Ikaztegietan jokatuko dituzte Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futboleko Kopako finalak

Ataria

Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Ligako partida bateko irudia.

Hiru partida izango dira, etzi, herriko pilotalekuan, tartean, A eta B mailetako txapeldunak erabakitzeko partidak; partidak jokatuko dituzten sei taldeetatik lau eskualdekoak dira.

Ikaztegietako pilotalekuan jokatuko dituzte Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futboleko Kopako finalak etzi, larunbata. 16:30ean hasiko da lehen partida, A mailako finala. Bidania-Goiatz taldeak, gaur egungo txapeldunak eta aurten ere liga irabazi duenak, Leaburu-Txaramako Uzturre taldearen aurka jokatuko du.

Ondoren, maila bereko hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko dute Ikaztegietako Kutturru A eta Elgeta taldeek.

Hirugarren eta azken partida B mailako finala izango da. Partida hori Itsasondoko Ijitok eta Ikaztegietako Kutturru B taldeek jokatuko dute elkarren aurka.

Behin partidak amaituta, sari banaketa egingo dute, baita zozketak ere. Larunbateko jardunaldiarekin emango diote amaiera aurtengo denboraldiari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!