Kilo bat zabor; hori sortzen omen du, bataz beste, pertsona bakoitzak egunean. Nolako zaborra, ordea? Eta nola sailkatzen du bakoitzak hondakin hori? Tolosaldeko Mankomunitatearen arabera azken urteetan behera egin du gaikako bilketak, hots, gero eta gutxiago bereizten da zaborra eta hondakin gutxiago botatzen da dagokion edukiontzira. Ondorio batzuk ditu horrek, besteak beste, garestitu egiten dela zaborra kudeatzearen kostua. Bada, sailkatzearen garrantzia nabarmentzeko eta informazioa zabaltzeko eskualdeko 28 herrietan triptikoak banatzen hasiko da mankomunitatea gaurtik aurrera.
Tolosaldeko Mankomunitateak azaldu duenez, eskualdean % 3,84 jaitsi da gaikako bilketa azken bost urteetan, zehazki, % 68,13tik % 64,29ra: «Jaitsiera orokorra da, ez da gure eskualdeko kasua soilik. Hala ere, beharrezkoa da egoera hobetzea, eta guztion ardura da hondakinekin izan behar dugun konpromisoa berreskuratzea».
Horrez gain, azken hilabeteetan organikoaren eta errefusaren frakzioen karakterizazioak egin dituzue herriz herri, eta «material desegoki asko» topatu dute errefusaren edukiontzietan: «Nagusiki materia organikoa topatu da, baina baita ontzi arinak ere». Hain zuzen, eskualdeko errefusa frakzioaren ia erdia (% 40,23) organikoa dela topatu dute, eta % 13,16, berriz, ontzi arinak. Errefusa gain, organikoan ere topatu dituzte hondakinak lekuz kanpo, batez ere, ontziratutako elikagaiak, plastikozko poltsak eta pixoihalak.
Zaborraren prezioa
Hondakinak sailkatzetik harago, mankomunitatetik nabarmendu dute «ondo sailkatzea» dela garrantzitsua: «Helburua ez da ahalik eta gehien betetzea gaikako bilketako edukiontziak, bertan jasotzen diren hondakinak kalitatezkoak izatea baizik».
Hari berari tiraka azaldu dute, esate baterako, organikoaren edukiontzira plastikoa edo errefusa botaz gero, ezin izango dela kalitatezko konposta ekoitzi: «Gainera, kasu batzuetan hondakin horiek ez dira tratamendu gunean onartuko, eta beste tratamendu garestiago bat jaso beharko dute».
Izan ere, kostu bat du zaborra sailkatzeak. Mankomunitatearen hitzetan sailkapena «zenbat eta hobea» izan, orduan eta «eraginkorragoa» izango da hondakinen kudeaketa: «Hondakinak edukiontzietatik kanpo edo lurrean uzten direnean aparteko bilketa zerbitzuak jarri behar dira horiek jasotzeko, eta guztia errefusa gisa kudeatzen da; alegia, tratamendurik garestiena duen frakzioa». Hain zuzen, errefusa tona bakoitza tratatzeak 232,64 euroko kostua du eta 144,72 euro balio du, berriz, organiko tona bakoitza tratatzeak.
Eta zentzu berean gaineratu dute «balio ekonomikoa» izan dezaketela gaika bildutako hondakin batzuek, «behar bezala» sailkatuta baldin badaude: «Kalitate txarra denean, berriz, material horiek ezin dira aprobetxatu, eta diru sarrera potentzialak galtzen dira. Hortaz, hondakinak gaizki sailkatzeak tratamendu kostuak handitu ditzake».
Sailkatzeko gakoak
Nola sailkatu, orduan, hondakinak? Mankomunitatetik adierazi dute zaborra etxean «behar bezala sailkatzea» dela gakoa hondakin bakoitza dagokion edukiontzira botatzeko. Eta zerbait errefus ontzira bota aurretik, «bi aldiz pentsatu» behar dela, «azken aukera» izan behar duela-eta errefusak.
