Tolosaldeko hiru gazte Gastronomiako 100 Talentu Gazte ekimenean

Ataria 2026ko maiatzaren 27a

Basque Culinary Centerrek Gastronomiako 100 Talentu Gazte (100JTG) jardunaldiaren laugarren edizioa egin du, «diziplina anitzeko begirada modernoa lagun dutela gastronomian iraultza eragiten ari diren 30 urtetik beherako profesionalen bilduma bat», hain zuzen. Esan du gastronomiak hartzen duen eremu zabalaren erakusgarri direla, eta sektorearen aldaketa sakona eragiten ari direla denak.

Ehun gazte horien artean eskualdeko hiru daude: Tolosako Miren Harategiko Aitor Balerdi, Villabonako Zuka Drinks edariaren sortzaile den Unai Arrieta, eta Bidania-Goiatzen Highland behiak dituen Eñaut Gurrutxaga.

Basque Culinary Centerrek 2020an sortu zuen ekimena. Bi urtetik behin ospatzen dute eta zerrendako kideen artean, sektoreko hainbat profil daude, kategoria hauetan banatuta: Sukaldaritza, Ekoizpena, Ardoa eta Edariak, Dibulgazioa eta Komunikazioa, Startupak, Ikerketa, Okintza/Gozogintza eta profil profesional berriak.

«Ilusio handiz ari gara ospatzen edizio hau ere. 30 urtetik beherako profesionalen berrikuntza, energia eta konpromisoa ari gara aintzatesten, ikusirik dagoeneko arrasto garrantzitsua ari direla uzten gastronomian. Topaketa honen helburua talentu gazteen komunitatea indartzen jarraitzea da, baita haien ikusgarritasuna eta aintzatespena ere. 2020ko lehen zerrenda hartatik gaur arte, talentu-belaunaldi bakoitza hazten, garatzen eta inpaktu positibo ukaezina ekartzen ikusi dugu. Hautaketa honek, gastronomiaren egungo bizitasuna islatzeaz gain, etorkizuna eta zabaltzen ari diren aukerak irudikatzeko gonbita egiten digu, espezializazio profesionalerako aukera ugari ari baitira agertzen sektorean», adierazi du Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerren zuzendari nagusiak.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!