Orain urtebete hasi zen bere kabuz lanean Mireia Sarasola (Asteasu, 1991) higiezinen munduan. Bere berezitasuna home staging zerbitzua eskaintzea da. Mireiasarasola.eus webgunean dago bere berri.
Nolatan sartu zinen higiezinen marketinaren munduan?
Nik arkitektura ikasi nuen, eta arkitektoa naiz. Betidanik gustatu izan zait etxebizitzen inguruko guztia. Txikitan pila bat gustatzen zitzaizkidan etxeak. Arkitektura ikasi nuen, eta arkitekto lanetan ibili naiz. Batzuetan gorputzak eskatzen dizu aldaketa bat egitea, eta niri halaxe gertatu zitzaidan. Une horretan pixka bat noraezean nenbilen, eta bizitzak aurrean jarri zidan prestakuntza espezifiko bat, higiezinen marketinarena, alegia, eta hori egin nuen. Gero saltoa eman nuen horretan lan egiteko. Banuen arantzatxoa ekintzaile izateko edo nire kabuz zerbait egiteko. Dena kolpe batean bat etorri zen, eta salto egin nuen besterik gabe. Orain urtebete hasi nintzen.
'Home staging' edo etxeen prestaketa egiten duzu. Zer da zehazki?
Higiezinen marketinean egiten dudan funtsezko gakoetako bat da. Home staging-arekin etxebizitza bat prestatzen da saltzeko. Normalean egiten dena da etxebizitzari itxura aldatzea, nolabait bere potentziala ateratzeko, eta merkatuan erakargarriago egiteko. Horrekin lortuko duguna da etxebizitza hori askoz ere jende gehiagorengana iristea, eta, beraz, erosle potentzial gehiago izatea, eta horrekin lortuko duguna da etxebizitza azkarrago eta prezio handiagoan saltzea. Azkenean epeak murriztea eta balioa handitzea da helburua.
Saldu bakarrik edo alokatu ere bai?
Biak izan daitezke. Prestakuntza prozesua ezberdina da, higiezinen marketinaren zerbitzu osoa hartuko bagenu kontuan, saltzeko da. Baina home staging-a erremintatzat hartuko bagenu, hori erabili daiteke etxea prestatzeko eta alokatzeko. Berdin balio dezake inbertitzaileentzat, edo higiezinen agentziek nahiko balute kontratatu beraien etxebizitzak saltzeko.
Zer teknika erabiltzen dira?
Etxeari itxura aldatzea da, baina ez gara hasiko erreforma handiak egiten, ezta hormak botatzen ere. Oinarrian daukagunarekin jokatzea da. Inbertsio batekin ahalik eta etekin handiena ateratzea da. Oro har ondorengo pausoak ematen dira: etxea hustu, eta gure amonaren garaiko altzariez beteta badago horiek kendu; gero ordenatu, txukundu, margolana beti egin ohi da, konponketa txikiak egin, garbiketa sakon bat egin, eta azkeneko pausoa da altzariz eta dekorazio estrategikoz hornitzea etxebizitza, hain justu, etorriko den erosleari espazio bizigarri eta atsegin bat erakusteko.
Zer ezaugarri ditu espazio atsegin batek?
Iluna ez den espazio bat, paretak markaz josita ez dagoen espazio bat, aiton-amonen garaiko eta horma guztia betetzen duten altzaririk ez izatea, bisualki librea den espazio bat, eta itxura gaurkotua duena. Jartzen duzun guztiak du helburu bat. Horrek ez du esan nahi tranpa-edo egiten dela, baizik eta etxea erakusten da bere potentzial handienean.
Prestaketa bera da etxebizitza guztietan?
Etxebizitzaren egoeraren arabera izaten da. Erreforma osoa behar duen etxebizitza batean nik ezer gutxi egin dezaket. Gela kopuruak ez du zerikusirik estrategian. Etxebizitzaren egoera da aztertu behar dena. Adibidez, badaude estrategiak argitsuago egiteko: margotzea, argiztatzea, trasteak kentzea eta libreago uztea... Azken finean espazioak arnasa hartzea da, eta arina izatea.
Zenbaterainoko eraginkortasuna du epeen eta prezioaren aldetik?
Kasuan kasu izaten da hori, baina esaten da
% 15eko balio erantsia izaten duela. Baina aztertu behar da kasu bakoitzean zer den aplikagarria. Epeari dagokionez, ez nintzateke ausartuko esatera zifra jakin bat, ez baitut horren inguruko iturri bat, baina normalean hiru hilabete behar badira etxe bat saltzeko, askoz lehenago saldu izan ohi dira, hilabetearen bueltan edo lehenago.
Zerbitzuaz gain, aparteko gastu batzuk ere eragiten ditu?
Nik eraman ezin dudan guztia, adibidez pintura, inbertsiotzat izaten da, gero hori berreskuratu egiten delako. Altzariak eta dekorazioa nik jartzen ditut, eta gero saltzerakoan kendu egiten dira. Erosleari hori ere jakinarazten zaio; baina zerbait erosi nahi badu, posible izango litzateke erostea. Sofa, adibidez.
Etxea prestatzeko altzariak zuk dituzu?
Zortez Asteasun bizi den nire amak ganbara ederra du, eta han gordetzen ditut sofa eta traste pila bat. Igo eta jaitsi nik neuk egiten ditut, gauza asko kaxatan sartu eta erraz mugitzekoak direlako. Sofa laguntzarekin mugitzen dut. Horrela ibiltzen gara: etxebizitza prestatzerakoan gauzak eraman, eta gero saltzen denean bueltan hartu. Alokatzeko bada, bertan utziko nituzke.