Hondakinen kudeaketan laguntzeko, aipatu bezala, triptiko batzuk banatuko ditu Tolosaldeko Mankomunitateak gaurtik aurrera; eta eskuorri horiek herri bakoitzera egokituta egongo dira, bertako datu zehatzekin.
Herritarrek askotariko informazioa izango dute bertan eskura, besteak beste, azken urteetako gaikako bilketaren datu nagusiak; errefusa eta organikoaren karakterizazioen emaitzak; ohiko nahaste desegokien adibideak; sailkatzean sortzen diren zalantzei erantzuteko gida praktiko bat; traste zaharren bilketa zerbitzuari buruzko informazioa; eta hondakin frakzio nagusiak kudeatzearen oinarrizko kostuak.
Horrez aparte, bestelako oharrak ere jasoko dituzte herritarrek triptikoan. Herri handietan, adibidez, edukiontziei eta zaborra lurrean uzteari buruzko informazioa izango dute. Landa eremuko herrietan, berriz, konposta egoki egiteko aholkuak izango dituzte. Eta emaitza «oso onak» dituzten herriek, aldiz, «ahalegina eta konpromisoa» aitortzeko mezua jasoko dute; hain zuzen, «zorion mezu berezia» jaso dute Berastegik eta Orendainek.
Herrietako aldaketak
Aurrez aipatutako informazioaz gain, zenbait herriri buruzko informazio eguneratua ere jasoko du mankomunitatearen triptikoak, esate baterako, aldaketak izango dituzten herrietan.
Horietako bat da Belauntza, non hondakinek bilketarako guneak jarri dituzten: zabor organikoa herrian auzo konposta bidez kudeatuko dute sarraila elektronikoekin; eta gainerako hondakinak biltzeko edukiontziak jarri dituzte —eta sarraila elektronikoa izango du errefusak ere—.
Horrez gain, Amezketan zein Iruran sarraila elektroniko berriak jarri dituzte organikoaren eta errefusaren ontzietan. Eta ez dira bakarrak, Zizurkilen ere jarri dituztelako sarraila horiek auzo konpost guneetan. Aurrera begira, berriz, neurri bera hartuko dute Berrobiko auzo konpost guneetan; eta sarraila elektronikoak jarriko dituzte, baita ere, Alkizan zein Albizturren organikoaren eta errefusaren edukiontzietan.
Gutxieneko ehunekoak
Mankomunitatetik azaldu dute Europako 7/2022 legeak gaika bildu beharreko gutxieneko ehuneko bat zehazten duela. Hain zuzen, lege horren arabera gutxienez % 55ekoa izan behar zuen hondakinen gaikako bilketak 2025ean; gutxienez % 60koa, 2030ean; eta, gutxienez, % 65ekoa, 2035ean.
Legearen helburuak dira, besteak beste, hondakinak sortzea murriztea eta ekonomia zirkularra sustatzea, eta haren oinarrietako batek dio hondakinak sortzen dituenak «beregain» hartu behar dituela horiek biltzeko eta tratatzeko kostuak. Zentzu berean aipatzen du hondakin gehiago sortzen dituztenek edo «behar bezala» bereizten ez dituztenek «kostu handiagoa» jasan behar dutela; eta horrela sustatzen duela hondakinak sortzea murriztea eta gaikako bilketa hobetzea.
Horrez gain, legeak aipamena egiten dio kalitateari ere, eta zehazten du gaikako bilketan jasotako hondakinek ondo bereizita egon behar dutela: «Arreta jarri behar dugu material desegokiak eta inpropioak gutxitzean. Horiek zenbat eta urriagoak izan, orduan eta eraginkorragoa da birziklapena».
Azkenik, legeak «aipamen berezia» egiten die bilketa sistema eraginkorrei, eta horien artean aipatzen ditu bilketa sistema pertsonalizatuak —atez atekoa— eta itxitura sistema elektronikoa duten edukiontziak.