jende asko inguratzen zitzaigula; bazeuden oso maiz, ia egunero joaten zirenak. Beti zebilen jendea, gauza batean ez bazen, bestean.
Administrazio publikorako jauzia handia egin al zitzaizun?
Bai. Hala ere, uste dut bi udalek balioa eman ziotela ni aurretik Galtzaundin aritzeari. Pentsatu zuten euskalgintzako esperientzia hori baliagarria izan zitekeela administraziotik euskaran eragiteko. Asmo horrekin hasi nintzen lanean, baina berehala konturatu nintzen udal barruetan lana egin beharra zegoela.
Duela 25 urte bestelakoak ziren hizkuntza ohiturak udaletan?
Hemen, behintzat, Iruran eta Anoetan, dena zegoen egiteko. Administrazio barruan gauza asko egiten ziren erdaraz. Lehenengo lana udal barruko euskararen erabilera planak diseinatu eta martxan jartzea izan zen. Lan hizkuntza euskara izango zela erabaki, eta egoera iraultzeari ekin genion. Ez bakarrik udal barruan, gainerako erakundeekin, eta are gehiago, herritarrekin erabili beharreko hizkuntza irizpideak jaso genituen: nola egin itzulpenak, dokumentazioa nola prestatu, telefonoa nola hartu, euskaraz datorrenari nola erantzun eta abar. Eredu guztiak bateratu beharra zegoen, eta gainera, jendea molde berri horietara ohitu.
Prozesu horretan erresistentziarik sumatu al zenituen udalen barruan?
Orokorrean oso ondo joan zen, baina bai, erresistentziak beti egoten dira. Kosta egiten da ohiturak aldatzea. Eta ez dezazula uste, oraindik ere, zenbait momentutan irrist egiten dugu.
0tik 10era zenbateraino lortu da administrazioa euskalduntzea Anoetan eta Iruran?
Zortzi bat esango nuke. Oraindik ere findu egin behar ditugu zenbait gauza. Ereduak birpentsatu behar ditugu, eta harremanak erraztu. Herritarrentzat ulergarriagoa den hizkuntza bat egin behar dugu administrazioan. Askotan guk idazten ditugun testuak ez dira ulertu ere egiten. Herritarrak zer adierazi nahi dugun galdezka gerturatzen zaizkigu askotan. Ezin gara horretara iritsi. Duela gutxi, UEMAk ikastaro bat antolatu zuen, teknikariok administrazioan erabiltzen dugun hizkuntza ulerterrazago nola egin azaltzeko. Oso interesgarria izan zen.
Erraza al da administraziotik euskararen normalizazioan eragitea?
Ez. Askotan paraxutista moduan iristen gara tokitara, zer egin behar den aginduz, eta hori ez da bide egokiena. Administrazio publikoan ari garenok ez genuke ahaztu behar herritarrentzat ari garela. Guk zerbitzu publiko bat emateko helburuarekin administratzen dugu beti.
Herri txikian aritzea abantaila al da?
Bai, gertuago dauzkagu herritarrak, baina aldi berean gure egiturak ere ahulagoak dira. Pasatu izan zaigu lanera hizkuntza eskakizuna betetzen duen langile bat etorri, eta euskaraz egiteko ohiturarik ez edukitzea. Ez dakizu ondo nola eragin dezakeen horrelako elementu batek. Susto galantak hartu izan ditugu. Beti alerta-egoeran egotea dagokigu, atzerapausoak oso erraz ematen baititugu.
Uste duzu balioa ematen zaiola euskara teknikariok egiten duzuen lanari?
Jendearen esker ona ere jaso izan dugu batzuetan, baina ez da joera orokorra. Nik uste dut urrun sumatzen gaituztela; zeozer gertuago egon gaitezke gai jakinetakoak, hala nola kulturakoak, gazteriakoak edo euskarakoak. Niri herritarrek esan izan didate udala bunker bat bezalakoa ikusten dutela, eta arrazoi dute. Gure atzerapenek edo tramitazioan jartzen ditugun oztopoek ez dute gehiegi laguntzen. Gure jarduna herritarrengana gerturatu beharko genuke, baina gero eta denbora gutxiago uzten digute horretarako. Eguneroko dinamikak jan egiten gaitu
Administrazioaren burokratizazioa oztopo bat da zuen lanerako?
