Lore eta landareen azoka, larunbatean

Ataria 2026ko maiatzaren 28a

Lore eta Landare Azoka Bereziaren barruan Jakoba Errekondoren hitzaldi eta kontsultategia, eta landareen zozketa egingo dituzte.

Lore eta Landare Azoka Bereziaren barruan, hainbat jarduera izango dira larunbatean Tolosan. Esaterako, Gaztelako Atean egitura efimero bat jarriko dute, azken urteetako ohiturari jarraituz, eta aurten ere Gureak Zerbitzuak arduratuko da egitura diseinatzeaz eta jartzeaz. Gaztelako Atea Erdi Aroko hiri harresituaren aztarna dela, eta hiriak zituen bost ateetako bat dela gogoratu dute, eta ideia horri jarraituta arkuaren azpian lore eta landare lehorrekin egindako begi erraldoi bat zintzilikatuko dute. Zelataria izena jarri diote proiektuari. «Denboraren iraganaren metafora bizia izan nahi du, orduko eta gaurko Tolosaren aldaketa gizaldiz gizaldi ikusi duen atearen begirada».

Gureak enpresako langileak, gaur, begi erraldoia prestatzen. J. A.

Azoka Trianguloa plazan egongo da zabalik 09:00etatik 14:00etara, eta lore eta landareez gain, kosmetika eta medikuntza naturaleko produktuak, sendabelarrak eta artisautzako produktuak salduko dituzten zazpi postu izango dira.

Azoka gunean bertan, Argia aldizkariak postua jarriko du goizean goizetik, eta besteak beste, Bizi Baratzea proiektuko liburuak, aldizkariak, agendak eta egutegiak salduko dituzte. Gainera, Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistak Ilargia eta landareak hitzaldia emango du 11:00etatik 12:00etara, eta horren ostean, 14:00ak arte, zuzeneko kontsultategia jarriko du, bertaratzen direnei baratzeari, fruitu-arbolei, lore-baratzeari eta basoari buruz dituzten zalantzak argitzeko.

Horrez gain, ohiko azoka guneetan (Zerkausian eta Berdura plazan) ere izango dira landareak eta loreak salgai, larunbatero bezala.

Ekimen berria, azoka berezia indartzeko
Lore eta landare azoka indartzeko helburuarekin, eta Tolosa&Co elkartearekin elkarlanean, Tolosako Udalak ekimen berria jarri du aurten abian. Batetik, askotariko loreak eta landareak erosi ditu herriko bost lore dendetan: Arregi Floristas, Arretxe, Casa Arregi, Kaiz, eta Las flores de Elena. Lore eta landare horiek guztiak Tolosa&Co-ko bazkide diren 40 saltokitako erakusleihoetan astebetez ikusgai egon eta gero, larunbatean bertan zozkatuko dituzte denda horietan erosketak egin dituztenen artean.

Hauek dira ekimenean parte hartu duten saltokiak: Zuregan; Kopala belar denda; Dentieder; Saberri; Kimetz neskak; Kimetz mutilak; Andia; Arri Studio; Muñazabal burdindegia; Arteka; Dandaka; Richard argazkilariak; Goya; Zuzeu; Garazi; Aranguren gizonak; Aranguren emakumeak; Vasconia; Federopticos; Shuyana; Edurne Bengoetxea; Anddare; Koxka; Xarma; Amets jostailudenda; Luma; CDI; Multiopticas; BáB; Ponpox; Saizar aroztegia; Mugar; Mujika; Azpiroz farmazia; Avalon; Arkupe; La Ratita presumida; Imanol Barriola harategia; Mikel Altzariak eta Babel.

Egitaraua


Larunbata, maiatzak 30

  • 09:00etatik 14:00etara: Lore eta Landare Azoka Berezia, Trianguloan.
  • 11:00etatik 12:00etara: Jakoba Errekondoren hitzaldia: Ilargia eta landareak.
  • 12:00etatik 14:00etara: Jakoba Errekondoren zuzeneko kontsultategia: baratzea, fruitu-arbolak, lore-baratzea eta basoa.
  • Egun osoan: lore eta landareen zozketa, herriko saltokietan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!