Beti altzari eta dekorazio berak erabiltzen dituzu?
Etxebizitzaren arabera aldatzen da. Ezberdina da pentsatzen baduzu eroslea gazte bat izan daitekeela, edo hiru ume dituen familia batentzat bada. Altzarien estiloa aldatu daiteke horren arabera, eta baita lekuaren arabera ere. Ez da berdina Tolosako etxebizitza bat prestatzea edo Donostiako Mirakontxako bat.
Zer eman dizu ofizio honek?
Askatasuna. Agian askotan erromantiko bihurtuta daukagu autonomo izatearen askatasun hori. Badauka alde txarra eta positiboa ere, hau da, alde negatiboa da zergak ordaindu behar izatea, zuk bilatu behar dituzula bezeroak... Badu bere zailtasuna, baina kasu honetan alde onek pisu handiagoa dute nire kasuan. Nire denboraren kontrol guztia dut, eta nahi dudana egin dezaket edozein momentutan; ni naiz ardura guztia duena, eta horrek asko betetzen nau egunerokotasunean.
Eta lan mota berak?
Betetasun handia, egia esan. Emaitzak ikustean, jendearen harrera oso ona izaten da, eta zerbitzu onartua ikusten dut. Beti aritu naiz jendearekin lanean, eta hor ondo moldatzen naiz.
Nondik dator 'home staging'-a?
Ameriketako Estatu Batuetatik dator. Barbara Schwarz izeneko emakume batek jarri zuen abian. Antzezlanetarako atrezzoak muntatzen zituen, eta dirudienez ezagun batek eskatu zion etxe bat saltzen laguntzeko. Eta berak atrezzoaren ideia etxebizitzan aplikatzea pentsatu zuen, eta sekulako arrakasta izan zuen. Gero emakume horrek jarraitu zuen, eta pixka bat zabaltzen joan zen. Hemen gero eta gehiago aplikatzen dela ikusten da, baita Espainiako hiriburuetan ere. Gero eta ezinbesteagoa den erreminta bihurtzen ari da higiezinen agentzietan. Jendeak ikusten dio onura, eta hemen pixkanaka ere sartzen ari da.
Oraindik ez zarete hainbeste zerbitzu mota hau ematen duzuenak?
Tolosaldean beste neska bat ezagutzen dut, baina gehiago daude Donostialdean. Ni Gipuzkoan aritzen naiz, batez ere irisgarritasunagatik. Eskaera bat jasotzen badut Bizkai aldeko etxebizitza bat prestatzeko, aztertu beharko nuke, baina printzipioz Gipuzkoa aldean eta batik bat Tolosaldean nabil.
Higiezinen agentziek ere eskatzen dituzte horrelako zerbitzuak?
Normalean agentziek zerbitzua kontratatu egiten dute. Agentzia handiek lantaldean izaten dute pertsona bat lan hori egiteko, eta agentzi txikiek inbertitzaileen profil bera da, home staging-eko zerbitzua bakarrik kontratatzen dute. Niri oraindik ez zait tokatu agentzia batentzako lanak egitea, baina irekita nago horretarako ere.
Etxebizitzaren salerosketaren paper-kontuak ere egiten dituzu.
Bai. Teknikoki ulertzeko, higiezinen agentzia batek egiten duen zerbitzu bera eskaintzen dut, baina home staging-eko zerbitzua barne hartzen duela. Lehenengo pausoa etxebizitzen merkatua aztertzea da, gero estrategia zehaztea eta etxeari zer egin behar zaion aztertzea, iragarkia publikatzea, erosleen deiak kudeatzea, bisitak egitea, eta gero salerosketa kontratuak egitea eta notariotzara laguntzea.
Eta zure bezeroek zer esaten dute beraien etxebizitza prestatuta ikusten dutenean?
Baten batek esan zidan etxean geratu nahi zuela... Harrituta geratzen dira. Nik badaukat ikuspegia, eta gauzak erraz ikusten ditut, beste batek agian ikusten ez dituenak. Jendea txundituta geratzen da sartzen denean, eta bere etxebizitza prest ikusten duenean. Baina esango nuke oraindik eta eragin handiagoa duela eroslearengan. Iragarkia ikusten duenean argazkiaren bidez ideia bat egiten du, eta gero etxebizitza ikustera etortzen denean esaten du argazkietan ageri den bezalakoa dela. Askotan gertatzen da iragarki bat ikusten duzula webgune batean, eta gero etxebizitza ikustera joaten zarenean, zerbait okerra dago, zikina edo leku batzuk ilunak dira. Gure kasuan, oso harrera ona izaten dute erosleek, ez dutelako inoiz ikusi horrela prestatuta dagoen etxebizitza bat. Guk iragarkitik erakartzen dugu bezero kopuru handi bat, beste iragarki batzuetatik ezberdintzen delako. Jende kopuru gehiago erakartzearen eragina da azkarrago saltzea eta balio handiagoarekin.
Nola dago gaur egungo etxebizitzen merkatua Tolosaldean?
Konplikatu samar dago. Badakigu tentsionatuta dagoela egoera. Ez dago eskaerari erantzuteko adina etxebizitza salgai. Horren ondorioa da prezioak igotzea. Bai Donostia aldetik hasita, bai Tolosaldean ere... Espainian ere orokorrean joera bera ikusten da. Etxebizitza berriak egitea soluzio bat da, baina ez dira bi egunetan eraikitzen. Beraz, pixkanaka doan prozesu bat da hori. Gaur egun gazteentzat egoera konplikatua da.