Bai. Funtzioak aldatu zaizkigu, behintzat, herri txikietako euskara teknikarioi. Izapide asko bete behar ditugu huskeriarik handiena aurrera eramateko. Gardentasunaren izenean gero eta kontrol handiagoa ezartzen zaigu. Idazkari batzuk zorrotz hartzen dute legea, eta beste batzuk, berriz, malguago jokatzen dute. Edozein modutara, izapide administratibo guztiak gure gain hartzen ditugu, eta Anoeta eta Irura bezalako udal txikietan, teknikari bakarrak egin behar ditu lan guztiak. Horrek denbora kentzen digu, gizartean eragiteko, gaiei jarraipena egiteko, martxan jartzen ditugun politikak ebaluatzeko eta aurrera begira hausnartzeko. Itota ibiltzen gara.
Teknikari bera bi udalerrietan aldi berean aritzea ohikoa al da?
Beste arlo batzuetan ohikoa da, adibidez, gizarte langileekin. Bi edo hiru administrazioren artean hartzen da langilea horrelakoetan. Euskara teknikaria partekatzea ez da hain ohikoa izaten. Hemen inguruan, behintzat, ez dut beste kasurik ezagutzen.
Bikoiztu egiten zaizkizu lanak bi herritan arituta?
Gaur egun, zaila egiten zait denetara iristea. Guk egiten ditugu txostenak, prestatzen ditugu dekretuak, jakinarazpenak, zuritzen ditugu diru laguntzak... Espedientea hasi eta bukatu guk egiten dugu. Ni lanpostu honetan hasi nintzenean 700 biztanle baino ez zeuden Iruran. Egin kontu. Gaur egun, bi udalerriak paretsu daude, 2.000 biztanleren bueltan. Ondorioz, ugaritu egin dira lanak. Nire jardunaren % 40 betetzen dut Iruran, eta astean bitan egoten naiz han; eta jardunaren % 60, berriz, Anoetan betetzen dut, hiru egunetan etortzen naiz hona.
Izaeraz diferenteak al dira bi herriak?
Lehen alde handiagoa antzematen nuen. Anoetan bere garaian herri mugimendu handia zegoen, oso herri aktiboa zen, eta apalxeagoa zen giroa Iruran. Orain paretsu daudela esango nuke.
«Gero eta baliabide gehiago eskaini, orduan eta aurrerago egingo du euskarak»
Oraindik ere baliabide gehiago eskaini beharko litzaizkioke euskarari?
Nik uste dut baietz. Ez dakit asmatuko genukeen. Baina, dudarik gabe, gauza gehiago egiteko gai izango ginateke. Gero eta baliabide material eta pertsonal gehiago eskaini, orduan eta aurrerago egingo du euskarak. Askotan, errazago ikusten ditugu beharrak beste departamenduetan euskara sailean baino, baina arlo horretan eragiten bada, nabarmenak dira aurrerapausoak. Baliabide materialak eta pertsonalak behar ditu euskarak.
Anoeta edo Irura baino txikiagoak diren herrietan, berriz, ez dute euskara teknikaririk.
Hori da. UEMAko teknikariekin moldatzen dira, haiek betetzen dute, ahal duten neurrian, hutsunea. Eskualdeko UEMAko udalerrietan aritzen dira, eta eskualdeko euskara teknikarioi ere ikaragarri laguntzen digute. Formazioa eman, zenbait kanpaina bideratu, gure zalantzak argitu... eskerrak haiek dauden gure aldamenean. Haiei eskerrak ez gara hain bakarrik sentitzen. Luxu bat da guretzat haien laguntza.
Eskualdeko gainerako euskara teknikariekin ere baduzu harremana?
Bai. TEM Tolosaldeko Euskararen Mahaiaren emaitzetako bat izan zen hori: eskualdeko euskara teknikariok, Galtzaundikoak eta UEMAkoak elkartzen garen hileroko foroan, jarraitasunez. Niretzat ikaragarri interesgarria da hor egiten den lana. Mahaia ez zen, azkenean, juridikoki egituratu, baina lanerako tresna garrantzitsuak utzi ditu, eta teknikarion mahaiarekin batera, hezkuntza mahaia eta alfabetatze-euskalduntze mahaia daude, adibidez. Uste dut gure lana eraginkorrago egiten asmatu dugula.
Euskararen normalizaziorako bidean bidegurutze batean gaudela esaten ari dira hainbat eragile. Tolosaldeak zein funtzio bete dezake etorkizunera begira?
Bada, orain aipatu dudan horixe: uste dut gauzak elkarrekin egiteko gai garela erakustea dela egin dezakegun ekarpena. Sinergiak aprobetxatu eta eskualde mailan modu eraginkorrean aritzea, besteentzat eredu izan daiteke. Momentu klabea da eta egoera irauli egin behar dugu.
