Sega Gazte Ibilbidea egitasmoa sortu dute

Ataria 2026ko ekainaren 10a

Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak Sega Gazte Ibilbidea egitasmoa jarri du martxan, segaren etorkizuna bermatzeko eta belaunaldi-erreleboa sustatzeko sortutako programa berria. Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Laboral Kutxaren, Irizarren eta Gabiriako eta Ezkio-Itsasoko udalen babesa duen egitasmoan Gazteluko sega eskolako zortzi segalari gazte ari dira parte hartzen. 

Izaskun Arruti Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko lehendakariak azaldu duenez, «Gipuzkoa historikoki segaren erreferente nagusietako bat izan bada ere, gaur egun belaunaldi-erreleboa da diziplinaren erronka nagusietako bat. Baserriaren eta lurraren inguruan eraikitako jarduera horrek gizartearen aldaketetara egokitu behar izan du, eta gazteengana iristeko bide berriak bilatzea ezinbestekoa bihurtu da». 

Testuinguru horretan sortu dute Sega Gazte Ibilbidea. Federazioaren helburua ez da soilik lehiaketa berri bat antolatzea; gazteei segaren munduan sartzeko aukera eskaintzea da, prestakuntza teknikoa, segurtasuna eta herri kirolen balioak uztartuz. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak positiboki baloratu du ekimena. Roberto Ramajo kirol zuzendari nagusiaren hitzetan, proiektua lehen unetik bat etorri da Aldundiak kirolaren, komunitatearen eta belaunaldi berrien sustapenaren inguruan defendatzen dituen balioekin. Bere esanetan, bereziki garrantzitsua da kirol-modalitate batek bizi dituen erronkak identifikatzea eta, egoera horren aurrean, etorkizunera begirako irtenbideak eraikitzen hastea. 

Programa 2009 eta 2013 urteen artean jaiotako gazteei zuzenduta dago, eta prestakuntza-saio teorikoak, belardi-prestaketako jardunaldiak eta sega praktikoko saioak uztartuko ditu. Horrez gain, belaunaldi desberdinen arteko harremana sustatuko da, gazteek gaur egungo segalarien eta kirolaren inguruko eragileen esperientzia zuzenean ezagutzeko aukera izan dezaten. 

Lehen edizio honetan zortzi gaztek eman dute izena, guztiak Gazteluko sega eskolakoak. Federazioaren ustez, kopuruak berak baino garrantzi handiagoa du parte-hartzaileek erakutsitako interesak eta konpromisoak, haiek izango baitira etorkizuneko segalarien belaunaldi berria. 

«Sega kirola baino gehiago da; gure kulturaren, historiaren eta komunitatearen parte da. Egitasmo honen bidez, teknika irakasteaz gain, ahalegina, errespetua, talde-lana eta gure ondarearekiko lotura transmititu nahi ditugu», adierazi du federazioko lehendakariak. 

Lehen saioa Donostiako Kirol Etxean egin zuten, egitasmoaren aurkezpenean, eta ondorengo jardunaldiak Alegin (Ezkio-Itsaso, Gabiria eta Ormaiztegi arteko auzoan) eta Asteasuko Bulano baserrian izango dira. Sega Gazte Ibilbidea proiektu-pilotu gisa sortu da, baina federazioaren asmoa da etorkizunean egonkortu eta urtez urte garatuko den prestakuntza-ibilbide bihurtzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!