Eskaintza zabala egingo du Loatzok datorren ikasturterako

Jon Miranda Labaien 2026ko maiatzaren 28a

Loatzo musika eskolako zuzendaria, Miren Mujika.

Eskualdeko zortzi herritan ematen du zerbitzua Loatzo musika eskolak. Bereziki, hainbat musika tresnetan izena emateko deia luzatu dute eskolako arduradunek.

Aduna, Alegia, Altzo, Anoeta, Ibarra, Irura, Villabona eta Zizurkilgo udalek sustatzen duten musika eskola publikoa da Loatzo. 18 irakaslek eta administrari batek osatzen dute langile taldea, eta ikasturtean 400 ikasle inguru izaten ditu. 2026-2027 ikasturteari begira, oraindik plaza batzuk libre dituzte, eta musika eskolako arduradunek herritarrei dei egin diete izena eman dezaten. Informazio guztia 943 692 619 telefono zenbakian edo Loatzo.eus helbidean izango dute.

Ikasleek musika modu atseginean ikastea, taldean jotzeko gaitasuna lantzea eta mankomunitatea osatzen duten herrietako beharrak asetzeko musikariak eta taldeak sortzea da eskolaren egitekoa. Baina horrekin guztiarekin batera, hezkuntza ikuspegi osoa lantzen dutela aipatu du Miren Mujika Loatzoko zuzendari eta irakasleak: «Hezkuntza ez da eskolan bukatzen: herrian eta kalean jarraitzen du, eta guk, lan hezitzaileari segida ematen diogu musika eskolan ere. Argi dugu herri txikietan hor egon behar dugula».

Musikarekin lehen harremana izan dezaten, tailerrak ematen dizkiete 4 eta 7 urte arteko haurrei, eta 8 urtetik aurrera, musika tresna hautatzeko aukera dute ikasleek. Pianoa, gitarra eta trikitia dira musika tresna izarrak, baina bestelako instrumentuetara ikasleak bideratzen ere saiatzen dira irakasleak. «Une honetan beheraldian daude bandan eta taldeetan behar ditugun instrumentuak; batez ere, biolontxeloa, saxofoia, tronpeta eta klarinetea falta ditugu, eta datorren ikasturteari begira horietan izena ematera animatu nahi ditugu herritarrak. Herrietan nahi izaten dute gu jotzera joatea, baina jenderik ez badago, zenbait ekintza ezin izango ditugu aurrera eraman».

Helduak, batez ere, musika tresna ikastera joaten dira Loatzo musika eskolara, eta gero, taldeetan aritzeko aukera izaten dute, hala nola Anakruxan. Horrez gain, beste talde ugari ere badituzte: Banda handia eta Banda txikia, sokazko instrumentuez osatutako orkestra, gitarra taldeak, trikiti taldeak, dultzaineroak, albokariak eta txistulariak...

Urtean zehar, udalek eta haiekin batera elkarteek, ikastetxeek eta hainbat eragilek laguntza eskatzen diete Loatzo musika eskolakoei, euren emanaldiei doinua jar diezaieten. Bihar, adibidez, Anitz dantza taldearekin batera parte hartuko dute Kaleen oihartzuna izeneko emanaldian. «Zorionez, ikasleak musikalki kritikoak dira, eta erronka handia izanagatik ere eutsi diote. Ea zer moduz ateratzen den».

65 urtetik gorakoak

Hezkuntza dekretu berriari esker, Loatzo musika eskolaren gisakoek 0-3 urte arteko haurrentzat eta 65 urtetik gorakoentzat ere egin dezakete eskaintza. Eskualdeko musika eskolak, oraingoz, 65 urtetik gorakoen esparruari heldu dio, eta arrakasta handiz gainera.

Udalen bitartez halako saioak eskaintzeko aukera zabaldu zuten zortzi herrietan, iazko ikasturte hasieran. Aurten, hiru talde sortu dira: Adunan, Villabonan eta Ibarran. «Taldeetan emakumeak dira gehienak. Oso pozgarria da, gaitasun kognitiboak lantzeko aukera izan eta tailerrek ahalduntzen laguntzen dietelako. Jolas moduko ariketak egiten dituzte, eta musikak emozioetan eta gorputzean duen eragina lantzen dute. Oso pozik gaude parte hartzearekin, eta jende gehiagok izena eman duela ikusita, eskaintza zabalagoa egingo dugu datorren ikasturtean». Aurten, Adunako eta Villabonako taldeek landutakoa erakusteko saioa antolatu dute ekainaren 12an, Gurea zinema aretoan.

Herria eta herrietan bizi diren pertsonak aberasteko lanean dihardu Loatzok 2002. urtetik, eta inklusioa du iparrorratzetako bat. Gaur egun, adibidez, taldean eta herrian txertatzeko bidea ematen die Loatzok aniztasun funtzionala duten haurrei. «Inoiz baino eskaera gehiago ditugu arlo honetan, eta musika eskolan egiten dugun lanaren bidez, taldean eta herrian txertatzen laguntzen diegu gure herrikide hauei».

Erronka berriak

Aurrera begirako erronka ugari ditu Loatzo musika eskolak. Hezkuntza arloko beste hainbat eragileri bezala, jaiotza tasaren jaitsierak ere eragiten dio, eta horrek zaildu egiten du eskolako lantalde profesionalaren egonkortasuna. Kontrara datozkien bestelako joerak ere sumatzen ditu Mujikak gaur egungo gizartean: «Kirolak, eta bereziki futbolak, espazio handia hartu dute, askotan kulturaren edo musikaren kaltetan. Gainera, gurasoak ere ez daude hain prest, gure garaian bezala, umeak hartu eta alde batetik bestera ibiltzeko».

Molde berrietara egokitu eta komunikazioan ahalegin handiagoa egin beharra dutela aitortu du musika eskolako zuzendariak, gurasoekin eta ikasle gazteekin egiten duten eskaintza kontrastatuta, baina euren ohiko balioak bazter utzi gabe. «Zerbitzu publikoa, euskalduna, gertukoa eta tokikoa da gurea, eta funtsezkoa da horri eustea, herri txikiak bizirik mantendu daitezen».

Orain arte Loatzori babesa eman dioten udalei eta gurasoei eskerrak eman dizkie, eta aurrera begirako erronkei aurre egin ahal izateko, «musikarekin jolas eta jolas» egiten jarraitzeko deia egin du eskolako zuzendariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!