Itxaropentsu zaude etorkizunera begira?
Bai, baina ikusten ditut herrenak ere. Uste dut agortuta dagoela orain arteko bidea. Horrek ez du esan nahi baliorik ematen ez diodanik orain artekoari; begira bestela non geunden eta nora iritsi garen. Iruditzen zait tope bat jo dugula, eta horren errebotea sumatzen hasita gaudela, zenbait esparrutan atzeraka goazela. Agian, gure belaunaldikoak gara ezkor gaudenak. Molde berriak asmatu beharko dituzte atzetik datozenek. Eta hor ere badut kezka; agian gure ikuspegitik baino epaitzen ez ditugulako gazteak, baina helduko al diote borroka horri? Ez dakigu nola ikusten dituzten gauzak. Gustatuko litzaidake jakitea ea belaunaldi gazteagoek partekatzen ote duten diagnostiko hori. Eskatuko baligukete, prest nengokeen apartatu eta bidea haiei uzteko. Freskotasuna behar dugu, ideia berriak.
Prestatutako jendea badagoela uste duzu?
Bai, gu baino gehiago dakien jendea dabil euskalgintzan, administrazioan eta eragileetan, eta uste dut gaitasun handia dutela ikerketan eta datuak maneiatzen. Gu baino finagoak dira horretan. Gaitasun handia dute. Jarraipenak egin eta ebaluatzeko sistemak behar dira, eta horretan aurrerabide handia egiten ari dira atzetik datozenak. Ikertu, datuetan oinarritu, interpretatu, eta irudimena erabilita ekitea da kontua.
Zure lanerako zein abilidade daukazu zuk?
Ez dakit, ba. Uste dut gai naizela besteen tokian jartzeko. Ingurukoek nire enpatia nabarmentzen dute. Egia da harremanetarako erraza naizela eta saiatzen naizela ingurukoekin atsegina izaten. Baina, beti ere, euskararen aldeko posizio horretan tinko mantenduz. Nik nire euskaltzaletasuna eta nire lanbidea erabat uztartuta ikusten ditut. Alde horretatik, nire lanak bete egiten nau.
«Nire euskaltzaletasuna eta nire lanbidea erabat uztartuta ikusten ditut»
Ez du deskantsurik zure lanak.
Beti adi egotea eskatzen dizu, eusten aritzea. Begira orain oldarraldi judizial honekin gertatzen ari dena. Nola da posible? Urteetan irabazi ditugun esparruak egun batetik bestera galdu ditzakegu epai bat dela medio. Oso injustua da eta ulertzen zaila. Guk hankak dardarka dauzkagu. Administraziook obligazioak baino ez ditugu, eta eskubidedunak herritarrak dira, hiztunak kasu honetan. Haiei zerbitzu on bat ematen egiten dugu lan funtzionariook, eta ahalik eta zerbitzu onena eskaintzeak derrigor eskatzen du hizkuntza ezagutzea. Nola emango du zerbitzu on bat euskaraz ez dakienak? Langilearen ustezko eskubide hori defendatzeak, ehunka herritarren hizkuntza eskubideak urratzea ekar dezake. Oso larria da, ezin dugu irabazitakoa galdu. Blindatu egin behar ditugu orain arteko lorpenak.
Inoiz izan duzue mehatxurik Irurako edo Anoetako udaletan?
Ez. Aspaldi-aspaldi, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzatik eskatu ziguten itzulita bidaltzeko euskara hutsez bidaltzen genizkien Irurako osoko bilkuretako aktak. Guk geureari eutsi genion eta epaileek udalari eman zioten arrazoia.
Administrazioan, teknikari gisa egiten duzun lana, euskaltzale bezala duzun konpromisoaren jarraipen bat bezala ikusten duzu?
Bai. Askotan funtzionarioen lan baldintzak laudatzen dituzte, baina guk ere askotan lan orduez kanpo ere egin behar izaten ditugu bilerak ordezkari politikoekin, edo eragileekin. Ni ez naiz kexatzen. Gustura aritzen naiz eta gaia bizi egiten dut. Nire egunerokoan ere adi-adi egoten naiz euskarazko gaietara.
Poz handiak eman izan dizkizu lanak?
Poz batzuk eman dizkit bai, batez ere, ekimen batzuk aurrera eraman izan ditugunean. Bi udaletan urrezko Bikain ziurtagiria ere lortu genuen bere garaian. Ni pozik nago egindako lanarekin.